Eduardo Zamacois XIX. mendearen erdialdean nabarmendu zen nazioarteko panorama artistikoan. Parisen trebatu zen, Frantziako Bigarren Inperioko (1852-1870) pintorerik garrantzitsuena izan zen Ernest Meissonierren babespean. Bere trebetasun bikainari eta akabera perfekzionistari esker, nazioarteko eliteek asko balioetsi zituzten haren lanak. Dumas eta Verdi literaturan eta musikan gailentzen ziren bitartean, Zamacois eta beste artista batzuk nabarmendu ziren, XVII. eta XVIII. mendeetako ezpatari, bufoi eta gortesauen pinturekin. Burgesiak Atlantikoaren bi aldeetan izan zuen goraldiaren ondorioz, Parisko aretoetan gailendu zen, eta arrakasta komertzial handia izan zuen, batez ere New Yorken, hango familia ospetsuek —hala nola Astor, Rockefeller eta Vanderbiltek— Zamacoisen lanak erosi baitzituzten beren bilduma ospetsuetarako. Hala ere, gero abangoardiako mugimenduak azaldu ziren, hala nola Inpresionismoa, eta gazte-gazte hil zen, 29 urterekin, jaioterrian bere obra aski ezaguna ez zela. Ondorioz, bere izena itzali, eta bere artea pixkanaka ahaztuta geratu zen XX. mendearen hasieran.