Heltzear da adimen artifizialak gizateria menderatuko duen eguna, nortasun indibiduala galtzearekin batera. Horren aurrean, Javi Free artistak bere musika euskarri analogikoetan entzutea proposatzen digu, itzalaldi handiaren ondoren.
Klaustro Sounds ekimenean estreinatuko da Javi Free buru duen Kyoko abentura berria. Gitarran Roberto Nieves (Entropía) eta baterian Guille Colas (The Soulbreaker Company) lagun dituela, Human Futility Vs. Cyberlife izeneko trilogiaren lehenengo atala eskainiko digute: melodia instrumentalak, NASAren kontrol-zentroko grabazioekin nahastuak —tripulazio espazial batekin izandako komunikazioak—. Hala, teklatu adimendunez eta giro lisergikoez osatutako unibertso akustikora eramango gaituzte.
Ate-irekiera, 18:30ean.
Ordurako iristea eskatzen da, gainerako ikusentzuleekiko eta artistekiko errespetuagatik. Beraz, ezin izango da aretoan sartu behin ikuskizuna hasita. Era berean, ez da baimenduko janariarekin edo edariarekin esparrura sartzea.
Javi Free (Santander) teklista ezaguna da, ibilbide luzea urratu baitu The Soulbreaker Company eta The FreeTangas taldeetan. Hainbat talderekin elkarlanean aritzen da. Diziplina anitzeko artista honek arrastoa utzi du hainbat jaialditan, hala nola Azkena Rock, En Vivo Festival eta Viñarocken. Bira handiak egin ditu: 2010ean The Freetangas taldearekin Japonian jo zuen, esaterako. Londresen, Chicagon eta Kalifornian grabatu izan du, eta hainbat proiektu diskografikotan parte hartu du.