IV. "Zabaliburu" liburu eta irakurketa jaialdia datorren astean egingo da, jende guztiarentzako ekitaldiekin eta Patxi Zubizarretaren sari baten estreinaldiarekin

  • IV.

  • Apirilaren 7tik 12ra, Zabalgana gizarte etxeak idazleen bisita jasoko du, eta tailerrak, ikuskizunak, ipuin kontalariak eta azken eguneko azoka hartuko ditu
  • Aurtengo gaiak literaturaren eta kirolaren arteko erlazioa du ardatz

Zabalgana Gizarte Etxeak eta Zabaliburu elkarteak irakurketarekin zerikusia duten jende guztiari zuzendutako jarduerak antolatu dituzte datorren asterako. Zabaliburu liburu eta irakurketa jaialdiaren 4. edizioak kirola du ardatz aurten, eta hainbat berrikuntza dakartza, hala nola sari baten sorrera, aurten Patxi Zubizarreta idazleari emango zaiona.

Aurtengo leloa hau da: "Irakurlaria naiz, irakurtzea ere kirola da". Argi dago aurtengo gaiak irakurketaren eta kirolaren arteko erlazioan sakondu nahi duela. Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiko eta Gizarte Etxeetako zinegotziak azaldu duenez, "bateraezinak diruditen arren benetan alderdi komun asko dituzten bi jardunbide batu nahi izan ditugu, hala nola zein osasungarriak diren biak praktikatzen dituzten pertsonentzat". Bestalde, Rocío Marquez Zabaliburu elkarteko presidente eta jaialdiaren sustatzaileak zehaztu duenez, "liburuak eta kirola hainbat diziplinatatik lotzen dituzten jarduerak prestatu ditugu, herritarrak euren burua entrenatzera eta gorputza lantzera animatzeko, guztiok irakurlari, irakurketaren kirolari bihur gaitezen".

Jaialdia Vital Fundazioaren laguntzarekin antolatu eta finantzatu da, Zabalgana gizarte etxearen inguruko proiektu gisa, eta helburu hauek ditu: irakurzaletasuna sustatzea, herriko idazleak ezagutaraztea, tokiko liburu-denden eta argitaletxeen bidez sektoreari laguntzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea.

Zabaliburu Jaialdiak apirilaren 7tik 12ra izango ditu jarduerak. Fernandez de Landak adierazi duenez, "jaialdi honetan herritarren parte-hartze aktiboa funtsezkoa da. Adibide gisa, Kaleko Hezkuntza programak ComiCuento-rekin, Zabalgana institutuak kontakizunen erakusketa batekin, eskolak irakurketa maratoiarekin, bizilagunek Ongi etorri bizilagunak programarekin eta abarrekin kolaboratzen dute".

Aurtengo nobedade garrantzitsuenetako bat lehen Zabaliburu Sariaren sorrera da. Sari hori Ordizian jaio eta duela hamarkada batzuetatik Gasteizen bizi den Patxi Zubizarreta idazleak jasoko du, bere ibilbidea aintzatesteko. Saria Zabalgana LHIko ikasleek parte hartuko duten eta irakurketa maratoi batean idazlearen liburuetako batzuk irakurriko dituzten ekitaldian emango zaio.

Ikusi egitarau osoa


  • DataApirilak 3
  • Gaia Literatura