"Yoko oporretan"

  • "Yoko oporretan"
  • "Yoko oporretan"
  • "Yoko oporretan"
  • "Yoko oporretan"
  • "Yoko oporretan"
  • "Yoko oporretan"

Azkeneko urteotan Juanjo Elordi zuzendariak eta Edorta Barruetabeña idazleak landu duten filma da Yoko oporretan. Bigarren zati honetan, eta pertsonaia beraren telesailarekin eta Yoko eta bere lagunak (2015) filmarekin izandako arrakastaren ondoren, pertsonaiak banandu egingo dituzte opor batzuetan, ikus dezaten, hasieran beldur izan arren, gai direla errutinatik irten, esperientzia berriak bizi eta lagun berriak egiteko.

3 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago filma, eta adin horretako haurrek zineman duten lehenengo esperientzia gisa sortuta dago, aldez aurretik dagoeneko ezagutzen duten telesail batean oinarrituta baitago. 79 atal ditu telesail horrek, eta 20 herrialdetan baino gehiagotan ikus daiteke. Horretarako, honela landu dute istorioa gidoigileak eta zuzendariak: "Istorioak ziklo ez oso luze batean hasten eta amaitzen dira, elkarrekin lotzen dira, eta bidean konpontzen joaten dira, txikiek arreta manten dezaten laguntzeko", diote egileek. Familia osoa zinemara joatearen eta adin guztietako haurrak elkartu eta pantaila handiaz gozatzearen atsegingarritasuna aldarrikatzen dute.

Telesaileko berberak dira filmeko pertsonaiak. Yoko, pertsonaia iragarrezina, gainerakoak harritzen eta babesten saiatzen dena. Eta hiru umeak: Oto, Mai eta Vik, hiru nortasun oso ezberdin baina osagarri irudikatzen dituzten pertsonaiak eta, azkenean, beti elkar ondo ulertzen dutenak; jolasaren bitartez konpontzen dute sortzen zaien edozein arazo. Abentura honetan, gainera, beste hiru pertsonaia agertzen dira: Moko, Toko eta Izoko, Yoko bezala jenioak direnak, munduko beste parke batzuetakoak, eta haurrekin jolastuko direnak, haien irudimena piztuz.

Oraingo honetan ere, aire zabalean lagunartean jolastea sustatu eta irudimena eta abenturak bultzatzen dituen pertsonaia da Yoko.

SINOPSIA

Udako oporrak iritsi dira, eta, elkar ezagutu zutenetik lehen aldiz, lau lagunak banandu egingo dira. Mai, Oto eta Vik bidaian doaz, bakoitza bere familiarekin, munduko hainbat lekutara. Yoko bakarrik geratuko da parkean Mirentxurekin.

Zer egingo du Yoko gaixoak lagunik gabe? Eta hiru umeak izango al dira gai opor-lekuetan lagun berriak egiteko? Laurak daude urduri esperientzia berri honen aurrean, baina laster ohartuko dira, haurrak dauden lekuan, beti aurkituko dutela jolasteko gogoa.

Gainera, irudimenarekin jolastuz gero, eta Yokoren magiaren laguntzarekin, erraza da lagunen ondoan sentitzea, urrun egon arren.

YOKOREN ISTORIOA

Yokoren telesailak 12 minutuko 79 atal ditu; ETBn eta TVEn emititzen jarraitzen dute telesaila, ikusle kopurua handia baitu. Hilabete luzez egon da preschool rankingeko lehenengo hiruren artean.

Emisioek izan duten arrakasta dela eta, jostailuak eta bere merchandising propioa ere baditu Yokok Espainian eta Portugalen. Eta ez hori bakarrik, badaude pertsonaiaren bideojoko bat eta aplikazio bat ere, haurrak aire zabalean jolastera gonbidatzen dituztenak.

2015ean estreinatu zen lehenengo filma, Yoko eta bere lagunak; Goya sarietarako izendatu zuten, Animazioko Film Onenaren sarirako, eta Ikusleen Saria eskuratu zuen urte hartan bertan, Sevillako Jaialdian.

FITXA

  • Ekoiztetxeak: Dibulitoon Studio, Yoko Hiru AIE, Wizart Films (ETBren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin)
  • Zuzendaria: Juanjo Elordi
  • Gidoia: Edorta Barruetabeña
  • Musika: Michael Plowman, Ermolenko Arten
  • Arte zuzendaria: Ricardo Ramón
  • Animazio zuzendaria: Iñigo Berasategi
  • Zuzendari teknikoa: Juan Álvarez
  • Produkzio zuzendaria: Jone Landaluze
  • Banaketa: Barton Films
  • Iraupena: 61 minutu
  • Publikoa: 3 eta 7 urte bitarteko haurrak


Laburrean

  • Egileak Juanjo Elordi
  • HizkuntzaEuskara eta gaztelaniazko bertsioa
  • Estreinaldi-urtea2022
  • LizentziaCopyright
  • Info Gehiago