Joan den urtarrilaren 28an ireki zituen berriro ateak Rekalde Aretoak, instalazioak hobetuta eta arte-bitartekaritzari eta -hezkuntzari begiratu berria emanda. Aldaketa hori Iparragirre kaleko sarrera berriarekin hasten da, Rekalde Aretoa hiriko beste kultura-erakunde batzuekin lotzen baitu. Aretoko zuzendari Alicia Fernandezekin hizketan egon gara, etapa berri honetako erronka nagusiei buruz.
Rekalde Areto berritua kulturaren arloko hainbat eragilerekin egindako gogoeta luzearen emaitza da. Zeintzuk izan dira berritzearen gakoak?
Sarrera berria Iparragirre kaleko 21. zenbakian jarri zela aprobetxatuz, 2022tik 2024ra bitartean Atea Prozesua jarri genuen abian, entzute estrategiko dinamizatua, proiektuaren aurrerabidea elikatzeko. Erronka berriei aurre egiteko helburuz, Rekalde Aretoak bere tokia aldarrikatzen du, praktika artistiko garaikideen bidez gozatzeko eta ikasteko espazio publiko denez.
Bitartekaritzara eta arte-hezkuntzara gehiago bideratutako ikuspegia eman nahi izan diozue zentroari. Zergatik? Nola egingo duzue hori?
Bitartekaritza izan da orain arte, baita orain ere, Rekalde Aretoari eusten dion ardatza, bizkarrezurra, egungo praktika artistikoak gizartera hurbiltzeko asmoz. Rekalde Aretoak hezkuntzarekiko irrika dauka, eta jendeak artea ezagutzea ez ezik, artea bizitzea nahi du. Guk egindako dena, jarduera, tailer, topaketa eta abar, jendeak esperientzia didaktiko baliagarri eta gustukoa jasotzeko da.
Zer tresna pedagogiko eta bitartekaritza eskaintzen ditu Rekalde Aretoak arte garaikidea publiko guzti-guztiei hurbiltzeko?
Gaur egungo adierazpen artistikoa gozatzeko irizpide propioa eduki dezatela nahi dugu, eta horretan laguntzeko tresnak ematen dizkiegu. Baditugu hainbat bisita komentatu, baita tailerrak eta topaketak ere (artistekin nahiz erakusketetako eragile protagonistekin aritzeko), era askotako taldeen interes eta premia bereziei arreta emateko programak, eta, nola ez, talde parte-hartzaileetako arduradunekin batera antolatutako ekintzak.
Adibidez: "Cancha Libre", gazteentzat, "Arte eta Memoria", 60 urtetik gorakoentzat, edo "Laino Artean", artearekin eta teknologiarekin esperimentatzeko programa. Familia guztia hartzen dugu kontuan. Eskoletarako (Haur Hezkuntzatik Batxilergora) ibilbideak diseinatu ditugu erakusketak ikusteko, eta, aurten hasita, material didaktiko berri bat jarriko dugu martxan Lehen Hezkuntzako irakasleentzat, gure erakusketak ikasgelan lantzeko.
Elkarte, artista eta erakunde akademikoekin lanean gabiltza, epe luzerako proiektuak mamitzen, jendeak aukera izan dezan arte-sorkuntzako proposamenetan parte-hartzeko, buru-belarri.
Nola geratu dira instalazioak? Zer beste aukera eskaintzen dute?
Sarrera berriak norabide-aldaketa handia dakar: aretoari buelta eman diogu, eta, horri esker, Rekaldek beste kultura-erakunde batzuekiko kokapen eta lotura handiagoa izango du aurrerantzean: Arte Ederren Museoa, Guggenheim, Azkuna Zentroa, BilbaoArte. Horiek guztiak Bilboko eta Bizkaiko kultura-eskaintzaren zutabe aktiboak dira, eta haiekin eskuz esku lanean aritzen gara beti.
Hortaz, euskal arte garaikidea hedatzeko plataforma sendoagoa izango da aurrerantzean aretoa, ez da hala?
Bai, baina beti hurbiletik, eta bitartekaritza kulturaletik abiatuta; zehazki, bitartekaritza artistikotik. Alegia, gure asmoa aurrerago doa, eta proposamen plastikoak publiko orokorrak ulertzeko moduan jartze hutsa baino gehiago egingo dugu. Kultura-bitartekaritzaren barruan obren eta publikoen artean gertatzen diren esku-hartze eta harreman ugari biltzen dira-eta.
Kultura-erakundeen ikuspegitik, arte-bitartekaritza funtsezkoa da kulturaren demokrazia sustatzeko: arteak eta kultura benetan eskuratzeko aukera erraztu nahi du, eskurago jarri, herritarrek errazago hartu dezaten parte bai gizartean bai eztabaida garaikideetan.
Goraka ari den eszenak abaila hartzeko lekua ere izango da, noski.
Rekalde Aretoaren historian, eszena berriak eta goraka datorrenak beti izan dute aukera jendaurrean agertzeko. Orain ere halaxe izango da, "Barriek" programaren bidez. Programa horrek Bizkaiko Foru Aldundiaren arte-sorkuntzarako bekak jaso dituzten sortzaileak aukeratzen ditu bistan jartzeko. Site projects delako erakusketak dira, aretoari dinamismoa ematen diotenak eta jarduera paralelo esperimentalagoak sortzekoak.
Juan Carlos Eguillorren erakusketa bat inauguratu berri duzue, irailaren 28ra arte egongo dena ikusgai. Nolakoa da?
Juan Carlos Eguillorrek (1947-2011) egindako lanaren panorama zabala eskaintzen du erakusketak, lehen aldiz. Aukera paregabea da, errepikaezina eta apartekoa, sortzaile polifazetiko honen lanak ikusi eta ospea emateko. Gainera, Garikoitz Fraga Angoitiaren kuradoretza dugu erakusketa honetan, sei urtez bere lanak ikertu, hautatu eta berreskuratzeko lan sakona egindakoa bera.
"Laberinto" du izena, eta Eguillorrek ohiko zituen gaien arabera antolatuta dago, ezagunenetik hasita (besteak beste, Mari Aguirre, Miss Martiartu eta Abuelita pertsonaia aski ezagunak), baina alde batera utzi gabe sorkuntza-lan pribatuenak eta hain ezagun ez direnak.
Beharrezkoa zen Juan Carlos Eguillor artistaren lanaren berrikuspena egin, eta berriro guregana ekartzea: komiki-marrazkilaria, umorista grafikoa, kartelgilea, liburu, aldizkari eta egunkarietako ilustratzailea, haurrentzako ipuinen idazlea, zinema eta telebistako gidoilaria, eszenografoa, bideoartearen eta arte informatikoaren aitzindaria... ez zen nolanahikoa.
Zer gehiago prestatu duzue hurrengo hilabeteetarako?
Urrian, berriz ere "Barriek" ekimenari helduko diogu, zenbait artista hasiberrirekin, eta, ondoren, Rut Olabarri (Getxo, 1963) margolariaren lanaren lehen berrikuspena egingo dugu; gero, Nicholas Nixon (Detroit, 1947) argazkilariaren atzera begirakoa erakutsiko dugu, bere serie garrantzitsuenak ibilbide kronologikoan jarriz, besteak beste, Brown ahizpen multzo ezaguna, berrogei urte baino gehiago daramana osatzen.
Eta etorkizunari begira, zer erronka planteatzen dituzue arte garaikidearen inguruko topaketa, hausnarketa eta ikaskuntza lantzeko?
Etapa berri honetan, Rekalde Aretoan elkarrizketa, gozamena, gogoeta, parte-hartzea, iritzia, azterketa eta analisia indartu nahi ditugu, era guztietako jendeari erakusteko arte garaikidea zer den, hurbilarazteko. Gaur egungo joerak nondik nora doazen jakin dezaten, pentsamendu eta espiritu kritikorako gunea eskaintzen dugu, artearen eta kulturaren espazio eraldatzailea. Hartara, etorkizunean parte hartzeko leku ezin hobea izango da Rekalde. Paul Valeryk zioen etorkizuna, ziurtasunik gabea denez, kezka- eta arazo-iturri zitzaiola, baina guretzat ez da horrela, guk ilusioz eta irrikaz begiratzen diogu.
(2025eko martxoaren 5ean argitaratutako Berezia)