Afizio eta ofizio izan zuen musika Xabier Madinak (Bilbo, 1945), nahiz eta 1980ko hamarkadaren hasieran oholtzak utzi, eta orduz geroztik kantuarekiko harremana lausoa izan zuen. Baina 1970eko hamarkadan bakarlari nahiz taldeetan aritu zen, baita oihartzuna eta arrakasta lortu ere. Xabier Madina atzo goizean hil zen Azpeitian (Gipuzkoa), txikitatik bizitoki izan zuen herrian.
«Idazten ikasi baino lehen» hasi zen musika ikasten Madina, 2008an Uztarria aldizkariari adierazi zionez, nahiz eta bere ibilbidean besteen kantuak abestu zituen beti. Lehenengo zuzeneko agerraldia Bergaran (Gipuzkoa) egin zuen 1967an, euskarazko abesti bat eta frantsesezko beste bat abestuz —gerora ere euskara eta gaztelania tartekatu zituen diskoetan nahiz zuzenean—, eta festibala irabazi egin zuen. Baina pauso garrantzitsuena 1969an eman zuen, Luis Iriondo ekoizlearen eskutik. Iruñean Espainiako Kantu Txapelketa jokatu zen, eta han arrakasta handia lortu zuen Madinak euskaraz abestuta. Bigarren postua eskuratu zuen, Victor Manuel kantari asturiarraren atzetik.