Ruper Ordorika oñatiarra bere taldearekin iritsiko da igandean Donostiara “sasoi guztietako” abestiak jotzeko;gainera, estreinekoz arituko dira Kursaaleko auditorioan
Ordorikak azaroan kaleratu zuen bere azken diskoa, Bakarka;bertan bere 40 urteko ibilbidearen kantutegiko hamabi pieza hartu eta modu horretan bertsionatu zituen. Bakarkako saioak taldean egiten dituenekin tartekatzen ditu;igandean, Kursaalean (19.00etan), Asier Oleaga, Harkaitz Miner, Lutxo Neira eta David Soler lagun zaharrekin arituko da.
Azken kontzertuetan ez bezala, igandean Kursaalean taldearekin arituko zara.
-Justu orain abenduan Bilboko Kafe Antzokian grabatu genituen kontzertu pare bat lantzen nabil taldearekin. Nahasketekin ari gara eta urrirako kaleratuko dugu. Kursaalean horiekin arituko naiz, Asier Oleagarekin, Harkaitz Minerrekin eta Lutxo Neirarekin. Hamaika urte badira elkarrekin gabiltzala eta, oraingoan, gonbidatu gisa Bartzelonako David Soler izango dugu gurekin. Sasoi guztietako kantuak joko ditugu.
Ruper Ordorika agertokian bakarrik dagoenean bakarrik sentitzen da?
-Ez dakit. Bakarrik sentitzen naiz irten aurretik. Badira taldearekin aldageletako ohitura batzuk. Horiek gogoan izaten ditut, irten aurretik bakarrik egotea ez delako erraza. Agertokian bakarrik orain dela bi edo hiru urte hasi nintzen, baina ez dut bakardadearen sentimendu hori. Bitxia da. Bakarrik zaudenean beste frekuen-tzia batean sartzen zara.
Gauza ezberdinak izango dira.
-Taldearekin, beti esaten dudan moduan, beste esparru bat lortu nahi dugu. Guztiz bestelako emanaldiak dira, nahiz eta kanpotik ez dakidan nola antzematen den. Guk giro bat lantzen dugu taldearekin eta ez da gehigarri bat.
Giro hori ere, ez da bera izango auditorio handi batean edo areto txiki batean.
-Entzule gisa hori nabaritzen dut. Denok bezalatsu kontzertuetan ere izaten naiz eta iruditzen zait espazio handiak direnean beste harreman bat izaten dela. Asko ibiliak gara eta iruditzen zait gehiago pentsatu behar dugula horrelako toki batean jotzeak dakarren pribilegioan.