Getxophoto 2023 jaialdiaren barruan.
São Paulon euria egiten duenean, ohikoa da enborrak eta adarrak galtzadaren gainera erortzea, gidarien kexak eraginez. Hiria beraiena dela sinetsita, zuhaitzei leporatzen diete trafikoa nahastearen errua. Gertakari horietatik abiatuta, eta iraultza zientifikoaren gurasoetako batek, Francis Baconek, esandakoak inspiratuta, Lucas Bambozzik bere buruari galdetzen dio ea zer gertatuko litzatekeen zuhaitzak basa-justizia moduko batekin mendekatuko balira autoez. Imajinatzen du, asfaltoan bizitzeaz aspertuta eta kutsadurak estresatuta, zuhaitzek ibilgailuak harrapatuko zituztela bahitu gisa. Bisio horiek egi bihurtzen dira Volkswagen kakalardo zuri bat eukalipto batetik zintzilik agertzen denean, suaksuntsitutako São Paulotik gertu dagoen etxalde bateko lurretan. Site-specific pieza finkaren aire zabaleko ibilbideari gehitzen zaio, sute berri baten ondorioz autoa erortzen den arte.
Argazki, bideo, fotonobela eta instalazio baten bidez, proiektu honek ironiaz jokatzen du automobilaren estatus sozialaren aldaketaren inguruan. Abiaduraren eta hiriko bizitzaren ikono zena energia- eta ingurumen-krisiaren ikur bihurtu da, hirietan sartzeko luzamendu eta debekuen mende.
Sao Paulon jaio zen, Brasilen, 1976an. Lucas Bambozzi artista multimedia da eta Gizarte Komunikazioan graduatua Belo Horizonteko Unibertsitatean. Informatikaren Filosofian maisua da Plymoutheko Unibertsitatean, eta doktoregoa du Arkitektura Fakultatean, Sao Pauloko Unibertsitatean. 80ko hamarkadaren amaieratik, ikus-entzunezko hizkuntzari buruzko azterlan eta lan artistikoak egiten ditu, arreta berezia jarriz bitarteko elektronikoetan eta horien elkarguneetan. Bere lana 40 herrialde baino gehiagotako jaialdi zein erakusketetan egon da ikusgai, besteak beste, erakunde hauetan: Moma (AEB), ZKM, Frankfurter Kunstverein (Alemania), Arco (Espainia), Arte Moderno eta Garaikidearen Museoa (Kroazia), WRO Media Art Biennale (Polonia), Georges Pompidou Zentroa (Frantzia), Habanako Bieurtekoa (Kuba), baita Brasilgo Sao Pauloko Biurtekoa edo Emoçao Art. Hainbat zinema eta bideo jaialditan ere parte hartu izan du: Videobrasil, É Tudo Verdade, Festival do Rio, Sundance (AEB), Impakt (Holanda), FID Marseilla (Frantzia), beste askoren artean. Mobile Crash proiektuak ohorezko aipamena jaso zuen Ars Electronica 2010ean, eta 2012an Sergio Motta sari entzutetsua jaso zuen. Honako proiektu hauen komisarioa izan da: SonarSound (2004), Digitofagia (2004), Life Goes Mobile (Nokiatrends 2005 eta 2006), Motomix (2006), O Lugar Dissonante (2009), ON_OFF (2012-2017) edo Visualismo (2015). Mobile Media Art Nazioarteko Jaialdiaren (2006-2012) eta Labmovel proiektuaren (Ars Electronica 2013 Ohorezko Aipamena) sortzaile eta komisarioetako bat izan zen. Gaur egun, eskolak ematen ditu Sao Pauloko FAAPen.