Xabier Gantzarain: "Hoy en día tiene el mismo valor el video de un gato que una obra de Munch"

  • Xabier Gantzarain:
    Argazkia: Dani Blanco.
Argia

  • Fecha14 de Noviembre
  • Temática Artes visuales, Literatura

Idazlea eta arte kritikoa da, baina guztiaren aurretik, behatzailea. Ikusten duen horri irakurketa propio bat gaineratzen dion behatzaile fina. Artelanari ertzak adina erreferentzia ateratzeko gai dena, eta obrari beste begirada bat emango diona. Zuloa saiakera liburuan euskal arte garaikideko 23 obra aztertu ditu, eta haietatik abiatuta gogoeta berriak plazaratu

Astelehen goiza da; lasaitasun erabatekoa sumatzen da Oteizaren Frontoietan. Ez dago inor pasieran, ez dago ikuslerik. Haurrik ere ez pilotan jokatzen. Xabier Gantzarainentzat (Azkoitia, 1975), bere herrian kokaturiko obra eskultoriko erraldoia Jorge Oteizaren azken garaiko noraezaren erakusle da: “Ez dago argi Oteiza beraren proiektua ote zen, edo haren ideia batetik abiatuta beste batzuek egindako kontu bat. 90eko hamarkadan asko ugaldu ziren Oteizaren obrak hainbat herritan, udalek egindako eskariak ametituz. Bere figura erabiltzen zuten herriari beste oihartzun bat emateko. Hala ere, bada esaten duenik noraeza hori ez zela hain inkontzientea ere, nahita egin zuela hura guztia jendea nahasteko-edo. Angel Bados artistari entzun izan diot halakorik”. Nolanahi den, XX. mendeko figura handiena da Oteiza euskal artean Gantzarainentzat. Eta Oteizaren aipamenak zein izpiritua ere lehen kapitulutik azaltzen dira bere Zuloa (Elkar) saiakera liburuan.

Tene Mujika bekaren laguntzaz idatzitako liburu horretan 23 saio labur bildu ditu, bakoitza artelan batetik abiatuta idatzia, testuingurua erakutsiz, bizitzarekin lotuz, memoriarekin erkaketak eginez. Guztiek dute lotura bat, azken mende laurdeneko obrak izatea: Ibon Aranberri, Txomin Badiola, Asier Mendizabal, Itziar Okariz, Saioa Olmo, Bixente Ameztoi, Jose Luis Zumeta, Jose Ramon Amondarain… Gantzarainen asmoa izan da arteari buruzko testu estandarren ohiko abstrakzio eta epelkeriatik ateratzea. “Ezer ez da neutroa. Ezta testu deskriptibo hutsal samar horiek ere. Hitz joko tonto bat eginez ni saiatu naiz jarrera horretan zulo bat egiten, “nik beste era batera nahi dizut azaldu artelan hau” esateko.

Ibon Aranberriren Zuloa obrari eskainitako testuarekin hasten duzu liburua, eta diozu: “Ibon Aranberrik hil zuen Oteiza”. Baina hil al da liburuan aipatzen duzun “euskal jatorri jatorraren mitoa”?

Ez dut uste, jatorriaren mitoa asko gustatzen baitzaigu. Zerbaiti heldu egin behar zaio, eta beti agertzen da euskal jatorri jatorarren mitoa, gure imaginarioan oso errekurrentea dena: arbasoaren figura hori, kultura milenarioa, Europako hizkuntzarik zaharrena, eta hori guztia asko gustatzen zaigu, eta behin eta berriz agertzen da. Liburuan nabarmendu nahi nuen Ibon Aranberrik eta bere belaunaldiak beste garai baten berri eman nahi izan dutela, eta horretarako egin zuten Oteizaren belaunaldia, nolabait, hil. Zehaztu nahi dut Oteiza hil zutela, bai, baina bizirik mantentzeko. Egin zuten aurreko tradizioaren irakurketa bat, eten bat planteatuz, baina eten hori planteatzen da baita continuum bat marrazteko ere.

Oteizak ez al du jarraitzen oso bizirik; ia-ia itzal mugiezin izateraino?

Bai, eta jarraituko du izaten: Euskal Herrian, artean, XX. mendeko figurarik iportanteena ziur aski Oteiza da. Jarraituko du itzala izaten, jarraituko du eragina izaten, eta jarraituko du pisua izaten. Beste kontu bat da pisu hori aldatzen joango dela denborarekin. Txomin Badiolak egiten duenean Oteizaren katalogo arrazonatua esaten du: guk sortzen ditugu gure gurasoak. Alegia, belaunaldi bakoitzak egin beharko du irakurketa bat, bai Oteizarena, bai Badiolarena, bai Aranberrirena, eta beste guztiena. Nik uste dut hori dela kontua, ez dela hainbeste garrantzia kentzea edo albo batera uztea aurreko belaunaldia, baizik eta zer arrasto utzi duten fintzen joatea: iragazgailutik pasatzea eta esatea zer utzi duten, zer den baliagarria esatea.

Leer información completa en el sitio web de la fuente