Irailean 10 urte beteko dira Laboratorium Museoak Bergaran ateak ireki zituenetik, eta, urteurren biribil hori ospatzeko, jardueraz betetako egitaraua prestatu dute urte osorako. Rosa Errazkin Laboratorium Museoaren zuzendariarekin hitz egin dugu, museoaren sorreraz, eskaintzen dituen zerbitzuez, Historic Site izendapenaz eta berriki martxan jarritako Laboratorium Sekretua atari digitalaz, besteak beste.
Zer da Laboratorium Museoa? Nola jaio zen?
Laboratorium Museoa gizarte-museo bat da, Errekalde jauregian, Bergaran, kokalekua duena. Euskaltzaletasuna eta unibertsaltasuna. Ekintzailetza eta ezagutza. Eraginkortasuna, gizartegintza eta jakin-mina. Euskal Herriko zientziaren sehasketako bat izatea dugu helburu, ondarea bildu, zaindu, ikertu eta ezagutzera ematen dugu, zientzia-bildumen, kimikaren, fisikaren zein zoologiaren bitartez. Jasangarritasuna eta berrikuntza dugu oinarri, eta garapen-eragile bilakatu nahi dugu.
Museoak, aurten, hamar urte betetzen baditu ere, bere sustraiak edo hastapenak haratago kokatu behar dira; izan ere, museoa inauguratu aurretik, urte askotan, lan handia egin zen Errege Seminarioaren bilduma berreskuratzeko, Europako zientzia ikerketa-zentro ospetsuenetako bat. Pertsona eta erakunde askoren elkarlanaren emaitza da proiektu zoragarri hau, Laboratorium Museoa, bisitariei zientziaren unibertsoko ateak parez pare zabaltzen dizkiena.
Zer-nolako zerbitzuak eskaintzen ditu? Zaila al da gizartea zientzian murgilaraztea?
Zientziaren mundua gizarteratu eta zientzia gizartera hurbiltzea dugu helburu. Horretarako, urte osoan zehar, erakusketak, tailerrak, bisita gidatuak, mahai-inguruak, proiekzioak, programak, ekimen zehatzak, txangoak, udalekuak... antolatzen ditugu. Jarduera horiek guztiak adin guztietako publikoari begira antolatzen ditugu, herritar guztiek zientziaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Laboratorium Museoak Historic Site izendapena jaso zuen 2018an. Zer da, zehazki, izendapen hori? Balio izan al museoa ezagutarazteko?
European Physical Society-k (EPS) ematen duen aitortza da eta zeresan handikoa, gainera. Aitorpenak Europako zientziaren historiaren erakusleihoan ipintzen zaitu. Pentsa, estatuan aitorpen hori jaso duen hirugarren lekua da Laboratorium Museoa.
Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeari esker, 2018an jaso zuen museoak aitortza hori. Izendapenean museoak eta Bergarak dituzten altxorrak nabarmendu zituzten, bertan dagoen ondare materiala eta immateriala. Laboratorium Museoa Europako zientziaren historiaren arloan kokatu du izendapenak.
Laboratorium Museoak, Bergarako Udalarekin elkarlanean, "Goruetan" beka jarri zuen martxan 2023an. Zer helbururekin?
Laboratorium Museoak Bergarako Udaleko Berdintasun Sailarekin elkarlanean abian jarritako beka da, emakumeek historian zehar euskal gizarteari egindako ekarpenak ikertzea eta ezagutzera ematea helburu duena. Finean, emakumeen ekarpena zer-nolakoa izan den jaso eta aitortza egitea ditu xede. Honako esparru hauek ditu aztergai: lana, gizartea, ekonomia, politika, hezkuntza, historia, artea, zaintza, osasuna, ikerkuntza, herrigintza zein kultur arloan egindako ekarpen historikoak.
Laboratorium Museoak 10 urte beteko ditu irailean. Zer-nolakoa izan da orain arteko bidea?
Pozarren gaude, hamargarren urteurrenak denboran geldialdi bat egin eta atzera begiratzeko aukera eskaini digulako. Hamar urte hauetan nagusiki zientzia gizarteratzen aritu gara, aurreko urte askoren ikerketa eta kontserbazio-lan itzelaren ostean. Urte askotako lanaren emaitza da museoa. Lan asko egin dugu eragileok. Ilusioa, pasioa eta elkarlana izan dira museoaren osagai nagusiak. Ibilbidea ederra izan da, oparoa, eta bide beretik jarraitu nahi dugu hamarkada askotan.
"10 urte zientziari ateak zabaltzen" lelopean, era askotako jarduerak egiten ari zarete. Zer prestatu duzue datozen hilabetetarako?
10. urteurrena ospatzeko urte osoko iraupena izango duen ekitaldiz betetako egitaraua osatu dugu. Hilero zientziaren bitartez gozatzeko aukera eskainiko du programak. Bisita gidatuak, erakusketa bereziak, tailerrak, mahai-inguruak, aurkezpenak, hezkuntza-eskaintza berria, udako programa, musika, dantza, desfileak eta hitzaldiak egongo direla aurreratu dezaket.
Gainera, 10. urteurrena baliatu duzue museoaren irudia berritzeko. Zer transmititu nahi duzue irudi berriarekin?
Iruditegi berriak zientzia eta gizarteratzea ditu sustraietan. Kontzeptualizazio horretatik eratortzen da irudi berria. Museoa zer izan den, zer den eta zer izango den ondo jasotzen du. Euskal Herriko zientziaren dibulgaziorako topagune nagusia da.
Horrekin batera, Laboratorium Sekretua atari digitala ipini duzue abian. Zer da?
Museoan topa daitezkeen fisika- eta kimika-instrumentuei buruzko plataforma digitala da. Potentzial didaktiko handia duen jolasa da, zientziaren historia ezagutzeko oso baliagarria. Haratago, Laboratorium Sekretua museoetako digitalizazioan mugarria den tresna da. Erabiltzaileek museoan bertan dauden piezak ezagutu ahal izango dituzte jolasaren bitartez eta, aldi berean, zientziaren historiara gerturatu. Atari digitala honako helbide honetan topatu daiteke: https://laboratorium-sekretua.eus/
Eta aurrera begira, zein dira Laboratorium Museoaren erronka nagusiak?
Duela hamar urte hasitako bideari jarraipena eman nahi diogu. Ezagutzaren eta berrikuntzaren bultzatzaile izaten jarraitu nahi dugu, gizarteari hausnartzeko eta zientziari buruzko ezagutza sakonagoa eskuratzeko aukera eskaini. Gizarte hobeago bat lortzeko bidean gure aletxoa ipini nahi dugu, zientziaren dibulgazioaren bitartez.
(2025eko otsailaren 20an argitaratutako Berezia)