Amurrioko Artzain Eguna 2025: egitaraua

Ordizia 2025(e)ko Apirilak 23
  • Amurrioko Artzain Eguna 2025: egitaraua

Apirilaren 23an, asteazkena, ospatuko da Ordizian Artzain Eguna. “Egutegian berezitako eguna da Artzain Eguna, egun handia, zalantzarik gabe. Urteroko legez, asteazkeneroko azokaren altzoan ospatuko dugun urteko lehen azoka berezia eta Artzain Eguna. Transhumantzia irudikatu eta artzainen lana balioan jartzeko asmoz, artaldeek herrigunea igaroko dute eta Idiazabal Gazta Berriaren aurkezpena ere egingo dugu Udaletxeko Batzar Aretoan. Aurten, Dimako Garena Julen Baz eta Peli Perez de Anuzitak moztuko dute gazta, eta ETB2ko “Vascos por el Mundo” programa izango da Idiazabal Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzailearen omenaldia jasoko dutena.

Artzainak eta gazta izango dira protagonista Ordiziako Udalak, ELE Gipuzkoa ardi-latxa elkartea, Lurgintza, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin batera antolatzen duen egun handi honetan.  

Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak azaldu duenez, “Artzain Eguna urteko lehen azoka berezia da Ordizian, eta inauterien ostean udaberriaren  etorreraren seinalerik garbiena da”. Artzain Egunak, gainera, “gure herria eta azoka zuzenean lotzen ditu hainbeste zor dion Idiazabal Gaztarekin. Artzainik gabe ez genuke gaztarik, baina esnerik gabe ere ez. Horregatik eguneko benetako protagonista latxa ardia izango da beste behin, azoka instant batez geratu, eta artaldeek Ordiziako kale Nagusia zeharkatuko baitute, gu guztioi Aralar edo Aizkorri mendilerroetara laster igoko direla adierazteko”. Azken batean, “gure nortasun eta tradizioarekin uztartuko gaituzte urtero berritzen dugun errituaren bitartez, eta erakutsiko digute, Idiazabal Gazta bat dastatzen dugun bakoitzean, ahora geure lurralde, historia, natura eta ondarearen zati bat daramagula, eta ziurrenik, horregatik egiten digula garunak eztanda”.

Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatuak ere parte hartu du aurkezpenean. Bere hitzetan, “pertsona batek Gipuzkoaren esentzia ezagutu nahi badu, apirilaren 23an Ordiziara bisita egin behar du nahitaez. Hemen lehen sektoreak eta turismoak, eskua emanda, Idiazabal gaztaren inguruan eratutako unibertsoa ezagutzeko aukeraz gozatu ahal izango du. Produktu hau gure gastronomiaren eta gure erakargarri turistiko nagusietako bat izateaz gain, ehunka familiarentzako enplegu- eta aberastasun-iturria ere bada, gaztagintzaren industria eta horren inguruan sortzen den turismo-jarduera guztia elikatzen baitu”.Ardi eta aharien erakusketa-lehiaketa

Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 20 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa egingo da, baita ELE elkarteko bildotsen erakusketa eta ardien errape erakusketa-lehiaketa ere. Bertan, 200 abelburu inguru  izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsua, bai kalitatez eta baita kopuruz ere.

Bi   motako animaliak izango dira erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.  

Garagartza Plazan mamia egingo da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki.  Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izango dira. Esaterako, ardi-jeztea eta eguerdi partean ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.

Haurrentzako jolasak

Aurten, gainera, ‘Artzainen Herri Kirolak’ jolasak eskainiko dira Nikolas Lekuona Plazan, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Transhumantzia birgogoratuz

Goizeko 11.00ak aldera, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibiliko dira 1.500 ardi inguru, 5 artaldetan banatuta. Modu honetan antzinatik egin izan den eta denbora berriek zailtzen duten menditik haranerako eta alderantzizko desplazamendua gogoratuz, askok oinez eta errepidetatik egin behar izaten dutena.  Maiatzaren lehenengotik aurrera egin ahal izango dute mendiko larreetara buelta.

Julen Baz eta Peli Perez de Anuzita eta “Vascos por el Mundo”

11:15ean, Ordiziako Udaletxeko Batzar aretoan,  Bizkaiako Dimako Garena Jatetxeko Julen Baz eta Peli Perez de Anuzita sukaldariek gazta berria ebakiko dute.  Baina, aldez aurretik, ETB2ko “Vascos por el Mundo” programak jasoko du aurtengo omenaldia, produktua mundu osoan dauden Euskal Herritarrei gerturatu eta bere sustapenean egiten duten lanagatik.

Ekitaldi honetan  Idiazabal gaztaren erregulartasun-kalitate sariak ere banatuko zaizkie Nafarroako Egozkueko  Marta Perez Loperena Artzainari, artzain gaztaren kategorian eta gaztandegien kategorian Idiazabalgo Goiburu  gaztandegiak jasoko du saria.

Ohitura den moduan, goiz guztian zehar  Garagartza Plazan 40 Euskolabel arkume burruntzian prestatuko ditu Karlos Ibarrondok. 11.30etatik aurrera arkume pintxoak salgai jarriko dira eta bildutako dirua ASPANOGIrentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izango da.

EGITARAUA

  • Azoka berezia goizean zehar
  • 9:00- Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa Garagartza plazan.
  • Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzi eran erreketa Garagartza Plazan.
  • 10:00-14:00 Nikolas Lekuona Plazan: haurrentzat “Artzainen herri kirolak” jolasak. Ingurune horretan Artzain Gazta Elkarteko artzain eta Idiazabal Gazta ekoizleen salmenta postuak kokatuko dira.
  • 11:00- Artaldeak igaroko dira gune Historikoan barrena.
  • 11:15- Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, Udaletxeko Batzar aretoan. Dimako Garena Jatetxeko Julen Baz eta Peli Perez de Anuzitak moztuko dute Idiazabal gazta berria.
  • Horren aurretik “Vascos por el Mundo” programa omenduko  da, eta gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak emango dira.
  • 11:30- Mamia egitearen erakustaldia Garagartza plazan.
  • 11:30- Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, ASPANOGIren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen, alde.
  • 12:15- Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.

*Goizean asteroko ohiko feria egingo da, gazta-salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak ere jarriko dira. Trikitilariek eta dultzaina-joleek alaituko dute herria.

ordizia.eus/

Laburrean

  • Mota Jaiak
  • Data 2025(e)ko Apirilak 23
  • LekuaOrdizia
  • Ikusi agenda Ordizia

Non