Testamendu Zaharrean sugeak Ebari esandakoa izenburutzat hartuta idatzi zuen Irati Jimenezek Begiak zabalduko zaizkizue, eta Euskadi Saria irabazi zuen saiakera horretarako egindako ikerketa lanaren ondorio da Euskal literaturaren historia sobrenatural bat (Elkar, 2021). Ordu bete eskas irauten duen ikuskizun honetan, bideo-lanen eta musikaren laguntzarekin eta mendez-mende idatzitako testuen bidez, euskal literaturaren errepaso historiko guztiz ezohikoa egiten du Jimenezek, gure literaturari buruz ditugun ia aurreritzi guztiak irauliz eta abadeen literatura kontsideratu duguna uste baino askoz ederragoa, liluragarriagoa eta interesgarriagoa dela frogatzeko asmoz. Euskal literaturaren ozeano ilunean ontziratzera gonbidatzen ditu Jimenezek ikusleak, eta bere gaitasun sobrenaturalak eta bere misterio klandestinoak ezagutzera deitzen ditu, literaturaren edertasunaren korronte hordigarrian murgildu eta bere botere iraungiezinan aurrean errenditu daitezen.
Poetak Maiatzean | Hunkitu Arte Elkarteak Poetak Maiatzean/Poetak Maiatzean Nazioarteko Poesia Jaialdia antolatzen du 2012tik, Elisa Rueda poetak sortu eta zuzentzen du, poesiaren irakurketa, idazketa eta maitasuna zabaltzeko eta ilusioz beteriko gizarte-ehunaren arteko lotura sortzeko asmoz. Helburu horrekin, ahalegin handia egiten da poesia gizarte osora hurbiltzeko: gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonak, haurrak eta gazteak, adinekoak, merkatariak, ikasleak eta unibertsitarioak, besteak beste.