"Joseph Hiriart, Art Déco-aren maisu. Arkitektura-bidaia Lapurditik Tunisera (1925-1936)"

  • "Joseph Hiriart, Art Déco-aren maisu. Arkitektura-bidaia Lapurditik Tunisera (1925-1936)"

Tunisiako iparraldean kokatzen da Tunis. Kartago antzinaroko hiritik hurbil eta Siziliako itsasertzetik 150 bat itsas miliara. Mendebaldean, bere Medinaren bizkarretik, Sebkha Sedjoumi lakua dauka, eta ekialdetik, Bahira zingira, zeina bere muturrean irekitzen baita Goletako kanalaren bidez, Tunisko golkoarekin eta Mediterraneo itsasoarekin bat egiteko. Bi hiri hartzen ditu bere baitan: Medina arabiarra eta hemeretzigarren mendetik aurrera zingira-lurren gainean eraikiriko hiri europarra. Azken honi Frantziaren enbaxadak eman zion hasiera 1862an. Enbaxada eta Medina lotzeko, Promenade de la Marine pasealekuaren lehen zatia zabalduko zen laster. 1881ean, herrialdea Frantziaren menpeko Protektoratua bilakaturik, bizkortu egin zen hiri kolonialaren eraikuntza, zoru-azalera handi bat irabaziz eta zingira-lurrak drainatuz eta betez. Promenade de la Marine zena, Avenue de Paris deituko zen aurrerantzean, eta pasealekuaren gainerako zatiak berriz, Avenue Jules Ferry izena hartuko zuen, Frantziaren kolonialismoaren aitzindariari omen eginez. Frantziarren agindupean baina italiar komunitatearen bultzadaz, hiri europar handi bat sortuko zen, Medinaren antitesi baten gisara: hala nola Medina harresien barneko hiri gotor eta kale bihurriz osaturikoa zen, hiri europarra kuadrikula garbi baten arabera izango zen antolatua.

Hemeretzigarren mendean, Art Nouveau estiloa izango zen nagusi; Gerla Handiaren ostean (1914-1918), aldiz, aniztasun estilistikoa izango zen araua; han eta hemen, era guztietako eraikin ederrak altxatuko ziren: eklektizistak, arrazionalistak, orientalistak edo Art déco estiloan egindakoak. Multzo horretan, bada zuzenean deitzen gaituen arkitektura-lan sorta bat: Joseph Hiriart baionarrak (1888- 1946), noiz Parisko bulegotik, noiz Tunisko Bretainia kaleko bulegotik, proiektaturiko hainbat eraikin: Jules Ferry etorbideko etxebizitza blokea (1930), Assurances Génerales etxebizitza blokea (1934), Carnot Lizeoaren zabalpena (1935), eta Schwich et Baizeau eraikina (1936); Art déco estiloan den-denak.

Liburu honek arkitektura-bidaia egiten du, zeina Hiriartek Lapurdin egindako lanetatik abiatzen baita, eta Tunisko hiriko lanekin amaitzen. Azken hauei dagokienez, ikuspuntu bikoitz batetik erreparatzen die: alde batetik, kolonialismoaren emaitza eta arabiar hiriaren azpiratze prozesuaren lekuko diren neurrian; eta beste aldetik, arkitektura arrazionalistaren eta Art Déco arkitekturaren artean bizi izandako gatazkaren erakusgarri diren aldetik.

Lauren Etxepare (Irun, 1972)

Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan egin zituen ikasketak, 2000. urtean amaituta. 2002an hasi zen irakasle, eskola hartan bertan, eraikuntza arloko ikasgaiak ematen. 2008an amaitu zituen doktorego-ikasketak unibertsitate berean. Irakasle Agregatua da 2012az gero, eta Arkitektura Saileko Zuzendaria izan zen (2010-2015). Gaur egun Arkitekturaren Oinarrietako Graduan da irakasle, eta baita bi masterretan ere: Arkitektura Masterrean, eta Eraikitako Ondarearen eta Eraikinen Birgaitze, Zaharberritze eta Kudeaketa Masterrean; azken honi loturiko Doktorego programan ere, tesi-zuzendari jardundakoa da.

Eraikuntza sistemen inguruan ikertu izan du: Donostiako zabalguneko etxeen eraikuntza eta narriadura, Marcel Breuer eta kideek Baionako ZUP auzunea eraikitzeko baliaturiko sistemak, eta zer nola eraiki izan ziren, gurean, hogeigarren mendeko etxeak. Badu, nolanahi ere, bigarren ikerketa-ildo bat: hogeigarren mendeko arkitekturaren historia; horren baitan argitaratu zuen Luis Vallet de Montano (1894-1982). Arkitekturaren ertzak eta mugak liburua (Fernando García Nieto-rekin batera, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak 2015ean argitaratua). Bigarren ildo honi zor zaio esku artean duzun liburua. Egileak seihileko sabatikoa eskaini zion Hiriartek Tunisen egindako lanak ikertzeari, eta 2019ko otsailean egon zen Tunisian, etxeak bertatik bertara aztertzen eta artxibategietan arakatzen.

Erosi Joseph Hiriart, Art Déco-aren maisu. Arkitektura-bidaia Lapurditik Tunisera (1925-1936) liburua

UPV/EHU

En breve

  • Autoría Lauren Etxepare Igiñiz
  • EditorialUPV/EHU
  • Precio10,00 €
  • IdiomaEuskera
  • Número de páginas108
  • Año de publicación2020
  • ISBN978-84-1319-169-0