Euskal kultur erakundeak (EKE) helburu nagusitzat dauka euskal kulturaren garapenaren eta hedaduraren sostengatzea.
EKE 1990. urtean sortu da, Iparraldeko kultura elkarteek bultzaturik, orduko erakunde publikoek lagundurik, hala nola Estatua, Akitaniako kontseilua (gaur egun Akitania-Berria eskualdea bilakatu dena), Pirinio-Atlantikoetako kontseilua, eta euskal kulturaren aldeko Herrien Sindikata (desagertu dena Euskal Hirigune elkargoa sortzearekin).
Sortu denetik Uztaritzen dauka bere egoitza Euskal kultur erakundeak, Lota Jauregian.
Lan egiten du euskal kulturaren zaintzeko, helarazteko eta hedatzeko. Ildo horretatik, sorkuntzaren aldeko ekimenak suspertzen ditu bereziki.
Bere barne araudiekin bat eginez lehentasuna ematen dio euskaraz ekoizten eta bizi den kulturari.
Euskal kulturaren baliabide iturri bezala ezagutua da eta mugazgaindiko harremanetan leku berezia dauka, besteak beste Eusko Jaurlaritzarekin duen partaidetzari esker.
Eginbeharretan, ikusgarrigintzan, literaturan, ondarean edo entzun-ikus sailean ari diren kultura elkarteak laguntzen ditu, edo haiekilako arartekolaritza egiten.
Gaur egun, anitz kultura edo artista elkarte Euskal kultur erakundearen kide dira.
Bere talde profesionalaren lanean bermatuz Euskal kultur erakundea kultura ekintzetan eragile da ere. Garatzen ditu ekimenak eta programak, bai tokiko, bai kanpoko elkarte eta erakundeekin batera.