Maiatzaren 18an 2022ko Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da, ICOMek antolatuta, Museoen boterea goiburu hartuta. Museoek inguratzen gaituen mundua eraldatzeko ahalmena dute. Aurkikuntzaren leku paregabe gisa, gure iragana erakusten digute eta gure buruak ideia berrietara irekitzen dituzte, etorkizun hobea eraikitzeko funtsezko bi urrats.
2022ko Museoen Nazioarteko Egunean, maiatzaren 18an, museoek beren komunitateetan aldaketa positiboa eragiteko duten ahalmena aztertu nahi da, hiru ikuspegitatik:
Euskal museoek hainbat ekimen abian jarri dituzte, egun berezi horren harira.
BIZKAIAN, Bizkaiko Foru Aldundiak beste urte batez Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimena bultzatu du, Bizkaiko 44 museoekin lankidetzan. Museoak aktibo daude eta jarduerak eskaintzen dituzte urte osoan zehar. Hori dela eta, oraingo honetan Foru Aldundiak museo horien garrantzia eta eginkizuna azpimarratu nahi ditu, ez bakarrik efemeride honen inguruan, baita urteko egun guztietan ere. Horrela, edizio honetan inguratzen gaituen munduan duten botere eraldatzaileari buruz hausnartzera gonbidatzen da. Aurkikuntzak egiteko leku paregabe gisa gure iragana erakusten digute eta gure buruak ideia berrietara irekitzen dituzte, etorkizun hobea eraikitzeko funtsezko bi urrats.
Bizkaiko pinakotekek efemeride honi lotutako jarduerekin ospatuko dute Nazioarteko Eguna eta ekitaldiak eta ekintzak bi astez luzatuko dira. Horrela bisitariei museoetara hurbiltzeko aukera eman nahi zaie, ospakizun honen inguruan antolatutako programazioez gozatzeko. Herritarrek horien guztien aberastasun museistikoa ikusteko aukera dute www.museoeneguna.eus webgunearen bidez, web horretan guztiek eratzen duten Bizkaiko Museo Nagusia biltzen delako.
Guggenheim Bilbao Museoak, esaterako, doako sarrera eskainiko die bisitariei maiatzaren 18an. Txartelak online bakarrik eskura daitezke (Jarraitzaileek maiatzaren 13tik aurrera eta gainontzekoek maiatzaren 16tik aurrera). Leku mugatuak. Bilboko Arte Eder Museoak Museo baten bilduma, nola sortzen da? ekimena antolatu du maiatzaren 18rako. Bertan, “Arrue anaiak Parisen”, “Milton Glaser” eta “Agerikoaren eta ikusezinaren artean” erakusketetan barnako ibilbidea eginez, bisitariek artelanak jasotzeko bideak ezagutzeko aukera izango dute.
Bestalde, Bilboko Euskal Museoak erakusketa ibiltari bat antolatu du. “Euskal kulturaren nazioarteko atea” du izenburu, eta Euskal Museoaren etorkizuna erakutsiko du Bizkaian zehar. Hainbat herritan jarriko dute erakusketa ikusgai, espazio publiko irekietan, eraberritze integralaren ondoren Euskal Museoa zer izango den ezagutzera emateko. Bilboko Arriaga Antzokiaren zabalgunea izango du abiapuntu, hantxe egongo baita maiatzaren 12tik ekainaren 9ra. Erakusketa osatzen duten 20 paneletan erakutsiko da zer izango den museo berritua, espazio zeharo berritzailea arkitekturaren ikuspegitik nahiz museografiari dagokionez. Gune iraunkor bat, apustu egingo duena zirkuitu laburreko ekonomia, gizarte partaidetza eta hezkuntzaren eta sormenaren eraldaketa ahalmena sustatzearen alde.
Bilboko Berreginen Museoak, bere aldetik,iraganean jartzen du begirada, iragan urrun nahiz hurbilean, baina etorkizuna ahantzi gabe, betiere. Zehazki, ekimen berezi bat antolatu du “Artelana bere testuinguruan” zikloaren barruan, Museoen Nazioarteko Egunarekin bat etorrita, maiatzaren 19rako (18:00etan). Hitzaldi-ziklo hori jarduera klasikoa da jada museoaren egitarauan, klasikoa den bezalaxe ikasturte amaierako azken hitzaldia ere. Azken bi urteetan izan ezik, erakundearen administrazio eta didaktika egoitzan egin izan da ikasturte amaierako hitzaldia, Mirasol Kondearen kaleko 2. zenbakiko eraikinean, non ematen baitira museoaren marrazketa ikastaroak.
Durangoko Arte eta Historia Museoak Picassotik Barcelóra erakusketaren harira hitzaldi zikloa antolatu du maiatzean zehar, eta Itsasmuseum Bilbao museoak hainbat bisita gidatu eskainiko ditu maiatzaren 18tik 21era.
Bestalde, Gernikan, Euskal Herria Museoak eta Gernikako Bakearen Museoak egitarau bereziak antolatu dituzte egun berezi hau ospatzeko.
Zentro horiek antolatutako jarduerez gain, www.museoeneguna.eus webgunean gainerako museo bizkaitarrek egun berezi honen harira antolatutako ekimenak ere kontsultatu ahal dira.
ARABAN, hainbat jarduera antolatu dituzte Arabako foru museoetan. Ildo horretan, Museoen Foru Sareak lau jarduera programatu ditu egun horretarako: bi erakusketa, zinema ziklo bat eta hitzaldi bat. Erakusketei dagokienez, goiz horretan bertan aurkeztuko dira prentsaurrekoan, bata Arte Ederren Museoan eta bestea Arma Museoan, hurrenez hurren:
Arma Museoan, gainera, 19:00etan, Utrechteko Adrianori buruzko zinema zikloaren azken filma proiektatuko da, Carod Reed-en “El tormento y el éxtasis”. Bien bitartean, ordu berean, baina Arabako Natura Zientzien Museoak antolatuta, BIBAT Museoan, "Meteoritos. ¿Qué son y por qué son importantes?” hitzaldia emango du Jordi Llorca Piquék, Bartzelonako Unibertsitateko Kimikako doktore eta gaur egun BARCELONATECH Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko Zuzendaritza Kontseiluko kide denak Ikerketa errektoreorde gisa. Arratsaldeko bi ekitaldien sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Araban bertan, eta ospakizun honen baitan, ARTIUM Museoak jarduera-programa bat antolatu du bere ekintza hezitzailearekin lotuta eta publikoak aldaketa eta bilakaera sozial eta kulturaleko prozesuan partaide gisa egiten duen lanarekin lotuta. Ohikoa denez, eta ikusleen parte-hartzea errazteko, Artium Museoak maiatzaren 18tik hurbil dagoen asteburu batean egingo ditu jarduera horiek, hau da, hilaren 21ean eta 22an:
Raisa Álavarekin eta Irantzu Lekuerekin, maiatzaren 21ean eta 22an, larunbata eta igandea, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara
Poltsa kustomizatuak. Diseinatu ezazu zure poltsa Raisa Álava artistaren laguntzarekin. Loneta zuriko poltsa bat hartu eta zuk nahi duzun forma eta koloreekin pertsonalizatu ahal izango duzu.
Tximeleta-hodeia. Irantzu Lekue artistaren eskutik, guztion artean kolore askotako tximeleta hodei bat sortuko dugu gure lorategian, eraikinean eta Artium Museoaren plazaren inguruan pausatuz joango dena.
Maiatzaren 21ean, larunbata, 11:00etatik 12:00etara. Magnet-Erakarri topaketa: Hezkuntza, erantzukizun partekatua. Museoa eskola gisa: Magnet-Erakarri, hiru urteko lankidetza
Artium Museoak eta Barrutia Ikastolak azken hiru ikasturteetan garatu duten Magnet Erakarri proiektuaren aurkezpena, lankidetza trinko eta estuko lana.
Maiatzaren 22an, igandea, 11:30etik 12:00etara. 20 urte, 20 arrazoi baino gehiago bideoaren aurkezpena
Artium Museoaren 20. urteurrena dela eta, museoaren adiskideek ikus-entzunezko proiektu batean parte hartu dute, erakundearekin duten lotura iraunkorra justifikatzen duten arrazoi ugariak azalduz.
Maiatzaren 21ean, larunbata
12:30: Ibilbidea. Praktika artistikoak eta feminismoak
17:30: Erakusketa. Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1975-2002 aldian
Maiatzaren 22an, igandea
12:30: Erakusketa. Anna Dauiková. Not Belonging To and In Solidarity With
17:30: Erakusketa. Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta -praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979
GIPUZKOAko museoek ere bat egingo dute Museoen Nazioarteko Egunarekin. Hala, San Telmo Museoanohi bezala, egitarau berezia prestatu dute. Hasteko, maiatzaren 18an, 21ean eta 22an museorako sarrera doakoa izango da. Jardueren programari dagokionez, hilaren 18an bisita gidatu bereziak izango dira museoko erakusketa iraunkorrera; San Telmon paseatzen (17: 00etan euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz). Bisita horiek doakoak izango dira eta museoaren webgunean lekua erreserbatu beharko da. Egun honetan ere, 19:00etatik aurrera, Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko kantu ikasleek kantaldi bat eskainiko dute elizan, zarzuela pasarteetan naturaren islada ardatz hartuta; Natura zarzuela pasarteetan.
Asteburuan zehar, maiatzaren 21ean, larunbata, dantza emanaldiak izango dira goizez, Euskal dantzak, garaikidea eta klasikoa, eta arratsaldean musika emanaldiak Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleekin. Igandean, hilak 22, Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleen musika emanaldiak izango dira, goizez eta arratsaldez.
TOPIC Tolosa Museoan, ohi bezala, efemeride hori asteburu bat lehenago ospatuko dute ostiral eta larunbatean, maiatzaren 13an eta 14an hurrenez hurren, eta jarduera-programa zabala izango du.Ostiralean ate irekien eguna izango da, 16:00etatik 24:00ak arte. 20:00etan, euskaraz eta 21:00etan, gaztelaniaz, doako bisita gidatua egingo da helduentzat (izena eman aldez aurretik) eta 23:00etan, koktel zuri bat, Bide-Bideren eskutik.
Maiatzaren 14an, larunbata, ate irekien eguna izango dugu berriro, 10:00etatik 14:00etara. 11:30ean kontzertua emango dute Musikeneko interpretazio klasikoko masterreko ikasleek. Kasu honetan, taldeak Ashyma Quartet du izena, Marta Judith Angulo saxofonistak, Teresa Castañón eta Leticia del Monte klarinetistek eta Narayan Rishi saxofonistak osatutako taldea. Bere errepertorioa Singelée, Márquez, Iturralde eta Romeroren obretan oinarrituko da.
Halaber, 11:30ean, bisita gidatu antzeztuak egongo dira doan familientzat (11:30ean euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz) baina parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik. 17:00etan, FOTOPIC saria emango da eta parte-hartzaileen argazki-erakusketa inauguratuko da. 17:30ean, “Retablo de Figurillas” aldi baterako erakusketa berria inauguratuko da eta, ordu horretan bertan, familia-tailer bat izango da Argentinako Babel Teatro taldearen “Beethoven” ikuskizunaren aurretik.
Cristóbal Balenciaga Museoak, bere komunitateari dei egin dio Museoen Nazioarteko Egunaren edizio honetarako museoak antolatu dituen jarduerekin bat egitera:
Maiatzak 18. Ate irekien jardunaldia.
Museoak “Balenciaga. Izaera” erakusketa doan bisitatzeko aukera ematen du, maiatzaren 18an, 11:00etatik 19:00etara.
Maiatzak 21 eta 22 (11:00-14:00). Bira birtuala errealitate areagotuko betaurrekoekin.
Museoak errealitate areagotuko betaurrekoak jarriko ditu bisitarien esku, aurrez egindako erakusketa ikusi ahal izateko bira birtual batean. Objektuetara eta haien historia eta interpretazioetara sarbidea unibertsalizatzeko xedea du ekimenak.
Maiatzak 21 eta 22 (11:00-14:00). Workshop irekia, jasangarritasunari begira.
Bisitariek aukera izango dute, halaber, jantzi birziklatu bat manipulatu eta eraldatzeko. Era horretan, balio handiagoa emango diote, eta haren bizitza erabilgarria luzatuko dute. Laguntzailea: Emaús.
Donostiako Euskal Itsas Museoak, berriz, hitzaldiak eta bisita gidatuak antolatu ditu egun berezi hau ospatzeko. Gipuzkoan bertan, Igartubeiti Baserri Museoak ICOMek antolatutako Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du, ehungintza ardatz izango duen egitarau baten bidez; hain zuzen ere, gizartea jasangarritasunaren ikuspegitik eraldatzeko ideiatik oinarritako egitaraua antolatu dute. Horretarako, bi jarduera antolatu ditu, lihoa ehun bihurtzeko prozesuaren lan gogorra erakusteko eta jantziak berrerabiltzen laguntzeko. "Oihala ehuntzea, hori bai li(h)oaI!" familientzako tailerrean parte hartzaileek ehungintza lanbidea, lihoaren landarea ehun bihurtzeko prozesua eta oihal baten oinarrizko egitura ezagutuko dute. Bakoitzak bere oihala ehungailuan sortuko du.
Ehungintza eta jasangarritasuna gaiei helduz, publiko helduari zuzendutako "Upcycling: Bizitza berri bat eman zure arropari" izeneko tailerra eskainiko du Igartubeitik, maiatzak 22an, 11:30etatik aurrera, Leire Santillan moda diseinatzailearen eskutik. Leirek moda jasangarriari buruzko aurkezpena eskainiko du tailerrari hasiera emateko eta ondoren parte hartzaileek etxetik ekarritako arropa konpontzeko, apaintzeko edo transformatzeko aukera izango dute,Tailerrak edukiera mugatua izango du. Aldez aurretik izena eman behar da igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean, baita 943 72 29 78/72 51 07 telefono zenbakietan ere.
Gainera, maiatzaren 18an, asteazkenean, ate irekien jardunaldiak egingo dira, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, sarrerak doakoak izango dira.
Era berean, Ormaiztegin, Zumalakarregi Museoan doako sarrera eskainiko dute jardunaldi osoan zehar. Ate irekien ekitaldia goizean hasiko da, museoaren atarian panel interaktiboak ipiniz. Egun honetarako berreskuratu diren panel hauek, bertaratzen diren pertsonak XIX. mendeko pertsonaia historikoen gorputzetan beraien buruak sartzea ahalbideratuko dute, herritarren parte hartzea sustatuz.
Bestalde, Eibarko Armagintzaren Museoak errealitate birtualeko arma-simulagailu bat jarriko du jendearen eskura, elkarreraginean aritzeko eta aurrekargako suarma eramangarrien teknologia ezagutzeko. Alkizan kokatutako Ur mara Museoak, berriz, Grap-hik! 2022 ekimena antolatu du, eta horren baitan, erakusketa bat eta kontzertu bat egingo dituzte zentroan.
Gipuzkoatik irten gabe, Donostian Museum Cemento Rezolan Museoen Nazioarteko Eguna Cementos Rezola fabrikara bisita gidatua eginez ospatuko dute. Haurrentzat "Zementuzko eskultur txikiak" tailerra egingo dute.
Eureka! Zientzia Museotik maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Eguna zuekin ospatu nahi dute. Horretarako, bisitari guztiek egun horretan doan sartu ahal izango dute museora. Gainera, planetario-saioz betetako jarduera astronomikoen programa berezia eskainiko dute Planetarium digitalean. Bertan, naturak eskaintzen digun ikuskizunik ederrenetako batez gozatuko dugu, hala nola, zeru izartsua ikusteaz, eta Donostiatik ilundu ondoren ikus daitezkeen izar, konstelazio eta planeta nagusiak erakutsiko dizkiote ikusleari. Museoak 10:00etatik 19:00etara zabalduko ditu ateak. Zuzeneko saioak planetariumean (30 min): 17:15 Eusk/18:00 Gazt.
Irunen, Oiasso Erromatar Museoakere hainbat ekitaldi antolatu ditu, besteak beste, maiatzaren 18an (asteazkena), 12:00etan, Oiasso Museoak eta Caesaraugustako Ibai Portuaren Museoak zuzeneko emanaldia egingo dute Instagramen, AveMuseos ekimenaren barruan. Online jarduera bateratu hori Aragoiko museoaren ekimena da; iaz, esaterako, Cartagenako Antzerki Museoarekin partekatu zuen. Oraingo honetan, agur digitalak balioko du Irun eta Zaragozako portu erromatarren ezaugarriak, Antzinateko nabigazioa eta bi portuetako aztarna arkeologikoak berrikusteko. Jokin Lanz Oiasso museoko jardueren arduradunak eta Rubén Castells Zaragozako Udaleko Museoen Ataleko buruak parte hartuko dute, eta, amaieran, jarraitzaileen galderei erantzungo diete. Gainera, maiatzaren 18an, doan izango da museoko sarrera, bai inauguratu berri den "Erraldoien bizkarrean. Euskal arkeologiaren historia" aldi baterako erakusketa ikusteko bai Oiassoko erakusketa iraunkorra ezagutzeko. Gainera, maiatzaren 20an (ostirala), 12:00etan, "De la mano de… - … ren eskutik" proiektua aurkeztuko da. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan egin da, eta helburua du berrikuntza digitalaren bidez irisgarriagoa eta erakargarriagoa bihurtzea. Museoak QR batzuk sortu ditu erakusketa iraunkorrean zehar, bideoak deskargatzea ahalbidetzen dutenak. Bideo horietan, Oiassoko biztanleen eguneroko bizitza ulertzeko pieza arkeologikoek nolako garrantzia duten azaltzen da.
NAFARROAn, Museoen Zerbitzuak ikusgarritasun eta sentsibilizazio kanpaina bat diseinatu du, eta horren ideia nagusia da pertsona guztiei jakinaraztea museoen eta gizartearen arteko baterako lana eta erantzukizuna dela partekatutako aberastasun hori balioetsi, zaindu eta transmititzea. Halaber, nabarmendu nahi dira zentro horietan lan egiten duten profesionalek egindako lan garrantzitsua eta haien zerbitzuko bokazioa. Era berean, agerian utzi nahi da Foru Komunitateko museoen sektoreak lurraldeko enpleguaren sustatzaile gisa eta kulturatik abiatuta gizartea eta lurraldea dinamizatzeko faktore gisa egiten duen ekarpena.
Kanpaina maiatzaren 6tik 20ra bitartean eginen da, eta Museoen Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunak eta jarduera bereziak garatuko dira horren barnean. Sentsibilizazio kanpainari begira, ikus-entzunezko eduki espezifiko batzuk sortu dira: iragarki bat eta Iñaki Alforja Sagonek egindako hamabost bideo-klip. Eduki horiek zinema aretoetan, telebistan, sare sozialetan eta prentsa digitalean hedatuko dira. Ikus-entzunezko kanpaina maiatzaren 6tik 20ra bitartekoa izanen da.
Gainera, mikro webgune bat sortu da (http://museosnavarra.es eta https:// nafarroakomuseoak.eus) https://www.culturanavarra.es/eu webgunearen barnean. Mikro webgune horretan, agenda bat agertuko da, museoek Museoen Europako Gauaren (maiatzak 14) eta 2022ko Museoen Nazioarteko Egunaren (maiatzak 18) inguruan programatutako jarduerei buruzko informazio osoa eta eguneratua izanen duena. Halaber, webgune horretan Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroa osatzen duten zentro guztien datu interesgarriak eskuratu daitezke, eta ikusgai egonen dira kanpaina honetarako egindako ikus-entzunezko edukiak.
Ipar Euskal Herrian, Baionako Euskal Museoak 23:00ak arte zabaldu zituen ateak maiatzaren 14an, Museoen Nazioarteko Gauaren harira.