Egin irribarre! Esan PA-TA-TA! Hiru, bi, eta… klik!
Eskultura publiko batekin hasi da dena. 360 gradutan barrena, norabide guztietarako beso eta adarrak dituen forma eragabe bat, errotonda erdian hain justu. Ez da, hala ere, erdian jarri dutenera sarrera galarazten edo berau duinki ikustea zailtzen duen errotonda horietako bat. Ez. Gertuko objektua da eskultura hau, ia eskuz uki daitekeena, trafikoak horretarako bide ematen badu.
Metro gutxira, espaloian, iturri bat dago. Sinbolismo handiko elementua da hori ere, artearekin eta publikotasunarekin estuki lotua, bere funtzio soziala betetzeaz gainera. Itzul gaitezen baina eskulturara. Badira bertan hizki batzuk, itxuraz nahasiak. Multzoak badu jada afektu patina bat; onartu egin du inguruak. Imajinario kolektiboaren barruan dago, gurekin bizi da. Paisaia eskulturarik gabe irudikatzea, krudela litzateke kasik. Nortasun ezaugarria baita, objektua baino. Milaka irudiren atzealdean dago, ekitaldien lekuko da, eta gertaeren protagonista. Edonork nahi duena izan liteke, umeen marrazkien gisara.
—Egin dezagun argazki bat.
—Eskulturarekin? Nola? Hura atzean dela? Igo al gaitezke gainera? Eta beharbada…?
Beharrezkoa al da argazki bat egiteko asmoa, inguratzen gaituenarekiko beste erabilera eta harremanak irudikatzeko?
Zer botere du irudiak gure jokaeran?
Ezagun dugun hori, ikusmolde berriz ikus al dezakegu kamera bidez?
Irudika dezagun, bada.
Nondik datoz gauzekin erlazionatzeko gure moduak?
Ikasi egiten al dugu?
Oinordetzan hartu?
Asmatu?
Nondik?
Seinalea da, bankua, edo eskultura? Igo al naiteke gainera?
Seinaletika izan daiteke eskultura; zerbaiten adierazgarri, pizgarri, identifikatzaile… eta formarekin, grafikotasunarekin, kolorearekin eta abstrakzioarekin lotutako ariketa ere izan daiteke seinaletika, aldi berean.
Liluragarria da zeinen abstraktua izan daitekeen bide-kodea, eta nola konturatu gabe barneratzen dugun, modu naturalean harekin bizitzeraino. Abstrakzioa ez da arazo; geure egiten dugu, poltsikoan daramagun telefonoaren gisara.
—Itxaron, ez dut topatzen. Poltsan sartuko ote nuen? Motxilan? Jakako poltsikoetan, galtzetan, gerriko poltsatxoan…?
Infinituak, izugarriak, eta are, immaterialak ere izan daitezke gauzak gordetzeko gure poltsikoak. Etxe baten tamaina izan dezakete, eta esperientzia amaigabeak barruan izan… edo infinituak izan daitezke beren horretan.
Gure historiako poltsiko bakoitza berraztertu beharko genuke beharbada, bertan zer gordetzen dugun deskubritu, eta aztertu; kontatzea merezi duen erabaki.
Agian, gure historia lagundu dezan nahi dugun musika hori konposatzen ikasi beharko genuke.
Baina oraingoz, jar gaitezen hor.
Esan: Patata!
----
2025 / Maiatzak / 08 – 19:00
Erakusketaren inaugurazioa eta aurkezpena
2025 / Maiatzak / 23 – 12:00
Proyecto Hemen-en obraren aktibazioa
– – – – –
Maiatzak 19 eta 26, Ekainak 2 eta 6
IKASTAROA
DJ IKASTAROA Puñales-ekin, 16 urtetik gorakoentzat.
Doan.
Izen-ematea maiatzaren 14ra arte, Gazte Informazio Bulegoan:
gazteinfo@amorebieta.eus / 946300649
– – – – –
Partaideak
Bitartekaria:
Testu kritikoa: