Loraldia 2023 jaialdiaren egitarauaren barruan.
Askatasuna du Benito Lertxundik kantak ehuntzeko haria. Kantatzeari bizitza oso bat eman du eta Askatasuna du bidaide. Saio ilunetan bidegilea izan zen, gaur, mende erdia baino gehiagoren buruan, sortzeko eta kantatzeko egarria ez du berdindu. Kimu bat zuhaitzean bezalaxe Orioko bardoak etengabe berpizten du hazia.
Gogo asekaitza, autodidakta eta moda, araudi eta ortodoxiatik at kokatu izan den kantaria. Hamazazpi disko (horietako asko bikoitzak) plazaratu ostean, kanta berriak sortzen jarraitzen du etengabe. Kontzertu honetan euskal unibertsoan bihurtu diren ereserkiek eta labetik atera berriek partekatuko dute eszenatokia.
Zuzenean azken aldi honetan batu duen lagun taldearekin onduko ditu kantuok; desikastearen beharraz edota herri menderatuaren oldar askatzaileaz ari zaizkigun kantuak. Hainbatetan Jorge Bucay argentinarraren edo Fernando Pessoaren imaginario poetikoa biltzen dutenak. Hala nola Jon Maia bertsolariak eta Paco Aristi idazleak idatzitako berbak musikatu ditu azken aldi honetan.