Bilbao 2025(e)ko maiatzaren 24(e)tik 2025(e)ko maiatzaren 25(e)ra
Erromantizismotik urrun, betierekotzat jotzen ditugun pasioetatik ihes eginda, bihotza bere zaurien eraginpean geratzen da, bizitza deitzen dugun horren orbainen mapa hau itxuratzen duten zaurien eraginpean. Min hori ez da beti ederra, eta bortitza, arrunta eta irrigarria izan daiteke. Min horrek geziak noraezean bidaltzen dituzten jainko apetatsuen itxura hartzen du, eta gezi horiek ustekabean harrapatzen gaituzte, heriotzak berak bezala.
Maitasuna eta berorren ifrentzua, haustura, desioaren eta errealitatearen arteko urraketa, izan zitekeena eta izan ez zena, galdutako trenak, gure bakardadean hondoratzea, alkoholaren babesa, depresioa, antsiolitikoak… eta, azkenik, nostalgia, egiara gehien hurbiltzen gaituena; alegia, ogibidez idazten ez dugun eta mina tinta bihurtzen den eta aktorearen haragitik ateratzen den leku hartara.
Obra honek umorez eta malenkoniaz begiratzen dio bihotzeko iluntasunari, mina eder bihurtuko duen zerbaiten bila denok noiz edo noiz galzorira eraman gaituen horri. Artea da kauterizatzaile bakarra. Kabiaren, l’Enjoliten eta Eusebio Calongeren aliantza honetan bilatzen duguna; antzerki funtsezko eta poetiko baten inguruan bildutako hiru puntu kardinal dira, bere lehen El Alimento de las Moscas lanean agerian utzi zutenez.
Fitxa artistikoa:
Testua: Eusebio Calonge
Zuzendaritza eta espazio eszenikoa: Borja Ruiz
Antzezlea: Arnau Marín
Soinu-espazioa: Roger Marín
Abestia (off ahotsa): Yolanda Bustillo
Zuzendariaren laguntzailea: Núria Serra Pareras
Argiztapenaren diseinua: David Alcorta (AAI)
Jantzien diseinua: Azegiñe Urigoitia
Produkzioa: Kabia Teatro, Teatre de l’Enjólit
Laguntzaileak: Arriaga Antzokia eta Trànsit Projectes