Getxoko Udalak GUrari Etxea, Emakumeen Etxearen logoa diseinatzeko lehiaketa deitu du. Aukeratutako logotipoa Etxea kokatuko den eraikinaren kanpoaldean erabiliko da (Benturillena kalea), baita sustapen-materialean ere (kartelak, liburuxkak, argitalpenak, etab.).
Aurkeztutako lanek originalak izan beharko dute, GUrari Etxearen oinarrian dauden balioetan oinarrituta; besteak beste, gune feminista, intersekzionala, irekia, askea, aldarrikatzailea, ahalduntzailea eta integratzailea izan beharko dute. Etxea eraikitzeko prozesuan parte hartu duten emakumeek aukeratutako GUrari (GU-nosotras/ura-agua/Ari-hacer) izenak Getxo bezalako kostaldeko herri baten batasuna, mugimendu feministaren bultzada eta ezaugarriak adierazten ditu. Originaltasuna, argitasuna, sormena eta kalitate artistikoa ere kontuan hartuko dira, baita etorkizunean sar daitezkeen espazio eta formatuetara egokitzea ere.
18 urtetik gorako pertsona fisikoek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, banaka edo taldean, eta prozedura eta neurri askeko lan originala aurkeztu ahal izango dute, formatu digitalean eta GUrari hitzarekin. Diseinu bakoitza koloretan eta zuri-beltzean aurkeztu behar da, azalpen txiki batekin.
Lanak aurkezteko epea otsailaren 29tik apirilaren 2ra arte izango da, www.getxo.eus udal webguneko Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren bitartez.
Logotipo irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du. Pertsona horrek saritutako logotipoaren jabetza eta hura ustiatzeko eskubideak Udalari lagako dizkio, esklusiboki eta denbora-mugarik gabe.
Informazio gehiago: www.getxo.eus.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.