Errobi taldeak 50. urteurreneko kontzertua emango du maiatzaren 4an Bilbon

  • Errobi taldeak 50. urteurreneko kontzertua emango du maiatzaren 4an Bilbon

Errobi taldearen sorreratik 50 urte pasa diren honetan, ospakizun kontzertu berezi bat iragarri du Mixel Ducau eta Anje Duhalde bikoteak.

Bilboko Rekalde aretoan eginiko prentsaurrekoan iragarri dute Euskal Herriko rockaren aintzindari izan zirenak berriro taularatuko direla udaberri honetan, urteurren borobil hau probestuz, ospakizun berezi bat egiteko.

Bilboko Euskalduna Jauregian izango da zita berezia, maiatzaren 4an, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin antolaturiko kontzertuan. Ateak 18:15ean irekiko dira, eta emanaldia 19:00etan hasiko da.

Taldeak bere ibilbide osoko abesti ezagunak errepasatuko ditu bertan, publikoa abesten eta dantzan jarriz. Ohikoak dituzten gitarra eta ahotsez gain, primerako taldekideak izango dituzte lagun oholtzan: Txomin Duhalde baterian, Rémi Gachis gitarran eta Iñigo Telletxea baxuan.

Kontzerturako sarrerak gaur bertan, martxoak 12, jarriko dira salgai, 12:00etan, www.euskalduna.eus webgunean (30 euro + kudeaketa gastuak), eta, lehenago agortuko ez balira, 35 euroan eskuratzeko aukera izango da egunean bertan Euskaldunako leihatilan.

Mauka

  • DataMartxoak 12
  • Gaia Musika