Poeta hirira doa trenez. Artasoro bat ikusi du bultzi-leihotik. Ederrenean dago arto-saila. Berde. Baina poetari "arto musker" etorri zaio burura eta ez "arto berde". (...). Bestalde, eguzkia bete-betean baita, poetak beste jauzi bat ere egin du, natura urrez jantzia ikusi baitu. Soroan zut eta bero galgatan ari den nekazariak, aldiz, "gizandi bat" dirudi bere gorputzak egiten duen itzalaren eraginez. Trenetik ikusten diren bazterrek, berriz, "gurarizko aberria"ren nostalgia eragiten diote poetari.
Lizardiren ahaleginak munduaren ikuskera ugaritu nahi luke eta poesia egiteko darabilen hizkuntza berrituz duindu, duinduz aberastu. Horren atzetik dabil poeta, jakite-hegoek igotako hizkera poetiko baten bila: bere ahotsa grabatu nahi luke, zizelak harrian nola, hitzezko moldean.
Euskarak eman duen poema liburu ederrenen artean eder, Lizardiren Bihotz-begietan da eragin handiena izan duen obra euskal poesian: ia mende osoa pasatu da argitaratu zenetik (1932) eta ordutik honako euskal poesia ezin da ulertu Lizardi gabe.
Anjel Lertxundi
Argitaletxearen oharra: Haren hitzak hegan hasi eta balirudike euren atzetik desagertu zela Xabier Lizardi. Bizi zelarik, esku artean duzun liburu hau baino ez zuen eman argitara: Bihotz-begietan. Aski izan zuen, ordea, mintzaira poetiko berri bat asmatu eta euskal lirikaren gorenera iristeko. Gerraurreko giro hertsiari leiho berriak ireki zizkion, irudi dirdiratsuz eta sinbologia oparoz. Poeta jaio zeneko 125. urtemugan eta Zarauzko Udalaren ekinbidez, jatorrizko testua egungo ortografia estandarrera ekarri dugu argitalpen honetan, Anjel Lertxundiren hitzaurrearekin, Zuhar Iruretagoiena artistaren esku hartzearekin eta, eranskin gisa, jatorrizko edizioa gehituta; guztia, Lizardiren poetikari irakurleak batzeko gogoz.
Jatorrizko testuaren estandarizazioa: Josu Landa / Susa.
Azala eta ilustrazioak: Zuhar Iruretagoiena.