Yo ya me entiendo – Rafael Berrioren paradoxak erakusketak omenaldia egingo dio 2020ko martxoaren 31n hildako musikari donostiarrari. Proiektua Donostia Kulturako Ernest Lluch Kultur Etxeak ekoitzi du, eta Berrioren adiskideen eta musika eta literaturan zehar bidaide izan zituen lagun askoren bultzadari esker sortu da. Izan ere horiek guztiak, zenbait belaunalditakoak, hamarkadetan zehar adiskidetasun eta konplizitate sare bat sortzen jakin zuen musikari berezi haren miresleak dira.
Rafael Berrioren heriotzatik urtebetera, Donostia Kulturak eta adiskide talde horrek bat egin dute, covid-19ak eragindako pandemia zela-eta orduan egiterik izan ez zen agurra eskaintzeko. Horretarako jarduera sorta bat antolatu dute, artista eta gizaki gisako nortasun errepikaezin haren alderdiak azaltzearren.
Jose Luis Lanzagorta diseinatzaile eta musikariak gidatu du erakusketa-proiektua, Gorostidi-Sistiaga Arquitectos estudioarekin batera. Harkaitz Cano idazlearen kolaborazioa ere izan dute, erakusketaren gidoiaz arduratu baita, eta Angel Aldarondo errealizadorearena halaber, bere gain hartu baitu ikusizko pieza zenbaiten ardura.
Erakusketak Rafael Berrio musikariaren figura erakutsi nahi du, haren sorkuntza-prozesuaren bitartez. Artistaren bizipen eta esperientzietatik abiatuta, zenbait fase igarotzen ditu, obra buruturaino eta obra taularatzeraino helduz horretan.
Diskurtso paralelo batean, eta prozesu horren faseetan zehar, haren ahots kantaria entzuten dugu, egin zuen ibilbidean zehar bidelagun izan zituen kezkak, gaiak eta gogoetak aipatzen dizkigula, bere obrarekiko zein bisitariarekiko solasean. Kasu askotan solas kontraesanezkoa eta paradoxikoa da –“Badakit zer ari naizen”-, baina lagundu egiten digu erretratu egiazko bat osatzen, eta artista bera aurkezten digu, dituen alderdi ugarien konplexutasunarekin.
ERAKUSKETAREN ATALAK
Erakusketaren ibilbideak haren sorkuntza-prozesuaren faseek ezarri bideari segitzen dio, eta ataletan banatzen du erakusketa. Atal horiek faseak jasotzen dituzte, erakusketa-espazioan zehar baitaude kokatuta; hala, bisitariak segida batean igarotzen ditu atalak/faseak.
AURKEZPENA
Erakusketa sarrera labur batez hasten da. Horretan, Rafael Berrioren erretratu handi bat eta hiru testu ditugu, marko orokor moduko bat osatzearren: erakusketaren klabeak ematen dizkigun testu bat, Ricardo Aldarondok idatzitako artistaren profil bat, eta Berrioren beraren testu bat, “Música y letra” izenekoa.
KALEA
Atal honek Rafael Berrioren harreman sozialak eta lan harremanak ditu gune nagusi, kaleko bizitza, tabernetakoa, hark bere jendearekin, familiarekin, lagunekin izana, eta, aldi berean, haren munduan eta erakusketan bertan sartzen gaitu. Berrioren bizitza sozialak berebiziko garrantzia izan zuen, landu zuen adiskidetasun pila itzelak bezalaxe, mota guztietako barrak eta taberna-zuloak partekatuz jorratu baitzituen horiek guztiak, ezin konta ahala gauetan; eta garrantzitsuak izan ziren, halaber, egin zituen bidaiak eta hiri fetitxeak ere, leku handia zuten-eta artistaren literatur imajinarioan.
Atal honek bi zati dauzka:
Lantegia
Berrioren margolari lanbidearekin lotutako material grafikoak aurkezten dira bertan, beraren gaztaroko argazki aukeraketa batekin batera. Erakusketaren diseinuaren euskarri, kraft paperezko hondoa, pintoreek erabiltzen duten zinta itsaskorrarekin muntatua, ohiko materiala baita hori Berriok urte askoan zehar garatu zuen lanbidean.
Taberna
Bigarren zatiak taberna bateko barra baten itxura du. Barra horren hondoan argazki-materiala dago, modu nahasian jarria, formatu eta marko mota askorekin, taberna tradizionalen antzera. Argazki sortak Berrioren bizitza sozialeko irudiak biltzen ditu. Prestatutako atrezzoa –barra, botilak eta bestelakoak…- euskarria da autorearen testuetako zatiak erakusteko, ardoaren eta lagunen gaiari buruzkoen kasuan bereziki. Multzo horretan, Detritus artista donostiarraren mihise handi bat nabarmentzen da, Berrio bera fundatzaile eta sustatzaile izan zen Tertulia errante hura erretratatzen baitu.
INTIMITATEA
Atal honek artistaren sorkuntza-espazio intimoa erakusten du, hots, bizipenak eta esperientziak destilatzen diren eta obraren sorburu bihurtzen diren etapa. Giroa birsortzen du, hots, Berrio hitz, esaldi edo ahapaldi egokiaren bila bere baitan murgiltzen den giroa. Prozesuaren fase hori etxean izaten da, logelan, baina baita haren paseo eta erretiroetan ere. Bigarren egonleku honek kontrastea egiten du lehenarekin: etxe barruko gelditasuna eta gogoeta, hiriko hondoko zarataren eta hizketa hotsaren aurrean.
Atal osoa sare-errezel zuri baten atzean erakusten da, zenbait kontzeptu baitakartza horrek berekin: etxea, inspirazioaren hegakortasun eta iheskortasuna, objektuen intimitatea haien lausoduraren bitartez, eta barrenkoitasunaren gelditasuna.
Lau zati dauzka:
Liburutegia
Rafael Berrioren obran literatura da inspirazio iturri garrantzitsuenetako bat, bizi esperientziaren pare edo gorago baitago. Haren obretako askotan ikus dezakegu gogokoen zituen egile eta irakurgaien aztarna.
Zati honetan, Berrioren liburutegi pertsonala erakusten da, nagusiki liburu zaharren dendetan osatua. Esangura propioa duen corpus bat osatzeaz gain, izan ere biblioteka oro jabearen erretratua da, oinarrizko gida da haren obra, hark jaso eraginak eta horren guztiaren azpian dauden gaiak ulertzeko unean.
Era berean, atal honetan lotura bat ezartzen da Ernest Lluch Kultur Etxearen liburutegiko funtsekin; Berrioren irakurgai gogokoenetatik abiatuta ad hoc sortutako espazio bat izango du liburutegi horrek.
Etxea
Gune honek barrenkoitasun espazioa erakusten du, gogoeta eremua, fase honetan horixe baitzuen Berriok lanerako esparru, baretasun eta lasaitasun giroa behar zuelarik. Etxearen irudi estilizatua planteatzen da, gauzarik hurbilekoen eta ohikoenen bitartez, bertan ditugu-eta ohea, mahaia eta leihoa; horiek guztiek gogorarazi egiten dizkigute artistak, konposatzearren, aldian-aldian leku bazterrekoetara egiten zituen erretiroak.
Libretak
Mahai baten gainean ikusgai, hementxe daukagu Berrioren libreta bilduma, haren ibilbideko garai guztiak biltzen dituena. Kasu gehienetan obraren sorburua dira, euskarria, eta Berriok bertan jasotzen zituen bere testuetarako oharrak, hausnarketak eta prestatze lanak, urtetan zehar gainera kasu asko eta askotan. Kaligrafia bikainez betetako orriak dira, eta marratuek, probek eta saioek haren sortze ahalegin sistematiko eta itzela erakusten digute.
Libreta autografoen kontrapuntu eta osagarri gisa, idazmakinaz idatzi folio aukeraketa bat erakusten da, Berrioren obrako testu esanguratsuenetako batzuekin. Plano bertikal batean daude jarrita, libretak dautzan gainazal horizontalarekin kontrastea eginez horrenbestez, eta hodei edo konstelazio bat eratzen dute, literaturako megapartitura suerte batean gorantz. Libreta zein folioa oso balio sinboliko handiko objektuak dira haren obran.
Anatomía de una canción
Proiekzio formatuan, hemen erakutsi egiten dira Berriok, proba eta akats dinamika batez, behin betiko testua lortu arte egiten dituen pausoak. “Mis amigos” izeneko obratik abiatuta, agerian geratuko da haren lan metodoa. Proiekzioak, zenbait ahalegin bata bestearen gainean jarriz, obraren bilakaera erakusten du, azken bertsiora iritsi arte.
Kantu baten anatomiak atal hau gainditu, eta hurrengoari lotzen zaio, horretan musikarekin bat egiten baitu, poema kantu bihurturik.
ENTSEGU LOKALA
Atal honek hitzen eta musikaren bat-egitea erakusten du. Honetan, musikak egokitu egin behar du jada sortua den letrari, ezin konta ahala proba eta saiakeraren bitartez. Eginkizun bikoitza betetzen duen espazioa da. Batetik, Berrio bertan aritzen da osagai biak urtzeko alkimian eta, bestetik, bertan entseatzen ditu kantuak, hitzaren zentzurik tradizionalen eta arruntenean. Horrela zabaldu egiten dugu entsegu hitzaren esangura, ‘kantuaren sorrera’ esangura intimoenetik esangura kanporakoiarenera helduz, obra taularatzeko ‘prestakuntzarenera’ alegia.
Espazio honek bost zati dauzka:
Kaseteak
Erakusmahai batean artistaren laneko kaseteak erakusten dira; horietan geratu dira erregistratuta egin zuen obra osoaren probak eta maketak. Horietako batzuk “soinuzko libreta” dei ditzakegunak dira, hau da, probak eta entseguek segitzen duten euskarriak, hitzekin bat egingo duen musikaren bila orain. Hemen Anatomía de una canción-en bigarren partea erakusten da, “Mis amigos”en ahaleginetako audioekin.
Interes berezikoa da, era berean, beste kasete multzo bat; obra argitaragabeen edo argitaratu gabeko bertsioen maketak dira.
Tresneria
Espografiak ohiko entsegu lokal bateko giroa birsortzen du, paramentu isolatzaileak, zurezko paletez egin armazoiak, alfonbrak eta bestelako tresna batzuk baliatuta. Berrioren musikak –haren ibilbide artistiko osokoak, eta modu ausazkoan– etengabe betetzen du alderdi hau, lurrean jarritako soinu-monitoreen bitartez.
Musikarako tresna multzo batekin batera, tartean baitira kableak, mikro-oinak, atrilak, etab., musikariaren gitarra eta anplifikadore bilduma erakusten da.
Irudi horma
Espazioaren itxituretako bat egiteko, Rafael Berrioren irudiak erakusten eta gainjartzen dira, egin zuen ibilbide osokoak. Irudi horma hori osatzen dutenak, hala, paperean erreproduzitutako eta horman itsatsitako argazkiak dira, hainbat ikuskizunetako kartelak, zenbait argazkiren jatorrizko kopiak, eta baita beste komunikazio euskarri batzuk ere, flyerrak, gonbidapenak eta sarrerak kasu, besteak beste.
Horien ondoan, bideo-monitore batean, muntatze batek artistaren irudi mugimendudunak erakutsiko ditu.
Diskografia
Berrioren diskografia urrezko diskoen bilduma gisa aurkezten da. Formula ironikoa da, eta, aldi berean, formatu egokia eskaintzen du erakusketara begira.
Neurri uniformeko markoen bilduma bat da, eta bertan aurkezten da obra argitaratua, balio dokumentala eransten dioten elementu grafikoekin osatuta, horien artean baitira argazkiak, marrazkiak, bozetoak, eskuz edo makinaz idatzitako orriak edo beste material interesgarri batzuk.
Anatomía de una canción-en hirugarren zatia azaltzen zaigu hemen, “Mis amigos” kantuaren audioaren bitartez; audio hori behin betiko bertsioa da, dagokion albumean argitaratu zena.
Prentsa
Ironia kutsua duen beste alderdi bat da, diskografiaren osagarria, eta egunkariko aipamen sorta bat erakusten du, “Kritikak dio…” moduko batez, bideo-monitore batean, Hollywoodeko film zaharrak gogorarazten dizkigun muntatze batez.
AGERTOKIA
Erakusketako azken espazio hau, egiaz, Ernest Lluch Kultur Etxearen ekintza aretoa da, erakusketaren agertoki bihurtua. Hemen kontua da aurretiko espazio guztietan erakutsitako guztiari bizia ematea, eta ikusleekin eta Berrioren jarraitzaileekin lotzea.
Simulacro Gunea izena eman zaio, eta aretoari, berez erakusketaren atrezzoa den arren, gehitu egingo zaizkio omenaldia eskaintzen zaion kantuaren erreferentzia diren baliabide grafiko batzuk.
Baina atal honen erdigunea, mamia, espazio honetan izango diren solasaldi eta jardueren egitaraua da; hurrengo lerrootan zehaztuko dugu.
ERAKUSKETAREN ZENBAIT DATU
SIMULAKRO ESPAZIOA
Simulakro Espazioa da erakusketa osatzen duten jardueren zikloaren izenburua. Sergio Cruzado musika ekoizleak koordinatu du ziklo hau, eta lau hitzaldik, hiru proiekziok eta kontzertu batek osatzen dute.
Bertan Berrioren lagun eta artista hurbilenetako askok hartuko dute parte, eta haren nortasunaren eta lanaren hainbat alderdi jorratuko dituzte. Jarduera guztiak Ernest Lluch kultur etxeko areto nagusian egingo dira.
HITZALDIAK
APIRILAK 15
ABESTI BATEN ANATOMIA
HARKAITZ CANO & RAFA RUEDA
19:00 EU
Berrioren grabazio argitaratu gabe baten bitartez, Harkaitz Cano idazlea eta Rafa Rueda musikaria Berrioren sormen prozesuko etapetan murgilduko dira, bai letrari bai musikari dagokionez.
APIRILAK 22
DIÁLOGO DE MÚSICOS
PEDRO HAVOC, JUAN CARLOS LANDA, JOSERRA SENPERENA, DIEGO VASALLO
19:00 ES
Berrioren musika ibilbidea luzea izan zen. 16 urte eskas zituela, 80ko hamarkadan, UHFren hastapenetan hasi zenetik 1971 diskotik bakarlari gisa izandako ibilbide heldura arte, Berriok estiloei eta generoei beldurrik gabe heltzeko erraztasun txundigarria izan du, zalantzarik gabe, eta bere hizkera eta kaligrafia belaunaldi askoren sormenarekin laguntzen jakin izan du.
APIRILAK 29
EL INCREÍBLE LEGADO ARTÍSTICO DE UNA PERSONALIDAD NIHILISTA
RICARDO ALDARONDO, JUAN G. ANDRÉS, GREGORIO GÁLVEZ, EDUARDO RANEDO
19:00 ES
Lau kritikari eta kazetariek Berrioren sorkuntzaren malgutasuna aztertuko dute, gai baitzen generoetan eta garaietan jauzi egiteko, beti bikaintasunez. Berriorena nortasun iheskorra, apaina eta bitxia da, probokatzea gustuko zuen ume handi batena, prentsaren konplizitatea eta adostasun osoa lortu zuena bere ibilbide guztian.
MAIATZAK 6
DE "ARCADIA EN FLOR" A ABSOLUCIÓN: MI RELACIÓN CON RAFA BERRIO
JONÁS TRUEBA
19:00 ES
Berrioren lagun Jonás Truebak, Absolución liburuaren editore izan zenak (musikariari azken hilabeteetan zirrara handiena sortzen zion proiektuetako bat), Donostiako artista zinemara eraman ahal izan zuen, La reconquista filmean jo zuen “Arcadia en flor” abestiari esker.
Jonás Truebak kantu hori idazteko prozesuaz hitz egingo du, elkarri bidali zizkieten e-mailez eta egin zuten bideoklipaz. Argitaratu gabeko grabazio batzuk ere aurkeztuko ditu, Absolución liburua ahaztu gabe.
PROIEKZIOAK
APIRILAK 23
VITRINA PINTORESCA
RAFAEL BERRIO
19:00 ES
2015eko Liburuaren Egunean, Koldo Mitxelena Kulturunean hitzaldi bat eman zuen, bere literatur erreferentzia handietako bati buruz: Baroja.
Vitrina pintoresca hitzaldi horren grabaketa da, Tontxu Ipiñak editatua.
APIRILAK 30
1971
TEATRO DEL TEMPLE & RAFAEL BERRIO
Teatro del Temple konpainiak sortutako Rafael Berrioren izen bereko kantan oinarritutako 1971 dantza ikuskizunaren grabaketa, hark ikuskizuna zuzeneko musikaz akonpainatu zuen.
MAIATZAK 7
LA RECONQUISTA
JONÁS TRUEBA
19:00 ES
Berrioren musika La reconquista (2016) Jonás Trueba zuzendariaren filmaren zutabeetako bat da. Donostiako musikaria, filmean hainbat kantu jotzen agertzen dena, bertako kantu nagusiaren, “Arcadia en flor” izenekoaren, autorea da.
KONTZERTUA
MAIATZAK 13
LOS AMIGOS DE RAFA
AMA, BASSMATI, PABLO BLIX, CHARLY AND PAVLYUCHENKO, DERIVA, HAVOC, INFAME, NIÑOS FUTUROS, PAJA, RUMANO POWER
Jarduera ziklo horretan kontzertu bat ere egon behar zen. Haren lagunetako asko bilduko dira, Berrioren musika oholtza gainean goraipatzeko.
Jarduera guztietan gonbidapena beharrezkoa da. Gonbidapenak jarduera bakoitza baino 7 egun lehenagotik eskuratu daitezke amarakulturetxea@donostia.eus posta elektronikora idatziz.
EL HIJO INGOBERNABLE DE LA LUZ DEL SOL
Rafael Berriok Donostian zerbait utzi badu, kantu gogoangarriez eta testu bikainez gain, lagun sorta itzela da. Horiek guztiek dituzte kontzertuen, elkarrizketen eta gauen oroitzapen ezabaezinak. Legatu horri omenaldia egin nahi dio ekimen herrikoi, independente eta autogestionatu honek, “Eguzki argiaren seme gobernaezina” jarduera zikloak.
BerrIo joan ohi zen Donostiako hainbat taberna, liburu denda eta jatetxetan egindako kontzertu, entzunaldi eta erakusketa zirkuitu bat da. Leku horietan oroitu egin Berrio, haren kantuen, argazkien, bideoen, liburuen eta gustuko plater eta ardoen bidez.
Lurralde “berrioar” hori El Muro, Dabadaba, LeBukowski, La taberna de Egia, Iparra, Tedone, Artekok, Re-Read eta Gerald's establezimenduek osatzen dute. Horietan guztietan Berrioren esaldiak egongo dira atriletan, eta edizio berezi bateko ardo botila bat irekiko da.
Kontzertu bereziak
Apirilaren 18a
Infame & Paja
Dabadaba 19:00
Apirilaren 25a
Ama, Pedro Havoc, Bassmati, Edorta Subijana
LeBukowski Musilakluba 19:00
Maiatzaren 2a
Charly & Pavlyuchenko & Amigos, Xabi Señor No, Para qué engañarnos
Dabadaba 19:00
Maiatzaren 9a
Deriva & Niños Futuros
LeBukowski Musikakluba 19:00
Entzunaldiak
El Muro tabernaren beheko solairuan entzunaldiak egingo dira, asteazkenero, 18:30ean. Hau da zerrenda:
03/31 Amor a traición
04/07 Una canción de mala muerte
04/14 Harresilandia
04/21 Planes de fuga
04/28 Paradoja
05/05 1971
05/12 El Muro sorta
05/19 Argitaratu gabeko kantuak
Erakusketak
Arteko galerian Berrioren hainbat erretratu egongo dira ikusgai, Detritusek ilustratuak, baita Thomas Caneten argazki bat ere. Erromantizismoa omentzeko Liedererako konposatutako kantuak entzun ahalko dira.
LeBukowskin eta La taberna de Egian Iñaki Pernánen argazki erakusketa bat ere bisitatu ahalko da: No pienso bajar más al centro.
Re-Readeko liburu dendako cornerra
Re-Read liburu dendak, Rafaren etxe ondokoak, corner bat edukiko du, Berriok bere azken urteetan maileguan hartutako liburuen zerrendarekin. Irakurtzea zen bere zaletasunetako bat, eta horretara inguratzeko aukera bat izango da.