2024ko uztailean hamar urte bete ziren Álex Angulo aktore handia zendu zenetik. Duela gutxi, 8 urteko lan neketsuaren ondoren, Mayda Zabalak –haren alarguna– eta Esther Velascok La Maleta de Álex Angulo jarri dute martxan. Webgune horrek Álex Angulo aktorearen dokumentu-ondarea jasotzen du, baina artxibo pertsonal bat baino askoz gehiago da. Euskadiko arte eszenikoekin lotutako 5.000 dokumentu baino gehiago ditu (1965 eta 1995 artekoak), eta, beraz, ezinbesteko tresna da euskal antzerki profesionalaren hastapenak ezagutzeko. Maydarekin eta Estherrekin hitz egin dugu, eta aurreratu digute uda honetan hasiko dela izen bereko film dokumental luze baten grabazioa.
Zer da La maleta de Álex Angulo? Nola sortu zen proiektua?
La Maleta de Álex Angulo plataforma digital dinamikoa da, etengabe eraikitzen ari dena. Aktorearen dokumentu-ondarea jasotzen du. Ez da soilik Álexez hitz egiten, zinema- eta telebista-lanengatik ezaguna den aktoreaz. Askoz gehiago da.
Azpimarragarriena Euskadiko arte eszenikoen munduarekin lotutako 5.000 dokumentuak dira, 1960-70-80-90eko hamarkadetakoak. Urte haietan Álexek Cómicos de la Legua eta Karraka antzerki-taldeekin lan egin zuen.
Proiektu honekin, leiho bat irekiko dugu espazio digitalean, XX. mende amaierako antzerki-sorkuntzaren eta -ekoizpenaren azterketa eta ikerketa errazteko. Urte haietan eman zen profesionalizaziorako urratsa hemen, Euskadin.
"Premiazko" beharra sortu zen Álex Angulo aktorearen dokumentu-ondarea digitalizatzeko eta, horrela, web-aplikazioan ikusgai jartzeko. Ezin genuen utzi hain baliotsua zen dokumentazioa galtzen.
8 urte daramatzagu lanean. Puzzle erraldoia muntatzea bezalakoa izan da, katalogatu gabeko dokumentazio ikaragarria zegoelako. Oso arakatze-lan zorrotza egin dugu testu eta dokumentu askoren egileak dokumentatu, datatu eta esleitu ahal izateko.
Zer dauka maleta horrek? Nola dago katalogatuta informazioa?
Bi eduki-mota ditu. Guretzat alderdirik baliotsuena paperezko dokumentu guztiak erreskatatzea da, 1965etik 1995era arte, eta, bestalde, Álexek zineman eta telebistan egiten zituen lan guztiak, digitalizatuta zeudenak eta Internet bidez zirkulatzen zutenak.
Lana lau fasetan garatu dugu: material guztia biltzea, katalogatzeko; ikertzea, datatzeko eta dokumentatzeko; digitalizatzea; eta, azkenik, web-plataforman jartzea.
Fitxa bakoitzak deskribapen bat du, eta bertan argazkiak, kartelak, testuak, gutunak, bideoak eta audioak daude. Hiru atalen bidez bila daiteke: Dokumentuak, Hemeroteka eta Bitxikeriak.
Tripontzi eta Tiburtzi (Cómicos de la Legua, 1976)
La Maleta de Álex Angulok ibilbide kronologikoa planteatzen du Álex kide izan zuten antzerki-taldeetan barrena, Álexen parte-hartzea izan zuten beste proiektu batzuk (batez ere zineman eta telebistan) ahaztu gabe. Baina artxibo pertsonal bat baino askoz gehiago da, ezta?
Álex Angulo aktoreak, zinemaren eta telebistaren historia izatera iritsi baino lehen, kilometro asko egin zituen Bilbotik, furgoneta kalamastretan. Bira ugari 70, 80 eta 90eko hamarkadetan Cómicos de la Legua eta Karraka antzerki-taldeekin. Antzerki-talde horiekin egindako sorkuntza artistikoa nabarmena izan zen garai zailenetan, eta moldeak hautsi zituen. Urte haietan, antzerki-talde independente eta ibiltariek ikuskizunak modu erdi-profesionalean eta, batzuetan, klandestinoan ekoitzi behar zituzten, 1976an profesionalizatzeko jauzia egin arte. Ia baliabide ekonomikorik ez zuten urte haietan, ikuskizunak sortu, ekoitzi eta banatzeko moduak kontratazio-mota aitzindariak garatzera eraman zituen, zentzu askotan. Eta horrexegatik da artxibo pertsonal bat baino askoz gehiago.
Pase sin llamar (Karraka Kolektiboa, 1981)
La Maleta de Álex Angulo "artxibo bizia” da. Zer esan nahi du horrek?
Esan nahi du gustura hartuko dugula material berria eman nahi duten pertsona ororen lankidetza, baldin eta materiala dagoeneko digitalizatuta badago, eta, horrela, informazioa osatzen jarraituko dugu. Jada jaso dugu lehendik geneukana osatzen duen material berria. Orain arte, bi kartel, hamar bat argazki, bideoak eta soinu-fitxategi bat jaso ditugu, Alexen elkarrizketa batekin. Baldintza bakarra jarriko dugu: digitalizatuta egotea. Pdf, jpg, mp3, mp4 formatuko fitxategiak izan daitezke.
Webgunean helbide elektroniko bat dago gurekin harremanetan jartzeko: alex@lamaletadealexangulo.eus
Karraka Kolektiboa, Bilbao Bilbao ikuskizunaren biran (1984)
Hortaz, zerbait handiagoaren hazia izan liteke...
Álexek zerbaitegatik gordetzen zuen hori guztia, eta gure asmoa da euskal antzerkiaren memoria aztertzen laguntzea eta iraganean gertatutakoa ulertzeko oinarriak ezartzea. Ondare horrek irauten duela bermatu nahi dugu, gaur egun inspirazio- eta ezagutza-iturri izan dadin.
Gure proiektuaren bidez, Euskadiko Arte Eszenikoen Artxibo Digitala sortzeko premia azpimarratu nahi izan dugu. Erakunde publiko eta kulturalak "lotsaz gorritzeko" modu diskretu eta dotorea da. Gogoan hartu beharko dute.
Bilbao Bilbao diskoa (Karraka Kolektiboa eta La Otxoa, 1984)
Álexen kideen testigantzak ikustea nahikoa da haren ondarea lanbideaz harago doala konturatzeko. Nola gogoratu beharko genuke Álex?
Álex «komiko-antzerkizaleen» eskolatik zetorren, eta han denek egiten zuten dena; horregatik, lantalde guztiekiko zuen eskuzabaltasuna eta aintzatespena. Zineman, telebistan, irratian eta antzerkian egindako ibilbide osoan zehar, bere konpromiso eta dedikazio izugarriaren arrastoa utzi du, gehiegi nabarmendu gabe.
Gustura zegoen errealizadore berriei film laburrekin laguntzen. Irratiko soinu-fikzioak formatu gogokoenetako bat ziren berarentzat. Filmaketen atsedenaldietan, oso ohikoa zen taldekoekin hitz egiten eta ogitartekoa partekatzen ikustea: elektrikariak, makillajea, attrezzoa, jantziak, produkzioko laguntzaileak...
Oficio de tinieblas (Karraka Kolektiboa, 1984)
La Maleta de Álex Angulo ekimenaren barruan, izen bereko proiektu zinematografiko bat lantzen ari zarete. Zer aurreratu diezagukezue?
Álex Angulori buruzko dokumental luzea Larrua Creaciones enpresaren proiektua da, Alejandro Cortés Calahorrak idatzia eta zuzendua. Udan hasiko da filmaketa.
Ba al duzue etorkizunera begira zerbait gehiago pentsatuta?
Web-plataforma gaztelaniaz dago. Oso garrantzitsua izango litzateke euskarazko bertsioa izatea.
(2025eko apirilaren 11n argitaratutako Berezia)