Hainbat jaialditan erakutsi ondoren, apirilaren 25ean helduko da zinema-aretoetara Faisaien irla thrillerra, jendearen kontzientziak astintzeko gogoz. Asier Urbietak aurpegi ezagun asko bildu ditu beren aurreneko film luzean: Jone Laspiur, Sambou Diaby, Itziar Ituño, Jon Olivares, Josean Bengoetxea...
Zer da filmari izena ematen dion Faisaien irla?
Faisaien irla munduko kondominio txikiena da, hau da, frantziar eta espainiar estatuek partekatzen dute haren subiranotasuna. Urte erdian espainola da, eta beste erdian frantsesa. Berez, Bidasoa ibaian sortzen den irla xume eta desabitatu bat da, sekula faisaiek bisitatu ez dutena.
Benetako irla bat izateaz gain, metafora bat da, mugen zentzugabekeria irudikatzen duena.
Argazkia: Nicolás de Assas
Nola sortu zitzaizun filma egiteko ideia?
Egun batean, egunkaria irakurtzen ari nintzela, pertsona bat Bidasoa ibaia zeharkatu nahian ito zela irakurri nuen. Ikertzen hasi nintzen, eta pertsona hori transitoan zegoen pertsona bat zela konturatu nintzen. Afrikatik Europa iparralderako bidean, Bidasoako muga polizia frantsesak itxita zeukalako, ibaira salto egin zuen, beste aldera zeharkatu nahian.
Polizia frantsesak muga itxita dauka, kontrol iraunkorrak egiten ditu, eta jatorri afrikarra edo arabiarra duten pertsonei ez die muga zeharkatzen uzten. Horrek eragin oso dramatikoak dakartza. 2021etik hona 9 pertsona hil dira Bidasoako muga zeharkatu nahian, etorkizun hobe baten bila. Bost, ibaian ito dira; hiru, trenak harrapatu ditu; eta bat, ibaiaren aurrean urkatu da.
Mugarik gabeko Europan, poliziak itxitako muga bat da Bidasoa.
Argazkia: Nicolás de Assas
Zer kontatzen du, zehazki, Faisaien irlak?
Faisaien irla Bidasoako migrazio-larrialdian kokatzen den thrillerra da; bikote-harreman baten haustura-momentu bat aztertzen du, eta identitatearen, justiziaren eta duintasunaren inguruan hausnartzen du. Gizaki gisa munduan dugun jarrera aztertzen du, eta ikusleari hainbat galdera planteatzen dizkio: Norena da lurra? Pertsona bat ilegala izan daiteke beste herrialde batean jaiotzeagatik? Hemen jaio denak beste toki batean jaio denak baino eskubide gehiago ditu?
Lehen ere askotan bidelagun izan duzun Andoni de Carlosekin batera idatzi duzu gidoia. Fikziozko filma den arren, dokumentazio-lan handia egongo da atzean, ezta?
Bai, noski. 2021ean hasi ginen pelikula idazten; ordutik hona dokumentazio-lan handia egin dugu. Elkarrizketak egin ditugu, gaiaren inguruan irakurri dugu, eta mugan barrena ibili gara, gure begiekin egoera ezagutzeko.
Jone Laspiur, Sambou Diaby, Itziar Ituño, Jon Olivares, Josean Bengoetxea... Aurpegi ezagun asko bildu duzu. Nolakoa izan da aktore-taldea aukeratzeko prozesua?
Egia esan, oso naturala izan da. Pelikula Jonerentzat eta Sambourentzat idatzi genuen; hasieratik argi izan genuen protagonistak beraiek izatea nahi genuela. Txabe Atxa casting-zuzendariak Madrilen egindako prozesutik atera ziren Ibrahima Kone eta Rodony Perriere. Itziar Ituñoren, Jon Olivaresen, Josean Bengoetxearen, Aia Krusseren eta Ximun Fuchsen lana aurretik ezagutzen nuen, eta pertsonaiekin ondo zetozenez, beraiekin lan egin nahi izan nuen.
Zure lehen film luzea da. Film luzea behar zuen izan, nahitaez?
Aurretik film laburrak eta serie bat egindakoa naiz, eta istorio honek modu naturalean film luze baten forma hartu du. Gainera, gogo handia nuen zinema-aretoetan kontsumitzeko lan bat egiteko. Zinema-aretoak maite ditut, asko gozatzen dut ikusle bezala: argia itzaltzen da, eta, bat-batean, beste errealitate bat bizi duzu.
Argazkia: Nicolás de Assas
Urte asko daramatzazu publizitatean, eta, jada esan diguzun bezala, film laburrak (Pim Pam Pum eta False Flag, esaterako) eta telesail labur bat (Altsasu) ere egin dituzu. Arras ezberdina al da film luze bat egitea?
Nire kasuan, denbora eta baliabide gehiago eduki ditut nahi nuena egiteko.
Nolakoa izan da proiektua sortzeko eta finantzaketa lortzeko prozesua?
Tentazioa ekoiztetxearekin hasi ginen proiektua garatzen. Eusko Jaurlaritzaren garapenerako dirulaguntza eta EITBren babesa lortu genituen. Hori oso garrantzitsua izan zen eman genituen hurrengo pausoei begira. Jokin Etcheverria izan zen proiektuan sinetsi zuen hurrengoa; bere ekoiztetxearekin, La Fidèlerekin alegia, nazioarteko koprodukzio bat sortu genuen, eta ESCACek antolatzen duen Ópera Prima laborategian hautatu gintuzten. Han, Arcadia ekoiztetxeko Sandra Tapia ezagutu genuen, eta proiektuarekin maitemindu zen; bere eskutik etorri ziren ICAAren eta Movistarren babesa, eta BTeam Pictures eta Latido Films ere pelikulara batu ziren.
Argazkia: Nicolás de Assas
Natural sortu al zen filma euskaraz egiteko erabakia ere? Euskaraz izateak baldintzatu du nolabait proiektua? Ala horrek berak beste balio bat ematen dio?
Pelikula euskaraz egiteko erabakia modu naturalean sortu zen. Istorioa Bidasoako mugan kokatua dago, eta hasiera-hasieratik euskaraz egitea pentsatu genuen.
Göteborgeko zinema-jaialdian izan zen Faisaien irlaren nazioarteko estreinaldia, eta, berriki, Malagan erakutsi duzue. Gainera, apirilaren hasieran Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia inauguratuko du; leku ezin aproposagoa dirudi hau bezalako film bat aurkezteko. Nola baloratzen duzu filmak orain arte egindako bidea eta jendearen feedbacka?
Filma Göteborgeko zinema-jaialdian estreinatzea opari bat izan da; egile-zinemako jaialdi garrantzitsuenetako bat da. Malagakoa erokeria bat izan da; elkarrizketa pila bat egin dugu. Estatuko jaialdi garrantzitsuenetako bat da, eta pelikulari ikusgarritasun handia eman dio. Orain, Bartzelonako D'A jaialdira joango gara, eta, ondoren, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia inauguratuko dugu.
Pelikulak bilakaera oso interesgarria izan du zinema-areto komertzialetan estreinatu baino lehen. Gainera, apirilaren 23an frantziar estatuan estreinatuko da. Oso pozik nago filma egiten ari den ibilbidearekin.
Argazkia: Nicolás de Assas
Apirilaren 25ean iritsiko da gure zinema-aretoetara. Faisaien irlak ikuslea ispilu batean aurrean jartzen du: Zer egingo nuke nik egoera horretan? Ez da erabaki erraza. Jendea zerekin geratzea gustatuko litzaizuke filma amaitutakoan?
Jendearen kontzientziak astindu nahi ditugu, gogoeta bultzatzeko: Zein da gizaki bezala munduan dugun jarrera?, Zein da gure ardura indibiduala? Eta kolektiboa? Gauzak aldatu nahi ditugu? Nola lortu dezakegu?
Une honetan ba al duzu proiektu berririk esku artean? Ala egindako lanaren emaitzarekin gozatzeko unea da orain?
Beste proiektu bat garatzen ari naiz Andonirekin batera. Dena ondo badoa, datorren urtean grabatuko dugu. Orain Faisaien irlaren estreinaldiaz gozatu nahi dugu, eta, paraleloan, gure hurrengo pelikula garatzen jarraitu.
(2025eko martxoaren 25ean argitaratutako Berezia)