Bidebarrieta Kulturguneak – Bidebarrietako Liburutegi barruan dagoen espazioak–, Bilbok urtero poesiarekin duen topaketa handia jasoko du martxoaren 15etik 23ra, bederatzi egunez. Martxoan finkatzeko helburuz, data aldaketa izango du BILBAOPOESIA jaialdiak, Blas de Otero Bilboko poeta handiari eskainitako egun instituzionalarekin eta Poesiaren Mundu Egunaren ospakizunarekin bat egiteko.
BILBAOPOESIAko edizio hau martxoaren 23an itxiko da, Leire Bilbaok (Ondarroa, 1978), Ben Clarkek (Eivissa, 1984) eta Karmelo Iribarrenek (Donostia, 1959) eskainiko duten errezitaldiarekin, Pello Ramírezek biolontxeloan lagunduta.
Haur literaturan izan duen ibilbide emankorraz aparte –Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria lortu zuen "Xomorropoemak eta beste piztia batzuk" lanarengatik–, Leire Bilbaok helduentzako bi poema liburu idatzi ditu: "Ezkatak" (Susa, 2006) eta "Scanner" (Susa, 2011). Poema horietako batzuk hainbat antologiatan bildu dira, eta zenbait hizkuntzatara itzuli dira.
Ben Clarki dagokionez, azkenengo Loewe Poesia Saria irabazi du, "La Policía celeste" poema liburuarekin. Karmelo Iribarrenek , bestalde, 18 poema liburu argitaratu ditu, eta azkenak, "La frontera y otros poemas", argia ikusi berri du.
Bakoitzak bere irizpide pertsonalen arabera hautatutako poema aukeraketa errezitatuko du, eta ekitaldia euskaraz eta gaztelaniaz izango da.