Euskalduna Bilbao jauregian izango dira, berriro ere, BIME Pro barruko jarduera profesionalak. Sektoreko eragile garrantzitsuak izango dira programazioaren kuradore, urriaren 29an hasi eta 31n bukatu, asteartetik ostegunera.
Parte-hartzaileen artean artista eta profeional bikainak daude, hala nola Scott Cohen, musikaren industriaren bilakaeran aitzindari eta gakoa, JKVXen CEOa; Albert Pla artista katalan polifazetikoa; sari ugari jaso dituen Errollyn Wallen konpositore britainiarra; Maria José Llergo artista, flamenkoan berritzaile eta Goya sari baten irabazlea; Andreas Katsambas, Chartmetric etxeko presidentea; Elijah, marketinean aditua, DJ eta sormen-zuzendaria Make The Tings etxean; Tamsi McLarty, idazlea eta Music Industry Therapist Collective (MITC) kolektiboaren sortzailea; Alexandra Lioutikoff, LATAM eta US Latin presidentea Universal Music Publishing etxean; eta Toni Segarra, sormen-zuzendaria eta bazkide sortzailea Alegre Roca etxean, XX. mendean Espainian izan den sortzaile onenetako bat.
Horrez gain, Kase O raperoak, Nicolai Fella kolonbiarrak eta J Noa dominikarrak rap musikaren iraganari, orainaldiari eta etorkizunari buruz hitz egingo dute; Villano Antillano artista; latinezko musikan emakumeen diskurtsoaren etsipenari buruz hitz egingo duen elkarrizketan; Ana Tijoux, sustapen-formatu berriei balioa emanda; edo Saikoneta proiektuko Andrés Pérez eta Ferni, Saiko artistarekin Espainiako historian inoizko ezagutarazte-kanpainarik onena egin zuen lantaldea.
BIME Pro-n izango dira, halaber, George Drakoulias, Premier Music Groupeko zuzendari sortzailea, Grammy baten irabazlea, eta Barbie, Joker edo Batman bezalako filmen ikuskapen musikalaren arduraduna; Blanca Salcedo, Sony Music Spain etxearen zuzendari nagusia; Itzel González, sustatzailea OCESA etxean eta Vive Latino jaialdian; Michael Vega, CEOa Magnus Talent Agency etxean; eta Lilttle Spain lantaldea eta Toni Segarra solasean arituko dira mugarik gabeko sormenari buruz eta musikaren arloko branding estrategiei buruz. "Lurraldeak" izanik ildo nagusia, honako gai hauen inguruan arituko dira: espainiar musikaren esportazioa eta deskubrimendua, Adimen Artifizialak musikaren arloan duen testuingurua, erabilera eta horri buruzko eztabaidak; zuzeneko musikaren eta kontzertu-aretoen etorkizuna, edo UK-Koreako arrakasta-estrategiak musikaren esportazioari dagokionez, besteak beste.
Fermin Muguruza euskal artista ezagunak ere hartuko du parte BIMEn; izan ere, aurten musikaren munduan 40 urte bete dituela ospatzen ari baita, beti bezala euskara eta euskaldunon nortasuna mundu osoan barrena ezagutarazita. Muguruzak solasaldi batean parte hartuko du: "Muguruza FM 40 Internazionala", Garbiñe Ubeda kazetari tolosarrarekin eta nazioarteko bi artistarekin batera: Tamer Nafar rapero, aktore eta aktibista palestinarra eta Malena D'Alessio rapero, aktibista eta konpositore argentinarra. Azken bi raperoak showcase programan ere arituko dira, BIME Live barruan. Solasaldia euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz izango da, aldibereko itzulpen-zerbitzuarekin, eta Muguruzaren ibilbidea aztertzeaz gain, musikak tresna politikotzat betetzen duen egitekoari eta mundu globalizatu honetan herrien kultur nortasunari buruz ere arituko dira.
Gainera, umoreak ere izango du tartea: La Ruina podcastaren edizio berezi batean, BIMEn akreditatutako profesionalen pasadizoen berri izango dugu, eta Albert Plá artista katalanak ere parte hartuko du bertan.
Aurtengo edizio honetan, lehen aldiz, musika-industriari eskainitako AUPA sariak banatuko dira, ostegunean, urriak 31, Euskalduna jauregian. Ekitaldi bateratzaile eta adierazgarria izango da, musika-industriaren garapenean egindako ekarpenagatik esker ona adierazteko eragileei, beren proiektu berritzaile, arriskatu eta sormenezkoengatik.