Iratxe Fresneda: «Bizitzaren bidaia da "Tetuán"»

  • Iratxe Fresneda: «Bizitzaren bidaia da "Tetuán"»

Tetuán dokumentalarekin eman dio amaiera Iratxe Fresneda zinemagile, ikertzaile eta irakasleak "Erregistroaren trilogia" gisa definitu duen proiektuari. Bere hitzetan, erregistratzeko moduaren kontzientzia da hiru lanak (Irrintziaren oihartzunakLurralde hotzak eta Tetuán) lotzen dituen haria. Besteak beste, hiru filmez, zinemaren erronkez eta bere irakasle jardunaz galdegin diogu Iratxeri.


Zer kontatzen du Tetuán dokumentalak?

Inguruan ditugun bizitzen pasarteak ditu oinarritzat Tetuánek. Gure memoriaren hauskortasunaz ari gara eta, aldi berean, baita bizitzaren edertasunaz eta gaur eguneko Europan, Euskal Herrian, bizi diren gazteez ere. Migrazioaren kontzeptuaz ari gara, migrazioaren estereotipoetatik aldentzeko. Bizitzaren bidaia da Tetuán.

Aurrekoak bezala, oso proiektu pertsonala dirudi. Nolakoa izan da lan egiteko modua? Zer izan da zailena?

Bai, proiektu pertsonala da, oraingoan kolektiboa bihurtu dena. Nire aitaren istorio pertsonaletik abiatutako narrazioa beste pertsona batzuen istorioekin lotu da, ez bakarrik errelatoari dagokionez, baita lanaren antolamenduari dagokionez ere, zabalagoa izan baita lantaldea eta lan egiteko modua.

Alde batetik, proiektuaren diseinu eta finantzaketa plan egoki bat eratzea, merkatuaren tendentzien norabideen kontra. Hori ekoiztetxe independenteen eskutik sortzea ez da batere erraza, merkatuak ez duelako laguntzen, eta diru iturriak bilatzea zaila da zure pelikula korrontearen kontra igerian badoa.

Berriki, Ohorezko Lauaxeta Saria eman dizute nazioartean euskararen ezagutzaren eta erabileraren hedapenean egindako lanarengatik. Epaimahaiaren hitzetan, Tetuán filmeko "protagonistak jatorri askotakoak dira, iraganeko garai batekoak eta egungoak, baina denek migratu behar izan dute. Dokumentalak agerian uzten du bizipen-lotura uste baino estuagoa dela, eta egungo migratzaileek geroko euskal memoria historikoa osatzen dutela. Hausnarketak egungo eta etorkizuneko euskal gizarte integratzaile eta solidarioaren aldeko ikuspegi baikor eta itxaropentsua ere jasotzen du". Hori al zen zabaldu nahi zenuen mezu nagusia? Nola jaso duzu saria?

Beste gauza askoren artean pelikulak zabaldu nahi duen mezua da denok garela hangoak eta hemengoak. Adierazi nahi genuen kontzeptuak, migratzaile kontzeptuak, ezin ditzakeela identitate guztiak bere aterkipean gorde. Hau da, etiketa orokortzaileak estereotipoak eratzen ditu gure jendartearen imajinarioan eta horrek besteak definitzerakoan aurreiritziak sortzen ditu. Filmean iraganeko eta oraingo pertsona desberdinen egunerokoak, bizitza pasarteak kontatzen ditugu, aniztasuna aldarrikatzeko. Batzuetan, pertsona batzuk "besteak" bezala definitzen ditugunean, zentzu negatiboan egiten dugulako, eta, Tetuánen kasuan, gerturatzeak samurra nahi zuen izan.

Bestalde, saria jasotzeak pozez bete gaitu; eskertzekoa da babesa jasotzea.

Tetuánekin amaiera eman diozu "Erregistroaren trilogia" gisa definitu duzun proiektuari. Hasieratik izan al zenuen argi trilogia bat izango zela? Zein da hiru filmak (Irrintziaren oihartzunakLurralde hotzak eta Tetúan) lotzen dituen haria?

Lehenengo filma (Irrintziaren oihartzunak) bukatzen ari nintzenean, argi izan nuen kezkatzen ninduenak trilogia bat izan behar zuela. Nire ikerketaren lerro garrantzitsua zen zer erregistratzen zuen/duen ikus-entzunezkoen lerro nagusiak, publikoaren gehiengora heltzen den errelatoak. Horietan orain arte alde batera lagatako gaiak erreferentzialtasuna hartzen ari dira, baina zer modutan? Niretzat inportantea zen aldaketa hori kualitatiboa izatea, ez kuantitatiboa bakarrik.

Erregistratzeko moduaren kontzientzia da hiru filmak lotzen dituena. Zer da errelatoen autopistetan doana eta zer da kontatzen ez dena, zergatik artxibo batzuk, pertsona batzuk inportanteak izan dira eta besteak ez. Ereduak eraldatzeko asmoa dago hiru filmetan. Hori egiteko saiakerak dira hiru filmak.

Bazterreko istorioak erdigunean jartzen dituzu zure lanetan, eta zure filmak besteengana hurbiltzeko proposamen bat ere badira. Hori al da zinemagile eta zinemazale gisa gehien interesatzen zaizuna?

Zinemagile bezala, zinemaren maitale bezala, gauza asko interesatzen zaizkit, hamaika bizitza beharko nituzke ditudan kuriositate guztiak asetzeko. Ezkutuan dagoena ikertzeak erakartzen nau, esangura berriak bilatzeak, kontatzeko modu berriak bilatzeak ikus-entzunezkoak ematen dizkidan aukerekin. Orain horretan nabil, bihar batek daki.

Zein dira, zure ustez, zinemak datozen urteetan dituen erronka nagusiak?

Orain arte izan dituenak: berrasmatzea, etengabe. Eta, batez ere, kontserbazioa. Artxiboak galtzeko arriskuan gaude. Tendentzia orain kontsumo azkarraren tendentzia da; arin ahazten dugu.

Zinemagile ez ezik, unibertsitateko irakasle ere bazara. Zure ustez, non jarri behar da arreta zinemagileen belaunaldi berrien hezkuntzari dagokionez?

Jakinguran. Zinema ez da teknologia edo programa konkretu batzuen kontrolean soilik oinarritzen. Begiratzen jakin behar da, bilatzen, ikasten, okertzen.

Sareak jakinduriaren ilusioa sortzen du, dena hor dagoen ilusioa, hor eta gure burmuinean. Baina ezagutza eskura izateak ez du esan nahi guk daukagunik. Landu beharreko gaia da hori.

Eta etorkizunera begira, ba al darabilzu proiektu berririk buruan?

Bai, sortzaile bezala, ikertzaile bezala, baditut zenbait. Ea atseden txiki bat hartu ondoren, energiak berreskuratzean ditudanean, martxan jartzen ditudan. Orain ikerketan murgilduko naiz tarte batez.


(2023ko urtarrilaren 2an argitaratutako Berezia)