"Gorria"

  • "Gorria"

Gorria ez da bertsolaritzaren eta flamenkoaren arteko fusioa; ez gara elkarren moldeak imitatzen saiatuko, baizik eta nork geure diziplina modu malgu eta libreago batean pentsatzen, gorpuzten eta interpretatzen. Bertsolari baten eta bailaora baten arteko elkarrizketa prozesu baten emaitza da Gorria, esperimentazio gune bat; elementu estilistiko eta tematikoak trukatuta, estetika propio bat sortzeko saiakera (testuetan eta koreografietan bezainbat, jantzietan, musikan edota eszenografian erakutsi nahi genukeena). Ez dugu ezer berririk asmatu, bai zerbait oso geurea; intimista, intuitiboa, erraietakoa... Gorria. Jasotzeko prest dagoen edozein ikus-entzulerentzakoa.

Emanaldia

Hamar piezatan banaturiko ordubete inguruko obra da, behetik goranzko ibilbide bat; doinurik lurpekoenetatik hasi eta dantzagarrienetarainokoa, ilunpetatik argitarakoa. Atal batzuetan biok batera arituko gara, beste batzuetan banaka; batzuetan gitarraren edo perkusioaren laguntzaz (aldez aurretik grabatutako baseekin) eta beste batzuetan a cappella. Bide bertsua egingo dugu tematikoki ere bai; heriotzatik, isolamendutik edota indarkeriatik hasi eta ahizpatasunerainokoa, sedukziorainokoa, ospakizun kolektiborainokoa.

 

Fitxa artistikoa

  • Egileak: Miren Amuriza eta Askoa Etxebarrieta "La pulga"
  • Koreografia: Askoa Etxebarrieta
  • Zuzendaritza eszenikoa: Jon Chavez, Miren Amuriza, Askoa Etxebarrieta
  • Antzezleak: Miren Amuriza, Askoa Etxebarrieta
  • Ekoizpena: Lanku
  • Azpigeneroa: Dantza eta bertsoa
  • Iraupena: 60´
  • Formatua: 6/4/3,20

 

Gorria, bertsoa eta flamenkoa elkarrekin oholtzan (Kulturklik Berezia)

Lanku

Laburrean