Musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako artistei laguntzeko programaren edizio berri honetan, zortzi musika-proiektu eta arte eszenikoetako bi hautatu dira. Guztira, 40 emanaldik osatuko dute 2025eko programazioa. Katapulta Tour Gipuzkoaren 10. urteurrenaren aitzakian, Idoia Aizkorreta Katapulta plataformako irudi eta komunikazio arduradunarekin hitz egin dugu.
Zer da Katapulta Tour Gipuzkoa? Nork bultzatzen du, eta zer helburu ditu?
Katapulta Tour Gipuzkoa musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako artistei laguntzeko programa bat da. 2016an sortu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Kutxa Fundazioaren ekimenez. Ikusi zuten, alde batetik, desoreka nabarmena zegoela Donostia hiriburuan eta Gipuzkoako gainerako udalerrietan egiten ziren jardueren artean, eta, bestetik, Gipuzkoako talentuan potentzial handia zegoela, eta ez zela ari hura babesten eta ikusarazten.
Bi erakundeek lurralde osoari zerbitzu emateko bokazioa dute, eta, helburu garrantzitsuak zituztela jakinda, indarrak batzea erabaki zuten, programa indartsu bat sortzeko. Horrela, eskura dauden baliabideak optimizatzen dira, eta irismen askoz handiagoa lortzen da, biek komunikaziorako eta deialdirako gaitasun handia dutelako.
Programari forma emateko, Buenawista Prolleckziom's Kultur Elkartearen esperientzia handia dute orduz geroztik. Elkarte horrek jarduerak eta zerbitzuak antolatzen ditu 1988an sortu zenetik.
Laburbilduz, programak Gipuzkoa osoko artista emergenteak, profesionalak edo erdi-profesionalak babestu eta ikusarazi nahi ditu, gazteriari arreta berezia eskainiz. Laguntza hori gehien behar duten unean ematen da, industriak benetan itzulera-ahalmen ekonomikoa dutela ikusi eta beren ibilbideen aldeko apustua egitea erabaki aurretik.
Era berean, Gipuzkoako eszena Donostiatik haratago dinamizatzen saiatzen da, programazio egonkorra duten espazioei eta jaialdien antolatzaileei lagunduz, programako artisten emanaldiak eskainiz eta emanaldi horien kostua bere gain hartuz.
Zehazki, zer eskaintzen die artistei Katapulta Tour Gipuzkoa programak?
Hautatutako proiektuei honako hauek eskaintzen zaizkie: alde batetik, 4 emanaldi Gipuzkoako hainbat gune edo jaialditan; horietako bat Kutxa Fundazioaren Kluba aretoa da. Bestetik, 500 euro garbiko konpentsazio ekonomikoa emanaldi bakoitzeko (kontratazio-kostua aparte), baita bideo baten grabaketa ere, artista edo proiektua sustatzeko. Horrekin batera, formakuntza-programa bat ere eskaintzen zaie, eta aukera dute Kutxa Fundazioak Tabakaleran dituen instalazioetan partekatutako entsegu-espazioak doan erabiltzeko (prestasunaren arabera). Eta horrez guztiaz gain, artistak, haien proiektuak eta programaren barruan egiten dituzten emanaldiak hainbat hedabidetan zabaltzen dira, hala nola Katapulta plataformaren web-orrian eta sare sozialetan, bai eta hainbat komunikabidetan ere.
Adierazi behar da 2024ko ediziotik aurrera, prestakuntza hori deialdian izena ematen duten proiektu guztiei eskaintzen zaiela, eta ez bakarrik hautatutako artistei. Horren ondorioz, programaren onuradun diren sektore honetako pertsona gehiago daude.
Bereziki garrantzitsua dirudi eskaintzen duzuen prestakuntza-programak, artisten profesionalizazio-bidean lagun baitezake. Zer arlo lantzen dira saio horietan?
Bai, horixe da ideia. Prestakuntza-programak sorkuntza artistikoaren erdigune izan ez arren proiektuak epe ertainean eta maila profesionalean bideragarriak izan daitezen funtsezkoak diren arloak biltzen ditu. Zehazki, komunikazioa eta sustapena, eszenografia, ekoizpena eta ekonomia eta fiskalitatea dira.
Tailerrak Kutxa Fundazioak kudeatzen ditu, eta arlo bakoitzean nabarmendutako profesionalek ematen dituzte Tabakalerako instalazioetan.
(Aurten hautatutako 10 proiektuak)
Otsailaren 25ean aurkeztu zenituzten aurtengo ediziorako hautatu dituzuen 10 proiektuak. Aukeraketa ez zen batere erraza izango...
Egia esan, ez da batere erraza izan. 2025eko deialdi honetan 128 musika-proiektuk eta arte eszenikoetako 20k eman dute izena, eta guztiek ere kalitate azpimarragarria izan dute.
Musikan, epaimahaiak honako artista hauek hautatu ditu: Ane Leux, Bobbi Relac, Lemak, Luke Armstrong, Malko, Nuria Culla, Peachy Joke eta Suite Seda. Arte eszenikoetan, berriz, Hau da dena y Twobascos ikuskizunak aukeratu ditu.
Zer esan diezagukezue, labur-labur, proiektu bakoitzari buruz?
Ane Letamendiaren musika-proiektu pertsonala da Ane Leux. Ibilbide luzea duen kantautore donostiarra da, eta proiektu intimo bat aurkezten du. Autore-rocka, leuntasuna eta intentsitatea eta ahots-melodiak, sustraiak 90eko hamarkadako erreferenteetan hondoratzen dituztenak.
Bestalde, Bobbi Relac (Errenteria - Irun) 90eko hamarkadatik musikaren panoraman ondutako musikaria da. Bere musika fintasunez artikulatzen da, ironiaz eta umorez inguratuta, baita ere folk-akordez, blues-notez, pop-irribarrez, rock heterodoxoaren haizez eta jantzi psikodelikoz.
Lemak taldeak (Bergara - Antzuola) 2021an kaleratu zuten lehen diskoa, eta 2024an bigarrena, zuzenekoetan transmititzen duten energia guztia islatuz. Mondosonoro aldizkariak urteko euskal EP onenen artean hautatu du.
Luke Armstrongek musika garaikidea, bluesa eta folk tradizionala batzen ditu. Bere errepertorioak konposizio propioak biltzen ditu, genero horietako zenbait bertsio adierazgarrirekin batera; horien artean Erresuma Batuko eta Euskal Herriko kantu tradizionalak.
Malkok (Oñati) 2024an kaleratu zuen lehen diskoa: Esan ez direnak. 10 abestiko bilduma horrek mota ezberdinetako kantuak batzen ditu, batzuk gogorragoak eta beste batzuk samurragoak, beti ere rock doinuak oinarri hartuta. Urte horretan, gainera, Gaztea Maketa lehiaketa irabazi zuen.
Nuria Culla abeslari, gitarrista eta konpositore donostiarra da. Gitarra klasikoko Gradu Profesionala ikasi zuen Donostiako Kontserbatorioan eta jazz-kantuko Goi Mailako Gradua Musikenen. 2018an “Lluvia de marzo en Venecia” izeneko lehen EPa argitaratu zuen, eta orain bere lehen disko luzea aurkezten digu: Hamaika gau.
Hiru disko eta bi EP argitaratuta eta Festimad eta Rock Villa de Madrid bezalako lehiaketetan sariak jasota, Peachy Joke laukote tolosarrak hamar urte baino gehiagoz eszenatokiak konkistatu zituen, emanaldi zirraragarriekin, eta, ondorioz, izen handiko artistekin kartela partekatu zuen. Orain, soinu helduago eta esploratzaileago batekin dator, publikoa harritzen jarraitzeko gogoz.
Eta musika-arloarekin bukatzeko, Suite Seda daukagu, jam sessions-etan jotzen elkar ezagutu zuten 5 lagunek osatutako talde donostiarra. 2023an, funk, soul eta disko-musikara bideratutako musika-proiektua osatu zuten. 2024an hainbat single argitaratu ondoren, uda amaieran argitaratuko duten iraupen luzeko lehen EPrako abestiak prestatzen ari dira gaur egun.
Arte eszenikoetan, Amalia Elorzak eta Joan Ferré Gómezek (Hernani) esker onaren kontzeptuari buruzko ikerketa eszenikoa eskaintzen digute Hau da dena ikuskizunean. Eskertzeko, eskaintza egiteko eta aintzatesteko gogoeta artistiko eta kulturala.
Eta, bestalde, Alain Zulaikak eta Sergio Martínezek (Elgoibar) Twobascos aurkezten digute, ezinezkoen ikuskizun bat, magian oinarritua eta euskaraz eta gaztelaniaz egina. Barrez, izuz, harriduraz, misterioz eta liluraz betetako 75 minutu.
10 urte bete ditu Katapulta Tour Gipuzkoak. Zenbat proiekturi eman die laguntza programak urte hauetan? Zelako ondorioak atera daitezke proposamenen jatorriari, hizkuntzari, estiloari eta artisten adinari eta sexuari erreparatuta?
Programaren 10 edizio hauetan, musikako 96 proiekturi eta arte eszenikoetako 28ri lagundu zaie, guztira 124 proiekturi. Orain arte (2025ekoak kontuan hartu gabe) 390 emanaldi programatu dira, 280 ekitalditan banatuta, eta horrek programaren dimentsio garrantzitsuaren berri ematen du.
Gainera, oso azpimarragarria iruditzen zaigu 802 artista desberdinengandik jasotako inskripzio-kopurua, 1.175 guztira (907 musikan eta 268 arte eszenikoetan). Horrek erakusten digu, alde batetik, Gipuzkoaren bizitasun sortzailea eta, bestetik, artistek beharra sentitzen dutela eta benetan baloratzen dutela programak eskaintzen duen laguntza.
Izen-emate horietan oinarrituta, ondoriozta dezakegu, hiriburuaz gain, Gipuzkoa osoan proposamen oso interesgarri ugari sortzen ari direla: % 55 Donostiatik kanpo dauden proiektuei dagozkie (647). Gainera, proiektu gehienetan euskara dago % 56 (658) eta gazteek parte hartzen dute —proiektuen % 51n hogeita hamar urtetik beherakoek parte hartzen dute (600)—, eta proiektuen ia erdietan emakumeek parte hartzen dute % 48 (561) .
Aukeraketa egiterakoan, proposamenen kalitatea kontuan hartzeaz gain, oreka mantentzen saiatu da epaimahaia, bai lurraldeari dagokionez, bai generoari eta euskararen presentziari dagokienez.
(10 urte hauetan 124 proiekturi lagundu die Katapulta Tour Gipuzkoak)
2023ko edizioaz geroztik, nabarmen egin du gora aurkeztutako proiektuen kopuruak. Zeri zor zaio hazkunde hori?
Hala da. 2022ra arte, Kutxa Fundazioak laguntza-programa propio bat zuen, eta, horretarako, deialdi independente bat egiten zuen. Deialdi hartan hautatutako artistek Katapulta Tour Gipuzkoan parte hartzeko aukera izaten zuten. 2023tik aurrera, Katapulta Tour Gipuzkoan sartu ziren Kutxa Fundazioak hautatutako proiektuek lortzen zituzten onurak —hala nola prestakuntza, Kutxa Fundazioaren entsegu-lokaletarako sarbidea eta Kluba aretoko emanaldiak—, eta deialdi bakarra egiten da. Horrela, Katapulta Tour Gipuzkoak Foru Kultura Departamentuaren babesa dauka, eta artistentzat are indartsuagoa eta erakargarriagoa bihurtu da.
Programaren izenak berak dioen bezala, Katapulta Tour Gipuzkoa katapulta edo tranpolina izan da gaur egun erreferente diren artista askorentzat. Horrek ere animatuko ditu belaunaldi berriak izena ematera, ezta?
Dudarik gabe. Edozein modutan, izena ematea baino gehiago interesatzen zaiguna da programaren bidez artista gehiagok ikustea posible dela aurrera egitea, jatorria edo baldintza edozein izanda ere, artisten belaunaldi berrientzat inspirazio-iturri izan dadin.
Izaro, Idoia Asurmendi, Antía Muiño, Raitx, Sara Zozaya, Ezpalak, Ithaka, Sergio Arróspide, Mikel Bermejo... gaur egun nabarmentzen ari diren artisten adibideak dira, eta Katapulta Tour Gipuzkoa programatik pasa ziren. Beti egiten digu ilusioa proposamen artistiko berriak aurkitzeak.
(2024ko edizioaren laburpena)
Atzera begira jarrita, nola baloratzen duzue egindako bidea?
Egia esan, lan-taldean oso gustura gaude, bai parte hartu duten artisten kalitateagatik, bai programak hartu duen tamainagatik eta irismenagatik. 10 urte geroago, ikusten dugu programak inoiz baino indar handiagoa duela eta egiten dugun lanak aukera handiak ematen dizkiela lurraldeko artistei, horrek lurraldearentzat duen onurarekin.
Eta zein dira Katapulta Tour Gipuzkoaren erronka nagusiak hurrengo urteetarako?
Erronka nagusia kontsumo, sorkuntza eta proposamen artistikoen joera berrietara egokitzea da, eta baita ere parte hartzen duten artistek edizio bakoitzean planteatzen dizkiguten beharrei erantzutea. Horrela, ahalik eta programa eraginkorrena eta garrantzitsuena eskaini dezakegu.
(2025eko apirilaren 16an argitaratutako Berezia)
Informazio gehiago hautatutako proiektuei buruz: https://katapulta.org/eu/katapulta-tour-gipuzkoa-artistak/