Harri-lorategi bat, Mañarian

  • Harri-lorategi bat, Mañarian
    Argazkia: Marcos Morilla

Mañariko Aldebaraieta auzoan dago Angurreta harrobia. 1970eko hamarkadara arte, ustiaketak egin ziren bertan, baina, gaur egun, Angurreta Harrobia Kultur Elkartearen lanari esker, arte-praktika berriak garatzeko espazioa da. 2023tik Tadanori Yamaguchi eskultore japoniarraren "Denboraren aztarnak" instalazioa dago ikusgai. Angurreta Harrobia Arte Espazioaz gehiago jakin nahian, Victor Arrizabalaga margolari eta eskultore mañariarrarekin hitz egin dugu.


Noiz eta nola sortu zitzaizuen 70eko hamarkadatik itxita zegoen harrobi bat kultura-espazio bihurtzeko ideia? Zelakoa izan zen hasierako asmo hura gauzatu bitarteko prozesua?

Harrobia ikusi bezain pronto, artea eta natura gauzatzeko leku aproposa zela konturatu ginen. 2018ko maiatzean harrobia berreskuratzeko lanekin hasi ginen, arte-espazio bihurtzeko.

Argazkia: Marcos Morilla


Non dago, zehazki, Angurreta Harrobia Arte Espazioa? Zer-nolako ezaugarriak ditu inguru horrek?

Mañariko Aldebaraieta auzoan dago, Urkiolako parke naturaletik metro gutxira. Lekua bere edertasunagatik liluragarria da, eta bertatik Durangaldeko mendietako tontor nabarmen batzuk ikus daitezke: Mugarra, Untzillaitz, Eskubaratz, Saibigain...


Ez dira asko izango era horretako lekuak, ezta? Zer abantaila eskaintzen du praktika artistiko berrientzat beste gune batzuekin alderatuta?

Harrobiak hainbat erauzketa-fronte ditu, baita tamaina desberdinetako harri marmolezko blokeak dituzten terrazak ere, zen paisajista batek diseinatua dirudien ordena eta oreka mantentzen dutenak.

Lekua aproposa da arte-praktika berriak garatzeko eta errealitate bihurtzeko abangoardia artistikoek aldarrikatzen zuten artearen eta bizitzaren arteko batasuna.

Argazkia: Marcos Morilla


Zeureak izan ziren han egin ziren lehen esku-hartze artistikoak. Baina, gero, 2023ko maiatzean, Tadanori Yamaguchi eskultore japoniarraren "Denboraren aztarnak" instalazioa inauguratu zenuten. Zergatik Tadanori Yamaguchi? Zer-nolakoak dira Angurreta Harrobia Arte Espaziorako egin dituen piezak?

Bai, lehenengo instalazioak nik egin nituen, eta 2023ko maiatzaren 19an Tadanori Yamaguchiren instalazioa inaguratu genuen. Hasieratik pentsatu genuen harrobia nolabait Japoniako paisajismo tradizionalarekin lotuta zegoela, zehazki lorategi lehorrarekin edo karesansuiarekin, monje zen japoniarrek meditazio-leku bezala erabiltzen zutena. Hori dela eta, iruditu zitzaigun Tadanori pertsona egokia zela espazioa berrinterpretatzeko eta harekin elkarrizketa bat izateko.


Erakusketaren aurkezpenean adierazi zenuten, Tadanori Yamaguchiren lanak hiru urtez egongo zirela ikusgai. Pentsatu duzue gero zer egingo duzuen?

Aurreikuspenen arabera, instalazioa aurten mantenduko da, eta, ziurrenik, baita datorren urtean ere. Gure asmoa ildo horretatik jarraitzea da, eta horretarako proiektu berriak bultzatuko ditugu. Gustatuko litzaiguke Tadanori Yamaguchiren piezaren bat lekuko moduan harrobian mantentzea.


Urte hauetan guztietan, beste era askotako kultura-jarduerak ere hartu ditu Angurreta Harrobia Arte Espazioak. Bide horretatik jarraitzeko asmoa duzue aurrerantzean ere?

Gure helburu nagusia praktika artistiko berriak bultzatzea da, erabat garatzeko erakusketa-espazio ez-konbentzionalak (ez museoak edo galeriak) behar dituztelako. Aldi berean jarduera hori beste kultur ekintza batzuekin osatuko dugu, hala nola kontzertuekin, errezitaldiekin, dantza garaikidearekin...

Beste alde batetik, harrobien ustiapen-sistemak eta -prozedurak gaur egun jendeari ezaguraztea beharrezkoa iruditzen zaigu, antzinako bizimodu zein lanbideen memoria galdu ez dadin.


Arteaz gozatzeko lekua ez ezik, naturarekin eta norbere buruarekin konektatzeko espazioa ere bada Angurreta Harrobia Arte Espazioa. Harrizko lorategi handi baten gisan irudikatzen duzue zuek, eta izen horixe jarri diozue, hain zuzen: Mañariko Harri Lorategia. Zer esaten dizuete bisitariek? Nondik iristen zaizkizue, batez ere?

Bisitarien artean kopuru nagusiena Durangaldekoa, Bizkaikoa eta Euskal Herrikoa da, baina estatuko jende asko eta atzerriko zenbait lekutako pertsonak ere hurbiltzen dira: ingelesak, alemaniarrak, argentinarrak, estoniarrak... Denak harrituta geratzen dira lekuaren edertasunarekin eta Tadanoriren instalazio zoragarriarekin.

Argazkia: Marcos Morilla


Zer egin behar dute Mañariko Harri Lorategia ezagutu nahi dutenek?

Bisita egiteko, aldez aurretik 656738324 telefono-zenbakira deitu behar da edo angurreta@gmail.com-era mezu bat idatzi, eguna eta ordua adosteko.


Atzera begira jarrita, hasierako helburuak betetzen ari dira? Zerekin zaudete bereziki pozik?

Benetan pozik gaude proiektuak izan duen arrakastarekin, eta, bereziki, Angurreta Harrobia Kultur Elkartearen laguntza eta lankidetzarekin.

Argazkia: Marcos Morilla


Eta etorkizunera begira, zein dira Mañariko Harri Lorategiaren erronka nagusiak?

Erronkarik handiena harrobia ezagutaraztea da, eta mota ezberdinetako proiektu berriak bezain interesgarriak sortzea.

Harrobiak, alde batetik, plazer estetikoa ematen du, eta, beste alde batetik, naturarekin harmonian gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du.


(2025eko martxoaren 24an argitaratutako Berezia)