"Kortxoaren dilema"

  • "Kortxoaren dilema"

Endreduzko thriller politikoa bi aktorerentzat, espazio eta denbora unitate bakarrean.

IRAKASLEA (70 urte) Etika eta Filosofia Politikoan katedradun jubilatua da, ezkertiarra, polemikoa eta itzal handikoa. Noam Chomsky iberiar bat.

Pronostiko gaiztoko minbizia dauka, baina sendatzeko aukera sortu da ezustean. Aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman dion radioterapia ekipamendu batean tratamendua har dezake. Iritzi publikoak goraipatu egin du donazio hori. Bakan batzuk, ordea, gaitzetsi egin dute. Haien ustez buru zuritze bat da, trilero baten trukoa, legez ordaindu beharko lituzkeen zergak ez ordaintzeko, eta bere enpresetan agertu diren trapu zikinak estaltzeko. Aberatsaren amarru horren salatzaileetako bat, nabarmenetakoa, Irakaslea izan da.

Orain erabaki latza hartu behar du: bere printzipioekiko leiala izan eta bizitza salbatzeari uko egin ala prakak jaitsi eta filantropoari ipurdian pot egin.

Gaur hartu du erabakia. Publikoki iragartzera doan unean, ezezagun bat, bere IKASLEA (60 urte) izandako bat, agertuko zaio ezustean. Aspaldiko kontuak garbitzera dator.

Zergatik komedia politiko bat?

Zaila da gaur egungo antzezlan bat genero klasikoen muga zorrotzen barruan sailkatzea. Kortxoaren dilema honek sakontasun handiko gatazka politikoak eta dilema etikoak baliatzen ditu, baina ez da drama bat, komedia politikoa baizik. Zergatik-eta bere egituragatik.

Antzezlan hau endreduzko komedia bihurtzen da trama eroagatik. Etengabe irteten dira ustekabeko untxiak txisteratik. Ustekabeok egoera bakoitzaren norabidea errotik aldatzen dute, pertsonaiak eta, ondorioz, ikusleak ere ezustean harrapatuz. Ezer ez da hasiera batean ematen duena.

Eta politikoa da, kontzeptuaren alderik intimoenean, pertsonaiak amildegiaren ertzean kokatzen dituelako. Bizitza bera joka dezakegu, zenbait printzipio politiko mugaraino asumituz gero.

Etika, koherentzia, traizio eta mendekuei buruzko joko teatral bat da Kortxoaren dilema.

Borroka honetan, bizitza galtzen ez duenak dignitatea galduko du.

Borroka latza eta nahasia izango da, post egiaren eta fake-en garai ilun honetan, zaila delako bereiztea zer den zinezkoa eta zer faltsua.

Fitxa artistikoa

  • Egilea: Patxo Telleria
  • Zuzendaria: Mireia Gabilondo
  • Eszenografia: Fernando Bernués
  • Aktoreak: Patxo Telleria, Mikel Martinez (euskarazko bertsioa) / Ramon Barea (gaztelaniazko bertsioa)
  • Zuzendari laguntzailea: Aitor Borobia
  • Jantziak: Ana Turrillas
  • Espazio sonoroa: Adrian Garcia de los Ojos
  • Eszenografiaren eraikuntza: Raul Arraiza
  • Argiztapena: David Rodriguez
  • Kartelaren diseinua: Paradox
  • Ekoizpen exekutiboa: Pio Ortiz de Pinedo, Myriam Garzia
  • Estreinaldi-urtea: 2023 (euskarazko bertsioa), 2024 (gaztelaniazko bertsioa)

Laburrean



Hurrengo ekitaldiak