Nuria Culla abeslari eta konpositore donostiarrak "Palabras que no me atreví a convertir en canción" liburua argitaratu du, urteetan zehar idatzitako poema eta testu bilduma; batez ere musikan aritzen da Culla, eta azkenean musikatu ez zituen sentimenduak, kezkak eta hizkiak jasotzen ditu artistak liburu honetan. Arturo Martínek ilustratu du liburua, Nuria Cullaren azkeneko diskoko azalaren egileak berak.
"Palabras que no me atreví a convertir en canción" liburuak poemak eta prosa jasotzen ditu, egileak adierazi nahi duena islatzen duten kolorez beteriko hitzak dira. Testuetako batzuek gertuko pertsonen galera jorratzen dute, gerraren aurreko frustrazioa, maitasuna, desoreka mentalen aurkako borroka, literaturarekiko pasioa, hainbat lekuren oroitzapena, musikaren inguruko jakingura… Horretarako, metaforak eta sinbolismoak erabiltzen ditu, kasu askotan naturarekin lotutakoak, adierazpen-mekanismo gisa
Nuriaren hitzetan: "Abesti bihurtzen ausartu ez nintzen hitzak barrenak husteko modu huts bat ziren hasieran, barrenak jaten zizkidan hori kanporatzeko modu bat (ia behar bat): intimoegia musika jartzeko, baina indartsuegia isilpean uzteko. Tinta beti izan da nire terapia, eta hau guztia liburu bihurtzea gaur egia bihurtuta ikus dezakedan amets bat da, ia sinetsi ere egin ezin dudana".
Nuria Culla abeslari eta konpositore donostiarra iaz itzuli zen musikaren agertokira, estilo, doinu eta kolore aldaketak ekarri zizkigun "Hamaika gau" bere bigarren diskoarekin. Josu Ervitik grabatu, nahastu, masterizatu eta ekoiztu zuen disko hura Iruñeko bere estudioan