Durangoko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak

Durango 2019(e)ko Martxoak 31
  • Durangoko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak

Durangoko Udalak koordinatzen duen egitarau zabalean, Gerediaga Elkarteak aurten lau ekimen kudeatuko ditu: argazki erakusketa bat, dokumental baten emanaldia, bonbardaketaren aztarnetatik bisita gidatuak eta bonbardaketan hildakoei oroimen ekitaldia.

Ekitaldiz ekitaldi, hona hemen bakoitzari dagozkion zehaztasunak

  • Irudi izoztuak vs izoztutako oroimenak

Erakusketa . Martxoaren 25etik apirilaren 23ra.

Andra Mari basilakaren ingurukok hormetan, formatu handiko argazkiak eskegiko dira. Gerediaga Elkartearen dokumentategian gordeta dauden argazkien aukeraketa bat da. Guztira, 22 irudi. Bonbardaketen unea eta osteko hondamendia argi erakusten dituzten argazki zaharrak dira.

 

  • Durango, isildutako bonbardaketa

Dokumental emanaldia. Zugaza zineman. Martxoak 28, osteguna.

Bi emanaldi: 18:00etan gazteleraz, 20:00 euskaraz.

2007an Durangoko Udalak, EiTBk eta Digytal ekoiztetxeak egindako dokumentala da. Bonbardaketako testigantzak, filmoteketako irudiak, bonbardaketaren ondorioen irudikapena etabar biltzen ditu. Elkarrizketak Juanan Hernandez kazetari durangarrak egin zituen eta zazpi lekukoren testigantzak batu zituen: Jose Manuel Azurmendi, Jone eta Maitena Beslaustegigoitia, MªPilar Echevarria, Demetrio Arrinda, Jesus Moreno Leibar eta Esteban Cuevas. Eurekin batera, Josu Chueca historialaria eta Jon Irazabal Gerediaga Elkartean bonbardaketa ikertu duen bazkideak ere parte hartu zuten kontakizunean.

Gerediaga Elkarteak interes berezia dauka bonbardaketako lekuko izan eta dokumentalean berba egiten dituztenen jatorrizko grabazioak eskuratzeko, elkartearen dokumentategian gordetzeko. Material hori, elkartean gordeta dagoen besteekin batera, etorkizuneko ikerketa eta zabalkunde lanetarako balioko luke. Lekukoak, zoritxarrez, hilda daudenez, euren familiartekoei dei zabala egiten diete Gerediaga Elkartetik, daten eta irudien babeserako legeak bete ahal izateko, grabazioak eskuratzea erreztuko duen euren baimena emateko.

Emanaldiaren amaieran, dokumentalaren gaineko solasaldi laburra izango da eta elkarrizketak egiten ibilitako Juanan Hernandez kazetariak parte hartuko du.

 

  • Bonbardaketaren aztarnak

Doako bisita gidatua. Martxoak 30, larunbata. 11:00 gazteleraz / 12:30 euskaraz

Esteroskopikoekin egingo da bisita eta bonbardaketak eragindako suntsiketaren irudi zaharrak ikusteko aukera izango da. Ordu  t’erdiko bisita da oinez, eta edozeinek egitekoa, Durangoko kaleetan zehar. Topalekua: Kurutzesantu Museoan (egungo turismo bulegoan)

Leku kopuru mugatua da eta ezinbestekoa izango da izena ematea: gerediaga@gerediaga.eus / 946818066

 

  • Bonbardaketan hildakoei oroimen ekitaldia

Martxoak 31, igandea. 20:00etan, Andra Mari basilikaren elizpean.

Durangoko  bonbardaketaren aztarnak jasotzen dituen ikus-entzunezko laburra eskainiko da. Idoia Bediaga abeslariak egingo du aurten bonbardaketaren kantuaren bertsioa. Lore eskaintza, berriz, Mari Ardanza durangarrak egingo du, Idoia Bediagaren amamak. 91 urte daukaz eta San Fausto auzoan bizi izan zuen bonbardaketa. Ohorezko dantza emanaldia Kriskitin dantza taldearen eskutik izango da.


Laburrean

Non

  • Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco. GeoEuskadiOtros...

    Source: Esri, DigitalGlobe, GeoEye, Earthstar Geographics, CNES/Airbus DS, USDA, USGS, AeroGRID, IGN, and the GIS User

  • Ver localización en GoogleMaps