24. urtemugan, Bonberenea proiektu autogestionatu egonkortua da, musikari eta musikazaleentzat erreferente, babes eta plataforma. Kontzertuak antolatzeaz haratago hedatzen du musikarekiko maitasuna: estudio propioa, zigilua, gauzak burujabe eta mimoz egiteko pasioa… Grina horrexen emaitza dira gaur arratsalde-gaueko taldeen azken diskoak. Zerbaiten parte gara, eta gaur zarata elkarrekin ateratzeko elkartuko gara.
Garai zailetan, desalojoaren kontra defendatu behar izan zenean, Bonberenea Sutan! erresistentzia-festibalak egin ziren. Garai zerri hauetan, etsipenaren kontra defendatzea tokatzen den honetan, Piromanoak Sutan! izango gara, oraindik ere jarraitzen dugula ospatzeko: sua lau haizetara zabalduko dugu. Urte askotarako!