Martxoaren 23ra arte egonen da ikusgai Gabriel Cocaren sorkuntza-prozesuaren inguruko Figural erakusketa Ziudadelako Bolborategian. Iruñeko artistak formaren inguruan eginiko azterketaren isla da erakusketa hori; 2024an BilboArten eginiko egonaldian egin zuen ikerketa, hainbat material eta teknika erabiliz.
Berrogeita hamar bat marrazki, collage eta pinturak osatzen dute Figuralerakusketa. Erakusketa-aretoa bi zatitan banatuta dago. Lehenengoak margolanaren aurreko ikerketa-fasea erakusten du. Hormetako batean, ikatz-ziriz eginiko 35 marrazki txikik mosaiko bat osatzen dute; beste batean, collagekin eginiko triptiko bat dago: collage bakoitza 100 x 70 cm-koa da, eta offset bidezko inprimaketa urdinen gainean paper zati zuriak jarrita eginak dira denak. Erakustokiaren bigarren zatian olio-margolan txikiak, ertainak eta handiak daude.
Ekoizpen prozesuan eginiko ibilbidea erakusteko muntatu dute horrela erakusketa. Margotzeko orduan forma berriak bilatzeko beharretik abiatuta, Cocak collagea baliatzen du, eta teknika horrek bide ematen dio azkar lan egiteko, paper zatiekin konbinazio probak egiteko eta irudiak sortzeko hainbat modu bilatzeko.
Marrazkia ere oso garrantzitsua da laneko prozesuan. Marrazki hauek bereziak dira: collageak egitean sobran geratu zaizkion paper zatiak erregelak balira bezala erabili ditu artista iruindarrak, eta horri esker, bestela irudikatu ezingo lituzkeen lerroak marraztu ditu. Espazioaz pentsatzeko metodo gisa erabiltzen du marrazkia, arreta jarri eta margolanetan behar dituen forma horiek aurkitzeko toki baten moduan.
Margolanetan islatuta dago collagearen eta marrazketaren bitartez forma berriak bilatzeko ahalegin hori. Aurkitutako formak kolore-masa handien bidez agertzen dira oihalean. Gabriel Cocak pinturaren materialtasuna nabarmendu nahi izan du marren bidez eta geruzak elkarri gainjartzearen bidez. Azken emaitza, kolore biziekin sortutako konposizio bat: kolore horiek irudi kontrajarrien bidez hartzen dute forma, eta irudi horiek tentsio moduko bat sortzen dute margolanean.
Artelan jakin batzuen azken emaitza erakusteaz gain, erakusketaren helburuetako bat da ikerketa-fasean sortutako materialaren zati handi bat ikusleen esku jartzea, ekoizpen artistikoaren prozesuari balioa emateko.