Antigone obra klasiko ezin garaikideagoa da eta ezinbestekoa zen haren oihartzunak euskaraz entzunaraztea.
Bertsio libre honek mendeetako gatazka ebatzigabeak oholtzaratzen ditu, begirada umoretsu bezain tragikoz.
Antzezlan hau, jendarteko arauak, familia kodeak, botere harremanak, egitura desegituratuak eta hauek guztiak kolokan jartzen dituzten pasioen salda odoltsua da.
Pertsonaia poliedriko eta indartsuz hezur mamitutako festa distiratsu bat.
Alaia Martin
Sinopsia
Antigone.
Anti: ezezkoa edo kontrakoa.
Gone: Malgua, moldagarria. Antigone: Moldaezina.
Kuriosoa, oso kuriosoa gertatzen da moldaezina izanda 2.500 urtetan garai guztietara gehien moldatu den obra dela jakitea. Antigone omen dugu antzerkiaren historian gehien taularatu den antzezlana, baina gure herri txiki honi eragin gutxi egin diola dirudi. Ez da sekula inoiz euskaraz taularatu izan. Gu ere moldaezinak izango ote gara? Horrelako prologo baten bitartez, Anouilh-ek Antigone hiltzera zihoan emakume bat bezala aurkezten zuen bere bertsioan. Zambranok, aldiz, profezia hitzarekin lotzen du Antigonaren presentzia. Gaur egun Zizek-ek, belardi trinkoaren erdian bakarrik agertzen den arroka mehe eta harro bat gisa irudikatzen du. Brecht eta Sofoklesek zuzenean ez dute prologorik idazten. Guk, beste batzuen hitzak bilduta, prologo arraro hau egin dugu. Dena esanda dagoela onartu, eta agian esanda eta idatzita dauden gauzak berriro entzun behar direlakoaren apologia eginez. Bestela, zertatarako obra klasiko batetik abiatu?
Fitxa artistikoa