Zinemaren alde ilunena gustukoa dutenek hitzordu garrantzitsua izango dute Nestor Basterretxea aretoan. Izan ere, Gorefest Bermeoko fantasiazko eta beldurrezko zinemaldia antolatuko da. Spookypheria Productions Elkarteak egiten duen eta Bermeoko Udalaren Gazteria Sailak babesten duen zinema jaialdiak 19. edizioa ospatuko du eta, aurtengoan, metraje laburreko hamabi film eta film luze bat proiektatuko dira.
Aurreko edizioetan bezala, terrorearekin, gorearekin, suspensearekin eta umore onarekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diran lagun guztiek. Sarreraren prezioa 4 eurokoa izango da eta Nestor Basterretxea aretoko txarteldegian salduko dira, egunean bertan. Urtero bezala, metraje laburreko filmen emanaldiarekin emango zaio hasiera Gorefest zinema jaialdiari, 20:30ean. Ondoren, 23:00ak aldera, 'Verano del 84' izeneko film luzea ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Gainera, animazio aktoreek ere parte hartuko dute Bermeoko kaleetan 19:00etatik aurrera.