Aurten lehenengo aldiz Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak TopAraba egitasmoa jarri dute martxan. Kultura diziplina ezberdinetako norbanako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da, eta euskarazko kultura sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea izan ditu helburu.
Egitasmoak otsailaren 27an eman zituen bere lehen pausoak Oihanederren egin zen egun osoko topaketan: goizean aditu ezberdinen ekarpenak jaso zituzten, eta arratsaldeko saioko laborategian kultur sortzaileek beren artean elkar ezagutu eta diziplinarteko proiektu zehatzen inguruan saretzeko aukera izan zuten.
Saretze horretatik honako egitasmoa izango da aurrera aterako dena: Mamiak kolektiboaren Ogiak hizketan baleki antzerki performatikoa.
Diziplina ezberdinetako sei sortzailez osatuta dag Mamiak kolektiboa:
Ogiak hizketan baleki. Gasteiz 1835-1836: hiri okupatuaren kronika bat
1836an gaude, Gasteizen, lehen karlistaldian. Josefa de Mugika alarguntzear da. Hiru egun barru, hiriaren erdialdea okupatzen duten tropa ingelesek bere senarra, Jose de Elosegi okina, exekutatu behar dute, Gasteizko Plaza Zaharrean, milaka soldadu atzerritar suharturen aurrean. Garrotez hilko dute. Traidore izateagatik, soldadu liberalen artean desertzio-sare erraldoia antolatzeagatik. Baina, zerbait gehiago ere leporatzen diote Joseri, are eta ikaragarriagoa den beste zerbait, benetan izugarria... Azken hilabeteetan Gasteizen hil diren 1.200etik gora soldadu ingelesen heriotzaren erruduna dela uste dute liberalek. Egia ote?
Mamiak kolektiboa
Mamiak kolektiboaren lehen ekoizpena da. Talde honetan diziplinartekotasuna da ardatz. Kasu honetan, kazetaritza performatikoa erabili du —modu aitzindarian, gainera— bere proposamena ikustarazteko. Zer da kazetaritza performatikoa? Ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzen dituen artefaktu kulturala da. Proposamenak Gasteizko historian ezezaguna bezain latza —eta agian horregatik bereziki baztertua— izan den gertaera samin bat aztertzen du. Hainbat mito eta legenda eraiki dira horren gainean. Ailegatu zaizkigun kroniketan ebidentzia zientifiko gutxi dago. Narrazio ofizialak oraingo "fake news" fenomenotik gertuago daudela esan liteke.