Durangoko Azokaren 58. edizioa 2023ko abenduaren 6tik 10era egingo da. Aurtengo Durangoko Azoka mamitsua izango da, aktuala, bogan dauden joerak jasoko dituena. Guztira, 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Egitarauaren ezaugarri bi nabarmendu dituzte azokatik: anitza eta gaztea. Anitza, askotariko estilo eta gaiak topatu ahal izango direlako. Eta aurtengo azoka gaztea izango da, inoiz baino jarduera gehiago izango direlako gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak. Hain zuzen ere, haiei eskainiko zaie abenduaren 8ko eguna, Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin.
Landako barruan, liburu, disko eta abarren eskaintza aberatsa egongo da eskura. 257 erakusmahaitan banatuta, 170 partaide izango ditugu. Horietatik zenbait autoekoizleen stand berezian. Aurtengo uztari dagokionez, 950 nobedade erakutsiko dira: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. Esanguratsua da musika produktuen hazkundea, iaz baino 38 ale gehiago izango direlako. Nobedadeen harira, aipagarria da komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra. Berrikuntza lez, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez.
Ikasle Goiza abenduaren 7an ospatuko da. Zubi eguna izango denez, ikastetxeek bezala aisialdi taldeek ere parte hartu ahalko dute bertan. Abenduaren 7ko goizean, Durangoko Azokaren guneetan ikasleei begira antolatutako ekintza sorta egongo da, beti ere kulturaren bueltan. Sortzaileen lana gertutik ezagutu eta tailerretan sormena lantzeko aukera izango dute ikasleek. Egitaraua ikasle eta gaztetxoei zuzenduta egongo bada ere, azoka publiko orokorrari zabalik egongo da.
-Azaroaren 24an baDA!bil izeneko podkasta estreinatuko du Durangoko Azokak, EITBrekin elkarlanean. 30 minutuko bost atal izango ditu, eta bakoitzean hiru sortzaile gonbidatuko izango ditugu: Izaro Andres, Uxue Razkin, Lide Hernando, Julen Apella eta Aner Peritz, esaterako.
-Azoka Telebistak Fantasia DA! izeneko magazina ekoitziko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahalko da: tokiko telebistetan, azokaren webgunean eta youtuben.
-Aurten ez da online salmentarik egongo, azoka presentzialaren aldeko apustua egingo delako.
-Doako autobus zerbitzua martxan egongo da Iurretako autopista irteetako parkinetatik Landako inguruko Olleria kaleraino, 30 minuturo. Baina, abenduaren 10ean, domekaz, ez da erabilgarri egongo.
-Abenduaren 10ean 18:00etan itxiko dira Landakoko ateak, gainerako egunetan baino ordu bi lehenago. Hala ere, guneetako egitarauak martxan jarraituko du iluntzera arte.
-Durangoko Azoka itxi eta biharamunean, Zu Non Han DA! ekimena hasiko da. Azokako nobedadeak Euskal Herriko 88 dendatara helduko dira, eta horietatik 27tan liburu aurkezpenak egingo dituzte.