Bilboko Aste Nagusia 2025 abuztuaren 16tik 24ra ospatuko da. Aste Nagusia da Bilboko jairik garrantzitsuena. Begoñako Andra Mari egunaren (abuztuak 15) hurrengo larunbatetik bederatzi egunetan jarraian ospatzen da urtero.
Bilboko jaiak irudikatzen dituen pertsonaia, Marijaia, ekintza gogorreko bederatzi egunei hasiera ematen dien arduraduna da. Zazpi Kaleetako kale eta plazetan, eta hiriko elkarte desberdinez osatutako konpartsetako txosnak (musika eta edariak dituzten ezarpenak) jartzen diren itsasadarreko alde bietan bereziki, antzerki ikuskizunak, kontzertu onak, munduko pirotekniarik onenak, gastronomi lehiaketak, haurrentzako jolasak eta hirian zeharreko hainbat eremutan antolatzen diren ekitaldiez goza daiteke.
1978an lehen edizioa egin zenetik, Aste Nagusiak ibilbide bete betea izan du, kalitatea eta berrikuntza ardatz direlarik, urtero jaietako programa osatzeko.
Lehen Aste Nagusiaren aurretik, abuztuko jaietan zezenketak, antzerkia, barrakak eta erakusketa folklorikoren bat egiten ziren, ez besterik. Aste Nagusia jaio zenean, herritarren partaidetza erdi erdian jarri zen.
Urteak joan, urteak etorri, uriko azpiegiturak etengabe egokitu dira gero eta jende gehiago hartzeko, jaietako eremuak zabaldu dira eta, azken batean, hazi eta aldatu egin da uriaren beraren erritmoan.
Urtero, Andre Mariaren Jasokundearen jaia den abuztuaren 15aren hurrengo zapatuan, urian ongietorria ematen dio urtean gehien itxaroten den hitzorduari. Jaiez betetako aste honetan pertsonak dira protagonista nagusiak. Udalak eta Bilboko Konpartsek osatzen duten Jaietako Batzorde Mistoak ematen diote bizia eta forma Bilboko Aste Nagusiari.
Bederatzi egunez, Bilbora datozenek era guztietako ehunka jardueratan har dezakete parte: jai-girokoak, kulturakoak, artistikoak, kiroletakoak… Denek daukate elementu komun bat: partaidetza eta giro ona. Eta gainera, Udalak antolatzen dituen 300dik gorako jarduera horiek doakoak dira.
Mari Jaia da Aste Nagusiaren ikurra. Mari Puri Herrerok 1978an sortutako pertsonaia da, Jaietako Batzordeak eskatuta.
Era berean, Bilboko jaiek abesti ofiziala daukate 1997tik, “Badator Mari Jaia”, Edorta Jimenezen berbekin eta Kepa Junkeraren musikarekin.
Urtero, epaimahai batek eta herri bozketa batek aukeratzen dute jaiak iragartzeko kartela eta Jaietako Batzorde Mistoak izendatzen ditu jaietako enbaxadore izango diren pertsona biak. Pregoilaria eta txupinera dira.
Pregoilaria Botxoan sustraitutako edo asko maite duten pertsonaia da. Eta txupinera konpartsetako kide bat izan ohi da. Konpartsa bat zozketa bidez aukeratzen da eta hark izendatzen du txupinera. Gaur arte emakumezkoa izan da beti.
Pregoilariak, txupinerak, Bilboko Udalaren jaietako zinegotziak eta Mari Jaiak ematen diote urtero ongietorria Aste Nagusia Arriaga Antzokiko balkoi mitikotik.
Eta txupina Bilboko zeruan lehertzen denean... ez dago atzera bueltarik.