«Zure suaren garrek indarrean jarraitzen dute eta ikasi dugu, badago beste modu bat, naturan libre gara, efimero, eta gure irudimenean dagoena, existitzen da. Alkizan elkartuko gara. Eskerrik asko». Hitz horiekin amaitzen da lagunek Koldobika Jauregiri idatzitako eskertza-gutuna, eta gutun horrek zabaltzen du artista alkizarrari eskainitako erakusketaren katalogoa.
Eskultura, pintura, argazkigintza... arte-diziplina anitzetako hogeitik gora artelan biltzen ditu bihartik aurrera bi hilabete pasatxoz ikusgai izango den Bizitza efimeroa erakusketa kolektiboak. Orotara, Jauregi beraz gain, beste 22 artistaren lanak ikusi ahal izango dira Aranburu Jauregian, eta horien artean daude Iñaki Epelde, Jose Luis Longaron eta Anjel Navas tolosarren lanak.
Jauregik berak Elena Cajaravillerekin batera sortutako Ur Mara museoak eta Alkizako Udalak herriko beste zenbait eragilerekin elkarlanean artistaren heriotzaren testuinguruan antolatutako ekitaldien artean kokatzen da erakusketa. Orain arte, Alkiza eta Zarautzen izan da ikusgai, eta ekainaren 7ra arte Tolosan izango da. Bihar, hilak 29, izango da inaugurazioa, 19:30ean, eta bertan izango dira Jauregiren senide eta lagunak.
Koldobika Jauregi Zinkunegi (Alkiza, Gipuzkoa, 1959-2024) euskal eskultore autodidakta izan zen. Bere ibilbidea 1978an gazteen lehiaketa bat irabazi ondoren hasi zen. 1990ean Eduardo Txillidaren Zabalaga beka jaso zuen eta Insel Hombroich Museoan bost urteko egonaldia egin zuen artista gonbidatu gisa (1996-2001). Alkizako Ur Mara museoa sortu zuen Elena Cajaravillerekin batera, artea eta natura uztartuz. Bere lana Guggenheim Bilbao Museoan eta nazioarteko hainbat museotan erakutsi zen.
Informazio praktikoa
Izenburua: Bizitza efimeroa
Datak: 2025eko apirilaren 29tik ekainaren 7ra
Lekua: Aranburu Jauregia
Ordutegia: Asteartetik larunbatera, 17:30-20:30
Artistak: Jose Ramon Anda, Eduardo Arresigor, Xabier Artola, Isabel Azkarate, Eider Baile, Virginia Bosch, Elena Cajaraville, Natalia Cambronero, Juan Txillida, Detritus, Iñaki Epelde, Gerezi Jauregi, Koldobika Jauregi, Pablo Juarros, Keixeta, Uxue Lasa, Mikel Lertxundi, Jose Luis Longaron, Anjel Navas, Iñaki Ruiz de Egino, Barbara Stammel, Jose Luis Zumeta, Pablo Zurriarain.