Musika Bulegoak 10 urte bete ditu. Azkenaldian aldaketa-prozesu sakon batean murgilduta egon ondoren, prest dago Euskal Herriko musika-sektoreari bere eguneroko jardunean hobeto laguntzeko. Aldaketa hori islatzen du aurkeztu berri duen irudi korporatibo berriak. Orain arte egindako bideaz eta etorkizuneko erronkez hitz egin dugu Iker Duranarekin, Musika Bulegoaren gerentearekin.
Zer da Musika Bulegoa? Nola sortu zen? Zer helbururekin?
Musika Bulegoa orain 10 urte jaio zen, prozesu luze baten ondoren, Euskal Herriko musika-jarduera sustatzeko eta hobetzeko sektoreen lankidetzarako proiektu estrategiko gisa. Lau elkarteren eskutik sortu zen: Musikagileak (Euskal Herriko Musikagileen Elkartea), Musikari (Euskal Herriko Musikarien Elkartea), Kultura Live (Euskal Herriko Musika Aretoen Elkartea) eta MIE (Musika Industriaren Elkartea, sektoreko enpresa ugari barne hartzen dituena).
Nahiko proiektu berritzailea izan zen, ez baitago Musika Bulegoa bezalako beste erakunderik munduan; badira antzekoak, baina ez dago honek bezala musikaren sektore guztia batzen duenik.
10 urte hauetan, normala den bezala, hainbat kontu egokitzen joan gara, eta, 2022an, plan estrategiko bati hasiera eman zion elkarteak. Iazko urte hasieran amaitu zen, eta argi geratu zen Musika Bulegoaren egitekoa zein den: Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musikaren presentzia balioestea eta indartzea. Lau helburu zehaztu ziren: batetik, Euskal Herriko musika sustatzea eta hobetzea, bere aniztasunean, kalitatean eta profesionaltasunean oinarrituta; bestetik, musikaren sorkuntza, ekoizpena eta sustapena zabaltzea eta babestea; hirugarrenik, musikarekiko ezagutza, prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzea; eta, horrekin guztiarekin batera, euskarazko musikaren presentzia indartzea.
Kultura Auzolanean planaren baitan proiektu estrategikoetako bat da Musika Bulegoa, Eusko Jaurlaritzarekin harreman estua daukana, eta pozik gaude orain arte egindako ibilbideaz.
Nolakoa izan da urte hauetan Musika Bulegoaren bilakaera?
Bidea konplexua izan da. Aipatu dudan bezala, batetik, proiektu berritzailea izan zelako bere garaian, eta, bestetik, interes eta behar ezberdinak zituzten lau elkarte batu zirelako proiektua martxan jartzeko. Beraz, oreka bilatu behar izan da, eta, horretarako, eztabaida eta hausnarketa ugari egon da —oraindik ere badaude eta aurrerantzean ere egongo dira—. Baina uste dut 10 urteren ostean erakundea sendo dagoela eta bere eskaintza eta antolaketa norabide egokian doazela.
Prozesu zaila izan bada ere, hein batean, aberasgarria ere izan da, hazkunde bat egon delako, guztiok elkarrekin ikasi dugulako eta gerora ere elkarrekin ikasten jarraituko dugulako.
Zein izan dira lehen hamarkada honetako erronka nagusiak Musika Bulegoarentzat? Eta etorkizunekoak zein dira?
Beharbada, 10 urte hauetan oso zentratuta egon gara erakundean bertan, baina iaztik gure erronka nagusia da sektorea erdigunean jartzea, sektoretik hurbilago egotea, sektoreak argi izatea Musika Bulegoa zer den. Sektorearen eguneroko jardunerako tresna lagungarria izatea da Musika Bulegoaren funtsa.
Horretarako, dena aldatu dugu: sistema, lantaldea eta antolaketa. Lanean ari gara, eta espero dugu bide berri hau eraginkorra izatea eta sektorearentzat bidelagun izatea. Pazientzia pixka bat beharko da, noski; aldaketak egitea kosta egiten da.
Urte hauetan era guztietako gertakariak izan dira, tartean pandemia bat ere bai. Zein izan dira elkartearentzat eta euskal musikaren sektorearentzat mugarri esanguratsuenak?
Pandemia bera mugarri bat izan zen, gehienbat kanpora begira, eta uste dut sektoreak nahiko ondo erantzun ziola egoerari. Oso momentu zailak izan ziren, baina, hurrengo urteetako bilakaera zein izan den ikusita, argi dago sektorea azkar egokitu zela egoera berrira, eta pentsatzen dut hor Musika Bulegoa lagungarri izan zela sektorearentzat, bereziki pandemiaren hasieran.
Baina, aurrez, 2019an, beste mugarri bat egon zen: hasierako lau urteetan idazkaritza tekniko bat arduratu zen Musika Bulegoaren kudeaketaz, baina, 2019an, lehen aipatu ditudan lau elkarteek hartu zuten haren ardura beren baliabideekin; orduan, beren langileak Musika Bulegoaren langileak izatera pasatu ziren. Esango nuke orduan elkarteak nolabait ahaldundu egin zirela.
Eta, gero, plan estrategiko berria etorri zen. Iaz, aldaketak egon ziren lantaldean, hausnarketa elkartean bertan, eta norabidea ondo zehaztuta geratu zen, sektorea erdigunean jartzeko erronkari aurre egiteko. Orain, hori praktikara eramaten hasiko gara.
Nola lagundu dio urte hauetan Musika Bulegoak euskal musika sektorearen garapenari eta profesionalizazioari?
Guk beti bitartekaritza-lanak egin izan ditugu. Sektorearekin kanal zuzena dugunez, badakigu bere beharrak zein diren; geu arduratzen gara erakunde publikoei horren berri emateaz, eta, ahal dugun neurrian, saiatzen gara haien egunerokoan presente egoten. Ez dago beti gure esku, baina ahalegintzen gara, horretarako baita Musika Bulegoa, bitartekaritza-lan horiek egiteko. Beraz, alde horretatik iruditzen zait gure ekarpentxoa egin dugula.
Bestetik, gure eskaintza zabalarekin ere laguntzen diogu sektoreari. Topaketa profesionalak egiten ditugu, artistei aholkularitza-zerbitzua eskaintzen diegu... Gainera, aukera berriak ematen dizkiegu kanpo-zabalkundean, bereziki azoketan: showcaseak egiteko, hemengo enpresak beste herrialde batzuetako enpresekin elkartzeko, negozioak sortzeko... Gure eragina mugatua dela kontuan izanda, gure aletxoa jartzen dugu.
Orain bederatzi urtetik Musika Bulegoa Sariak ematen dituzue. Zer helburu dute? Nolako bilakaera izan dute?
Musika Bulegoa Sarien bidez lortu nahi duguna da, batetik, sektorearentzat topagune eta ospakizun izatea, eta, bestetik, aurreko urteko sormen-proiektuentzat erakusleiho izatea eta lan horiek saritzea. Zentzu horretan, gure sariak apur bat ezberdinak dira, ez baitago inolako kategoriarik.
Aurten, 160 proposamen iritsi zaizkigu; urte hauetan guztietan 1.200 baino gehiago izan dira. Kopuru dotorea da. Sortzaileei aukera ematen die beren proiektuak aurkezteko eta, horrela, oihartzun handiagoa lortzeko eta, bide batez, aitortza egiten zaio haien lanari.
Urte hasieran, musikaren arloko hainbat eragileri sektorearen osasunari eta etorkizunari buruz hausnartzeko eskatu zenieten Musika Bulegotik, eta, haien erantzunei erreparatuta, badirudi egoera, oro har, ona dela. Zer erakusten dute datuek? Nolakoa da sektorearen egoera?
Sektorearen baitan talde ugari ditugu, eta talde horietako bakoitzaren egoera ezberdina da. Sarreren salmentari eta kontzertuen kopuruari begiratzen badiegu, egia da iazko urtea ona izan zela, ziur aski orain arteko onena. Ikusi besterik ez dago nolako makrokontzertuak izan ditugun eta zelako erantzuna izan duten, ZETAKenak dira horren adibide. Eta, orain, ETSrenak datoz. Hori pozgarria da, eta, alde horretatik, badirudi ondo goazela, baina ez dugu ahaztu behar erronka handiak ditugula oraindik. Musikarien egoera, oro har, nahiko kaskarra da; oso gutxi dira musikatik bakarrik bizi daitezkeenak. Esparru horretan lanean jarraitu behar dugu.
Bestetik, generoaren ikuspegitik, desoreka handia dago emakumezkoen eta gizonezkoen baldintzen artean, eta hor ere badago zer egin.
Musika garaikideari dagokionez, musika-mota horren inguruko interesa geroz eta handiagoa dela esan dezakegu, hori adierazten du gutxienez ekimen ezberdinetan parte hartu izan duten erabiltzaileen kopuruak eta zikloen egonkortasunak. Halere, garrantzitsua da azpimarratzea errealitate hori erakundeen babesari eta hainbat kultura-erakunderen arteko lankidetza-sare sendoari esker dela posible.
Horrekin batera, askotan hitz egiten dugu makrofestibalez, jende asko erakartzen dutelako, baina hemen astero programatzen dutenak eta sortzaileentzat erakusleiho izateko lan egiten dutenak aretoak dira. Aurreko urtea areto batzuentzat nahiko ona izan zen, baina, azken urteetako bilakaerari erreparatzen badiogu, argi ikusten da aretoen egoera zaila dela, oso zaila. Asko itxi egin dituzte. Donostian, adibidez, orain urte batzuk bi-hiru areto genituen; orain, Dabadaba bakarrik geratzen da, eta hori hiri batean. Adierazgarria da.
Uste dut lanean jarraitu behar dugula erronka horiei guztiei erantzuteko, baina noski, datu onak ere nabarmendu egin behar dira.
Zer-nolako aukerak daude etorkizun hurbilean euskal musika nazioartean zabaltzeko?
Musika Bulegoan kanpo-zabalkundea lantzen dugu; alegia, hainbat azokatan parte hartzen dugu Euskal Herriko musikariekin eta enpresekin, eta ikusi dugu azoka horietan aukerak sortzen direla. Iaz, adibidez, Eurosonic azokan, Herbehereetan, Europa mailako urteko lehen azokan, Euskal Herriko talde batek jo zuen, Divorce From New York-ek, Basque. Music. markaren pean (marka horrekin egiten du kanpo-zabalkundea Musika Bulegoak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin batera). Jakin ahal izan dugunez, azoka hartan egindako showcasearen ondoren, sei kontzertu sortu zitzaizkion talde horri Europan.
Beraz, aukerak egon badaude, nahiz eta gustatuko litzaigukeen azoketan Euskal Herriko musikarien presentzia handiagoa izatea. Argi daukaguna da hizkuntza ez dela inondik inora horretarako eragozpena izan behar. Badira musika euskaraz eginda kanpora atera eta arrakasta izan duten talde eta bakarlariak: Berri Txarrak, Fermin Muguruza, Izaro —nahiz eta Izarok hizkuntza ezberdinetan abesten duen—... Iruditzen zait musikariek ere horren aldeko apustua egin behar dutela. Euskal Herrian jotzea primeran dago, eta normala da gure herrialdera mugatzea gehienbat, baina jakin behar dute kanpora ere begiratu dezaketela kasu batzuetan. Uste dut azken urteotan pausoz pauso, poliki-poliki, bilakaera hobetzen ari dela.
Egonaldi eta topaketa artistikoak ere proposatzen ditugu. BIME Bogotá azokan, esaterako, Izaro hango artista batekin egon zen. Topaketa horietatik ere kolaborazioak sortzen dira. Lan-ildo horretan sakontzen hasi gara, eta ikusi dugu arrakasta izan dutela. Hortaz, ahal den neurrian, saiatuko gara etorkizunean ere horrelakoak egiten.
Aurten 10 urte bete ditu Musika Bulegoak. Zer garrantzi du zuentzat urteurren horrek?
10 urte ez dira, ez, egunero egiten. Hasieran aipatu ditudan zailtasunak kontuan izanda, pozgarria da honaino iritsi izana. Sektoreko katebegi ugarik lan egin dute horretarako. Zaila izan da, eta oraindik ere lan asko dago egiteko, baina Musika Bulegoa sendo dagoela deritzogu. Sektore guztia batzen du; une honetan, 550 bazkide baino gehiago ordezkatzen ditu. Hori seinale ona da.
10 urte eman ditugu Musika Bulegoan oso zentratuta, baina une honetan argi daukagu zein den gure norabidea. Orain, zubi-lanak egin behar ditugu gainontzeko eragileekin, elkarteekin… Horrekin lotuta daude datozen urteetarako erronkak.
Zertan ari zarete orain? Zein dira aurreikusita dituzuen proiektu berriak?
Aurten, proiektu handi batekin gatoz: MUST PRO topaketak. Egitasmoaren helburua da Euskal Herriko musika-sektoreko industria zabaltzen eta indartzen lagunduko duen profesionalizazioa areagotzeko ezagutzak, tresnak eta trebetasunak ematea. Euskal Herriko musika-sektorearen erreferentziazko topagune izateko jaio da. Aurten, irailean egitea aurreikusten dugu, eta izaera ibiltaria izango du. Euskal Herriko musika-sektorearen topaketa izango da, eta eduki ugari landuko dira bertan, sektorearen erronkei aurre egiteko. Epe ertainera gure proiektu estrategikoetako bat izan beharko litzateke, Musika Bulegoa Sariak bezala. Horrekin lan handia izango dugu.
Bestetik, erakusketa ibiltari bat ekoizten ari gara, euskarak musikan izan duen presentzia jasoko duena eta horren inguruan hausnarketa sortuko duena. Euskarak musikan izan duen lekua balioan jarri eta gizarteratu nahi dugu. Urte amaierarako erakusgai egotea espero dugu. Ibiltaria izango da, eta hiriburu guztietan erakutsi ahal izatea gustatuko litzaiguke. Horretarako, udalekin hitz egiten ari gara, eta, testuinguru horretan, jarduera osagarriak ere antolatuko ditugu.
Noski, gainontzeko zereginekin ere jarraituko dugu: Musika Bulegoa Sariak, formakuntza, aholkularitza, kanpo-zabalkundea, sormena, egonaldi artistikoak...
Orain gutxi irudi korporatibo berria eta webgune berria aurkeztu dituzue. Zer transmititu nahi duzue aldaketa horiekin?
Argi eta garbi, garai berri baten hasiera. Erakundearen egoera oso ezberdina da orain dela 10 urtekoarekin alderatuta, eta une honetan gure erronkak dira sektoreak gu hobeto ezagutzea eta gu sektoretik hurbilago egotea. Iruditzen zait webgunea eta irudia aldatu izanak horretan lagun dezaketela, hots, beste irudi bat ematen: mezua aldatu dugu, eta gure eskaintza eta egiteko moduak aldatzen ari gara. Aurrerantzean, sektorearekin harreman handiagoa izango dugu. Horrek ez du esan nahi orain arte harremanik izan ez dugunik, baizik eta gehiago sakondu nahi dugula harreman horretan, eta uste dugu irudi berriak ondo islatzen duela aldaketa hori.
(2025eko otsailaren 10ean argitaratutako Berezia)