Getxophoto 2023 jaialdiaren barruan.
Telefono mugikorrak azelerazioaren sinbolo dira, baina maite ditugunekin komunikatzeko aukera ere ematen digute, gertu sentituz, distantzia gorabehera. Bereziki bereak beste herrialde edo kontinente batzuetan dituztenentzat, telefono mugikorra –edo, hobeto esanda, SIM txartela– etxe eramangarri moduko bat da, oroitzapenak gordetzen dituena eta deserrotzeari aurre egiten diona.
Ikerketa-prozesu luze baten bidez garatutako The SIM Project-en, Liz Hingleyk SIM txartelek afektuzko eta zaintzazko sare transnazionalen mantentze-lanetan duten zeregina azaltzen du. Abiapuntua migratzaileekin egindako tailer-sorta bat da, proiektuaren benetako bihotza, non parte-hartzaileek beren argazkiak eta istorioak partekatzen dituzten teknologia digitalak eta artisautza uztartzen dituen prozesu batean. Beirazko argazki-inprimaketaren teknika zaharraren bidez, pantaila-irudi bakoitza SIM txartel baten tamainako zintzilikario txiki bihurtzen da. Emaitza argazkigintzaren lehen urteetako erretratu-euskarriak irudikatzen dituzten pieza paregabeen bilduma bat da, pertsona maitatuaren irudia gorputzetik hurbil eramatea aparteko zerbait zenean, berrikuntza tekniko bikain baten emaitza.
Orain arte Afganistan, Siria, Turkia, Venezuela, Hong Kong, Senegal eta Libiatik datozen 170 partaide baino gehiagoko artelanak sortu dira Erresuma Batuan, Grezian, Finlandian, Zipren eta Italian egindako tailerretan. Proiektuak Sofie Boons bitxi-saltzailearen eta Ingalaterrako Mendebaldeko Unibertsitateko Centre for Print Research-eko Frank Mengerren laguntza du. SIM proiektua 4JET: innovations in glass-ek babesten du.
Liz Hingley Birminghamen jaio zen 1985ean, argazkilaria, komisarioa eta antropologoa da. Gaur egun, Londresen bizi da eta Kings Collegen Humanitate Digitalak ikasten ari da. Ohorezko ikertzailea da Birminghameko Unibertsitatean, eta duela gutxi AmberSide argazki eta zinema bildumaren patronatutik igaro da, UNESCOren munduko ondarea dena. Bere proiektuek sari ugari jaso dituzte, besteak beste, Lens Culture portrait prize, PhotoPhilanthropy Award, Prix Virginia eta Getty Editorial Grant. Bere liburuen artean Under Gods, End Of Lines, Sacred Shanghai eta Shanghai Sacred nabarmentzen dira. Aurretik, Shanghaiko Fudan Unibertsitatean, Londresko SOAS Unibertsitatean, Londresko University Collegeko Migrazioari buruzko Ikerketa Zentroan eta Austingo Unibertsitatean (Texas) karguak izan ditu.