X5 Kolektiboa, musikak eta konplizitateak elkartutako taldea

  • X5 Kolektiboa, musikak eta konplizitateak elkartutako taldea

X5 Kolektiboa sortu dute Karlos Gimenezek, Iñaki Salvadorrek, Nerea Gorritik, Pettik eta Francisco Herrerok, eta Gimenezen kantekin osatutako Abestiak gogoan diskoa argitaratu berri dute. Kontzertuak emateko gogoz daude orain. Proiektuaren eta diskoaren inguruko xehetasunak eman dizkigute.


Nola sortu da X5 Kolektiboa? Zer izan zen lehenengo, X5 Kolektiboa ala Abestiak gogoan diskoa?

Iñaki Salvadorrek eta biok, Imanol Jazz esperientziaren ondoren, gure bi pianoek batera ondo funtzionatzen zutela ikusita, pentsatu genuen "zergatik ez dugu disko bat grabatzen?", eta Iñakik proposatu zidan nire abestiekin osatzea. Niretzat hori luxu bat izango zela pentsatu nuen, eta orduan errepertorio horretan pentsatzen hasi nintzen. Azkenean erabaki nuen nire bizitza profesionalean zehar sortutako kanten aukeraketa bat egitea, eta hortik dator diskoaren izenburua, Abestiak gogoan. Baina, noski, abesti horiek grabatzeko kantariak behar genituen. Petti oso ondo ezagutzen genuen, baina emakume bat ere behar genuen, eta Iñakik Nerea Gorritik grabatutako bi abesti bidali zizkidan. Entzun nituen, eta berehala esan nion Iñakiri: "kantari honi nire abestiak grabatzea gustatuko zaio?", eta Nereak, segituan baita ere, oso gustura egingo zuela erantzun zigun. Nik Francisco Herrerorekin ere grabatu nahi nuen, eta bera prest zegoen. Bost musikari izango ginela kontuan hartuta, X5 Kolektiboa izena jarri genion taldeari. Gainera, "kolektiboa" hitzak konplizitate giroa azpimarratzen zuen, eta guretzat konplizitate hori oso garrantzitsua da.


Punta-puntako bost artista elkartu zarete. Zer ematen dio zuetako bakoitzak osotasunari?

Zaila da horri erantzutea, baina nire ustez eta oso laburtuta, bakoitzak barruan daukan dena jartzen du. Iñakik eta biok, pianoarekin; Nereak eta Pettik, ahotsarekin; eta Franciscok, biolinarekin eta biolarekin. Eta osagai horiekin osotasun eder bat sortzen da. Nik oso ondo ezagutzen nituen abestiak eta beraien esanahia, eta, gero, entseguetan, besteek barneratu eta beraien ikusmoldetik interpretatu zituzten, errespetuz baina beldurrik gabe. Pixkanaka osotasun pertsonala lortu, eta hori asko landu genuen, estudiora iristeko unean dena prest egoteko, zalantzarik gabe, batzen gintuen helburua argi izanda. Niretzat pribilegio handia izan da artista hauekin nire kantak grabatzea. Bizitzaren opari bat.


Zer jaso duzue Abestiak gogoan diskoan? Zeren arabera egin duzue aukeraketa?

Esanda dagoen bezala, osagaiak nire kantak ziren, baina aukeraketa bat egin behar zen. Niretzat oso zaila izan zen prozesu hura. Ez neukan oso argi zer zen garrantzitsuena, baina azkenean irizpidea zera izan zen: "poemak eta musikak hobeto ezkontzen diren abestiak izango dira protagonistak". Horregatik daude hain poema ederrak gure diskoan, eta, nola ez, gehienak Xabier Leterenak. Kanta batzuk Imanolen errepertorioan erabilitakoak dira, beste batzuk Xabier Leterenean, eta hiru abesti berri. Letek bere azkeneko urteetan kapritxo bat zeukan: beste disko bat grabatzea, eta horretarako dozena bat poema pasatu zidan. Niretzat erronka bizia zen, eta, lehen kanta osatu nuenean, "Imanol lagunari agurra", deitu, eta esan nion: "badaukat abesti bat!". Eta gogoa neukan berari erakusteko, baina berak esan zidan: "tira, gehiago dauzkazunean, etxera etorri, eta entzungo ditut”. Baina denbora pasatu zen, eta azkenean abesti horiek entzun gabe zendu zen. Aipatutakoak Imanolen hileta oso poetikoki deskribatzen du, eta ia-ia barkazioa eskatzen dio denen partetik berak behar gintuenean guk kasurik egin ez geniolako (oso laburtuta); beste bat dago Lourdes Iriondo zendu zenean idatzia, tristura bortitzaz beterik, "Neguan izan zen" (Xabierrek negua gorrotatzen zuen) eta beste bat bizitzaren azkeneko urteetan-edo sentitzen dugunari buruzko gogoetekin, "Biluts azkenean".


Grabaketa nolakoa izan da? Ez zen erraza izango guztion agendak bateratzea. Non eta nola egin duzue?

Agendak bateratzea zaila izan zen, bai, baina ez genuen denbora asko behar. Ia kanta guztiak bigarren aldian grabatuta geratu ziren. Errepertorioa oso ondo prestatuta zegoen, bost musikariok batera grabatu genuen, eta horrek diskoari giro berezi bat eman zion. Askotan ematen du kontzertu baten grabatua izan zela. Askotan egiten da zatika, lehenago instrumentu bat edo bi, gero beste bat edo ahotsa... Baina horrela eginda dena hozten da, magia galtzen da. Pottoko Studioan Fredi Pelaezek grabatuta dago, eta horrek ere diskoari eman dio giro pertsonal bat. Fredi musikaria da baita ere, eta, orduan, berehala ulertzen zuen guk nahi genuena, eta batzuetan bere aholkuak ere oso lagungarriak izan ziren guretzat. Berriz "konplizitatea" protagonista.


Abestiak gogoan diskoa CDan eta digitalean argitaratu duzue, eta aparteko arreta jarri duzue disko fisikoaren diseinu grafikoan. Zuentzat, beraz, objektu fisikoak berak balioa izaten jarraitzen du oraindik ere, ezta?

Bai, arreta berezia jarri diogu diseinu grafikoari, Nitaia_Photoren argazkiak eta poeten testuekin osatuta. Musika airean edo "lainoan" geratzea ez genuen nahi. Kontzertu-pertsonak gara, eta irudiak, objektu fisikoa, testuak... gure diskoaren parte izatea erabaki genuen. Gaur egun kontzeptu horiek agian galtzen ari dira, baina gure borroka musikalaren barnean objektu fisiko hori bizirik mantentzeko desioa ere badago.


Estudiotik oholtzara pasatzea al da erronka orain? Hasi al zarete kontzertuekin? Ba al duzue emanaldiren bat lotuta?

Noski baietz. Kontzertu-pertsonak izanik, gure helburu nagusia kontzertuak egitea da. Badakigu hori zaila izango dela, baina guk publikoari onena eman nahi diogu, eta, hori eginda, emanaldiak sortuko direla pentsatzen dugu. Momentuz bat lotuta daukagu, oraindik data eta lekua finkatu gabe, baina kontzertu bereziki ederra izango dela ziurtatu dezakegu. Eta gero? Gero gehiago sortuko dira.


X5 Kolektiboa disko baten aitzakian jaio da. Baina gauza puntuala izango da ala etorkizunean ere elkarrekin jarraitzeko asmoa duzue (bakoitzak bere konpromisoak alboratu gabe)?

Bai, X5 Kolektiboak martxan jarraituko du. Gauza asko dauzkagu buruan, baina kanpaina hau hasi berria da; beraz, denbora beharko dugu beste proiektu batzuk osatzeko. Kontzertuz kontzertu ibili ondoren, ideiak sortuko dira, gure pertsonalitatea haziko da. Eta, noski, bakoitzak bere konpromiso pertsonalekin jarraituko du. X5 Kolektiboaren mundua musika da, eta musika ez da inoiz isilduko.


(2022ko abenduaren 5ean argitaratutako Berezia)