Tabakalera Dantzan zikloaren laugarren edizioa aurkezten dute Musika Hamabostaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Kursaal Auditorioarekin batera, Tabakalera izango da 84. Donostiako Musika Hamabostaldiko dantza eskaintzaren erreferentziazko egoitza. Sorkuntza koreografikoaren eta ikusizko arteen arteko fusioan, Patioa, Plaza eta "That Time. Arte Ederren Bilboko Museoa-Tabakalera" erakusketak muntaia bana hartuko dute, eta laugarrena, ikuskizun ibiltaria, Plazako eskaileratik abiatuko da. Gainera, zikloak sorkuntza-egoitza bat hartuko du lehen aldiz; horren bidez, koreografo bati lan-espazio bat eskaini zaio, Tabakalerako espazioekin lotutako proiektu bat gara dezan. Edizio honetan, Blanca Arrieta koreografoak "That Time. Arte Ederren Bilboko Museoa – Tabakalera " du lanerako abiapuntu eta oinarri.
Olatz de Andrés zikloaren koordinatzailearen hitzetan, "programa osatzen duten piezak testuinguru eszenikotik atera eta beste aurkezpen-espazio batzuk betetzen dituzten sorkuntza bereziak dira eta helburu dute begiradak ikuspegi berrietara zabaltzea. Gainera, tokiko zein nazioarteko proposamenak aurkezten dira".
Poliana Lima, Dani Hernández eta Blanca Arrietaren ikuskizunak doakoak dira, eta sarrera librea dute lekua bete arte. Vera Tussingen konpainiak emango duen saio bikoitzerako sarrerak salgai daude www.quincenamusical.eus webgunean.
Honako hau da aurtengo Tabakalera Dantzan zikloko programazioa:
Vera Tussing, “The Palm of Your Hand #2” – abuztuak 17. 18:30 / 21:00 - Patioa
Belgikako Vera Tussing konpainiak "The Palm of Your Hand #2" lanaren bi saio emango ditu. Piezak performer-en eta publikoaren arteko negoziazio aktiboa proposatzen du, ukimena erabilita eta konprometitua proposatzen du, eta bertan, elipse batean kokatuta, espazio eszenikoa mugatzen du. Definizioz, interpreteek eta publikoak elkarrekin deskubritu eta egiten duten bidaia da. 2015ean muntaia honen lehen bertsioa estreinatu ondoren, orain haren inguruan Human Body Project-ek enkargatutako birlanketa proposatzen dute.
Vera Tussingen sormen-prozesuak, performanceak eta instalazioak dantzan, mugimenduan, pertzepzioan, zentzumenetan, gorputz-esperientzian, kolektibitatean eta baimenean duten interesak bultzatzen ditu. Bere lanik berrienak, Ukipen Zikloa deritzonak, sorkuntza eszenikoek, eskulturek eta mugimendu eta soinu instalazioek osatzen dute, ikusleen eta interpreteen arteko topaketa paregabeak eta interpertsonalak sortzeko. Belgikan, Erresuma Batuan eta Europa osoan egin du lan dantzari, zuzendari eta ikertzaile gisa. Vera Tussing London Contemporary Dance Schoolen graduatu zen. 2011n “Trilogy” estreinatu zuen Albert Quesadarekin, Royal Opera Housen jatorrian ROH2-k egindako enkargu batean oinarrituta. Ondoren, "You Ain 't Heard Nothing Yet" (2012) eta “T-Dance" (2014) pieza eszenikoak eta “Sound Bed" mugimendu eta soinu instalazioa. 2015ean "The Palm of Your Hand" performancea estreinatu zen, eta ondoren "Mazing" (2016). 2017an, "The Palm of Your Hand" birsortu zuen, obra pertsona itsuentzat eta ikusmen partzialarekin eskuragarria eginez. "Both, Two", dueto bat Esse Vanderbruggenekin lankidetzan, Kaaistudio 's-en (Brusela) estreinatu zen 2018an. 2019ko urrian, "Tactile Quartet (s)", ukimenari buruzko ikerketa musikaren diziplinara zabaltzen duen performancea, Kaaitheaterren estreinatu zen, Bruselan. Gaur egun, “Un-Staging Tactility” izenburudun sorkuntzaren azken fasean dihardu lanean (2023ko udazkenean estreinatuko da Kaaitheaterren).
Poliana Lima, “Las cosas en la distancia” – abuztuak 18, 12:00 / 19:30 – Plaza
Poliana Limak, Madrilen bizi den koreografo brasildarrak, bitan eszenaratuko du "Las cosas en la distancia" bere lana. Site specfic erako dispositibo koreografikoa da, zortzi dantzariren presentzian oinarritua, eta dantzaren berezko dramaturgia proposatzen du: "Mugitzen ez diren haien gorputzetatik, hainbat norabidetan astindutako zutabeetatik, indarkeriaz eta kontrolik gabe jaurtitako besoetatik, zutik dirauten emakumeen gorputzen poetika da nagusi. Indar eta intentsitateak zeharkatzen dituzten gorputzak; azken batean, bere antzinako erresilientzia munduan egoteko modu gisa aurkezten duen emakumeen gorputz kolektiboa".
Poliana Lima (Brasil, 1983) koreografo, dantzari eta irakasleak 2011n hasi zituen bere sorkuntzak, "Palo en la rueda" bakarkako lanarekin. Ugne Dievaityterekin lankidetzan, 2012tik bi pieza sortu ditu: "Hodeiak ikustea bezalakoa da" eta "Flash", nazioarteko hainbat jaialditan ibiliz, hala nola Fringe Edinburgh Festival, Spring Forward, Mercat de las Flors, Festival Dansa Valencia, Festival New Baltic Dance, Ventana de La Danza (Madrid en Danza) edo Theatre Korzo.
2013an, Europako "Performing Gender" proiektura gonbidatu zuten, Kroaziako Zagrebeko Arte Garaikideko Museorako "Cuerpo-trapo" performancea sortuz. 2014an, "Atávico" proiektuak, bere lehen ensembleak, 1. saria jaso zuen Madrilgo XXVIII. Koreografia Lehiaketan, baita publikoaren saria, kritika-saria, Dance Web 2015 Beka (Impulstanz Viena) eta egoitza Tanzhausen (Zurich) ere. 2016an "Las cosas en la distancia" pieza laburra sortu zuen Laboratorio 180-rako. 2017an "Hueco" bakarkakoa estreinatu zuen Madrilgo Teatros del Canal antzokietan eta BAD Bilbao Jaialdian. "Hueco" 2018ko MAX Sarietarako bi kategoriatan izan zen hautagai: Ikuskizun Berri Onena eta Egile Berri Onena. 2020an "Las cosas se mueven, pero no dicen nada" estreinatu zuen Teatros del Canal antzokietan, baita "Las cosas en la distancia" site specific lana ere Madrilgo Conde Duque kultur zentroan. 2021ean Aerowaves plataforma ospetsuan hautatu zuten, "Las cosas se mueven, pero no dicen nada" piezarekin.
Dani Hernández, “Córdoba Drone”- abuztuak 18, 19:00 - ibiltaria (abiapuntua: Plaza)
Dani Hernández Alacanteko sortzaile-performerrak "Córdoba Drone" (2022) lana aurkeztuko du, Isaac Albenizen "Cordoba" partitura begirada garaikide batetik berrikusten duen pieza. Tradizioa berrikusi eta berrinterpretatzen duen sorkuntza izanik, jakinduriaren herentzia eta soinu, estetika eta kezkak ageri dira horretan: "Oroimenetik, nire haurtzarotik eta nerabezarotik. Etapa horretako nahiak berreskuratuz eta orain nagoen ikuspegitik begiratuz. Espainiako musika eta dantza tradizionalaren klasiko batekin topo egin eta berau nire ibilbide artistikoan zehar izandako kezkak eta bizitako esperientziak aintzat hartuta lantzea. Betidanik izan dudan bihozkadatik abiatuta berraztertzen eta berridazten dut".
Sortzaile eszenikoa eta performerra, Dani Hernándezek hirugarren saria lortu zuen Espainiako eta Flamenkoko Dantzaren XVIII. Koreografia Lehiaketan (Madril, 2009), "A pesar de..." lanarekin. Bigarren saria VI. FILM LABURinDANZAn (Cagliari, 2013). Bere lehenengo bakarkakoa, "Persona", 2015eko Eszenarako Dantza Katalogoan hautatu zuten, eta horri esker hoankoetan dantza egiteko aukera izan zuen: Cádiz en Danza, La Fundición Bilbao, Mercat de les Flors, Dansa Valencia eta Rosalía de Castro Antzokian, besteak beste. Hainbat pieza eta ikerketatan parte hartu du, besteak beste: "Ensayo sobre Grieta y Experimentación" eta "La grieta", Derek V. Bulckerekin batera (2020 eta 2021). "Casposo" hitzaldi performatiboa (Murtzia, 2019), "Aséptico" (Sevilla, 2018) eta "¿Y después?" (Linz, Austria, 2017) Emilio Manzanorekin batera. "ACAB (All Cats Are Beautiful)" Alberto Alonsorekin batera eta Abraham Hurtadok zuzenduta. "Eutsi" Mario G. Sáezekin (Vila-real, 2013). 2019tik dago Bilbon, eta Raquel Asensi, Alberto Sinpatrón, Iván Gómez eta Manu Arreguirekin kolaboratu du. Koldo Arostegi, Olatz de Andrés, Alberto Alonso eta Cristina Gómezen zenbait lan-prozesutan ere jardín du lankide.
Blanca Arrieta, “Eso” – abuztuak 19-20-22, 20:30 “That Time. Arte Ederren Bilboko Museoa – Tabakalera” erakusketa
Blanca Arrietak publikoarekin partekatuko du uztailaren 27tik abuztuaren 22ra bitartean zikloaren lehenbiziko sorkuntza-egoitzan garatutako lanaren emaitza: Bere proiektua Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumaren zati garrantzitsu bat barne hartzen duen erakusketan oinarritu du. Koreografoaren hitzetan, "Eso gorputz baten erritmo eta isiltasunen bidez gertatzen den oro da, leku honetan eta denbora horretan. Zer, orain? Denbora ez dagoelako geldirik, lekuak, ordea, bai. Eso isiltasunetik abiatzen da. Gorputzen lasaitasuna inguratzen duen isiltasuna eta elkarri begiratu eta entzuten diren gauzak. Zerbait edo norbait mugitzen den unean, hemen, kokapenaren kontzeptua aldatu egiten da. Lan honek mugimenduaren lengoaiaren inguruko galdera batzuk planteatzen ditu: zein indarrek bultzatzen dute eta zer zentzu du? Nola definitzen da betetzen duen espazioa? Nola elkarreragiten du eta zer harreman sortzen ditu? Zein gorputz, obra horien aurrean?
Blanca Arrieta koreografoa, interpretea eta kolaboratzailea da sorkuntza garaikide askotan. London Contemporary Dance School/The Place-n jaso zuen prestakuntza eta 2000. urteaz geroztik ekin zion sorkuntza lanari, hasieran ikuspegia biziki mugimenduan kokatuta. Blancak Bilbon du egoitza eta obra eszeniko ugari ekoitzi ditu. Bere azken lana dantza-ekoizpena egiteko eta ulertzeko modu berrietara bideratzen da. Horretarako, beste arte eta lengoaia batzuekin duen lotura bilatzen du. Mugimenduan dauden gorputzen, haien ahotsaren eta barne-arkitekturaren inguruan denbora eta eraikuntza-lan metodikoa eskatzen duten prozesuak dira.