Euskadiko Filmategia 1978an eratu zen, helburu jakinekin: zinema oro har eta euskal zinema bereziki aztertzeko interesgarriak diren filmak edo ikus-entzunezkoak ikertu, berreskuratu, artxibatu, gorde eta erakustea, bai eta kulturaren edota historiaren ikuspuntutik gordetzea komeni den agiriak eta material teknikoa bildu eta zaintzea ere.
IKERKETA
Izena, kokapena eta jarduera-eremua kontuan hartuta, Euskal Zinema du helburu nagusi; hau da, Euskal Herriarekin zerikusia duten dokumentalak, fikzioa eta historiako zein zinemako agiriak.
BERRESKURATZEA
Funtsezkoa da profesionalek edota amateurrek egindako materiala berreskuratzea, ondoren haiek gorde, identifikatu eta edukia edonork eskuratu ahal izateko. Beharbada, dokumentu argitaragabeen arloan, zinemagile amateurrek eta partikularrek konturatu egin behar dute oso garrantzitsua dela dokumentu horiek zaintzea, egungo eta etorkizuneko belaunaldiek ezagut ditzaten.
ARTXIBATZEA ETA GORDETZEA
Fondoak artxibatzeko eta gordetzeko, arlo horretan espezializatutako nazioarteko erakundeek erabakitako arauei jarraitzen zaie. Materialak gordetzeko, aintzat hartu behar dira material horietako bakoitzaren berariazko ezaugarriak.
HEDAPENA
Filmategiak aldian aldiko proiekzioen bidez egiten du lan hori. Horrez gain, euskal zinemari, gure zinemagileei eta, oro har, zinemari buruzko ikerketak argitaratzen ditu. Zerbitzu-prestazioa gure jardueraren alderdi garrantzitsua da. Gure instalazioetan, filmategiko eta liburutegiko fondoak kontsulta daitezke, kopiak mailegatzen dira, irudiak uzten, bisita gidatuak egiten...