Joxe Iriarte “Bikila”k Kamaradak izeneko nobela plazaratu du Txalaparta argitaletxearen eskutik, orain arte idatzi dituen liburuen artean 'literarioena'. Bertan lagunarte baten bilakaera ikusiko dugu batez ere 80 eta 90eko hamarkadetan, militantzia politikoaren argitzalak eta guztiaren oinarrian kamaraden arteko harremana
Saiakeran eta kronikan eman zenituen idazle gisa lehen urratsak, zientoka artikulu idatziko zenituen zure ibilbide politikoan, baina urteekin fikzio-literaturara gerturatzen joan zara. Zergatik?
Borrokaren gorrian (Txalaparta, 1999) autobiografia plazaratu nuenean norbaitek esan zidan bazuela hurbilketa bat literaturarekin, sumatzen zela idazteko ohitura. Egia da, idatzi idatzi dut nire bizitza militante guztian, hasi klandestiniaren garaiko zein demokrazia hasi osteko aldizkarietan artikulu ugari. Momentu batean saltoa egin nuen saiakera aldera, erdaraz plazaratutako Los obreros tiene patria? (Gakoa, 1991) anarekin. Momentu jakin batean pentsatu nuen zilegi zela literatura ere erabiltzea nire bizipenak, ideiak eta gustuko gauzak azaltzeko. Nahi baldin baduzu gauza batzuk azaldu ez da berdina Orereta herri borrokalariaren historia (Luis Elberdinekin batera, 1996) kronika liburuan idatzi nuen bezala egitea edo hemen Kamaradak honetan zenbait borroka agertzerakoan aukeratu dudan modua. Literaturan, nahiz eta oinarrituta egon esperientzia batean eta nahiz eta bilakaera historikoaren baitan zehatza izan behar duzun, imajinazioaren bitartez idazteko libreagoa sentitzen zara.
Iraultzen maratoia (Txalaparta, 2002) adibidez izan zen gauza xume bat, kantu epiko bat nire bi zaletasunari: kirola egiteari eta iraultza egiteari. Kirola osasuna lagun egiten dut, iraultza saiatu bai baina oraindik ez dut lortu burutzea (barreak), maratoiak egin ditut baina iraultza oraindik ez dut lortu egitea. Kasu horretan ere pasio bien uztarketan imajinazioak eman zidan bidea, literatura oso egokia da horretarako.
Beste aldetik ni oso zaletua naiz literaturarekiko, eta gainera ez naiz batere exijentea, irakurtzen dut denetarik: nobela beltza, zientzia fikzioa, drama, erotikoa... berdin zait, gustukoa baldin badut liburua eta harrapatzen banau denetik irakurtzen dut. Literaturaren aldetik, idazkeraren aldetik, erritmoaren aldetik... ez dakit maila ematen dudan ala ez, baina zer kontatua daukadala hori bai, argi daukat.
Ekainean bertan Oiartzungo irakurle taldeak antolatutako saio irekian behin eta berriz galdetzen zenien irakurleei ea zer nolako pertzepzioa zutn liburuko literatur elementuen inguruan, baina galdera gehienak liburuaren irakurketa politikoei buruzkoak ziren. Frustrazioa sortzen dizu horrek?
Bai, arrisku hori daukat. Titulua aukeratzerakoan ere beldur hori eduki nuen. Zirkunstantzia asko egon dira Kamaradak honetara iristeko, baina azken momentuan aukeratu nuenean pentsatu nuen: Kamaradak eta gainera Bikilak idatzia, jende askok irakurri gabe esango du 'ufa, txapa politikoa`. Baina gero alderantziz gertatu da, jendeak liburua irakurtzeaz gain esan dit tituluarekin bete betean asmatu dudala. Banuen beldurra egile politikoak literatur egileari gailentzea edo hura jatea, baina hori nire historiarekin doa eta segur aski ezingo dut inoiz guztiz gainditu.