NAKAR postpunk elektronika proiektu berri bat da, hainbat proiektutan ibili diren artistekin osatua, bide berrien bila. Proiektuaren abiapuntua Lasarteko Pogrom synth-punk taldearen kontzertua izan zen. Hor elkartu ziren Jone Laspiur aktore eta abeslaria (Koban, Nogen) eta Xalba Ramirez (Raitx, Koban, Physis Versus Nomos), eta proiektu berri bat abiatzea erabaki zuten Andoni Olaetxearekin (Pelax, Zozo, Burrundaria...) eta Jokin Azpiazurekin (OLOR, Occhi di Farfalla, PAM...).
Elektronika eta soinu berriak ardatz, esperimentazioa bilatuko dute punk, techno, spoken word eta doinu ilunekin, garai ilunetarako ezin aproposagoak. Lehen kontzertuak prestatzen ari dira orain.
1977an Eibarren jaioa, Maite Arroitajauregi Biolontxeloan lizentziatua da Gasteizko Goi Mailako Kontserbatorioan eta Viola de Gambako erdi-mailakoan ere Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan. Anari, Lisabö eta Xabier Montoia bezalako taldeen parte izan ostean, 2009an Mursego sortu zuen, bere bakarkako proiektua. Izen horrekin, hainbat disko argitaratu ditu, non abangoardia, folklorea eta musika klasikoa hibridatzen dituen bere hizkuntza musikal propioa zehazten joan den, eta ondorioz, 200 kontzertu baino gehiago eman ditu Paristik Erromarainoko agertokietan.
Dantza eta antzerki munduarekin noizbehinka egindako kolaborazioetatik haratago, ibilbide emankorra hasi zuen ikus-entzunezkoen munduan hainbat film laburrei musika emanez, besteak beste, “El rito”, “2012” eta “Herencia de Isaki Lakuesta” edo Aritz Morenoren “Colera”, edo “Invisible” (Victor Iriarte) eta “Emak Bakia” (Oskar Alegría) film luzeen soinu banda konposatu zuen, azken hau 2012ko Zinemaldiko Zabaltegi sailean aurkeztuz. 2015ean, Javi Pezekin batera, Asier Altunaren “Amama”-ren soinu-banda osatu zuen, Zinemaldiko sail ofizialean ere aurkeztua eta horrekin Montpellierreko zinema-jaialdian musika onenaren saria irabazi zuten gero. Zinema musikan beste murgiltze baten ondoren, Fernando Francoren “Morir” soinu bandaren ardurapean, 2018an Myriam Perez Cazabonen “Mutu” performance piezaren musika konposatu zuen.
Azken urteotan, dagoeneko zinemarako musika konposatzera dedikatua, besteak beste, Fermín Muguruzaren “Black is Beltza: Ainhoa” (2022) eta Fernando Francoren “The Rite of Spring” (2022) pelikulen musika sinatu du. Bereziki emankorra izan da Aránzazu Calleja bilbotarrarekin osatutako bikote artistikoa, harekin konposatu baitzituen Paul Urkijoren “Akelarre” (2020), Pablo Agüeroren eta Iratiren soinu-bandak. Lehenengoari Goya Saria eta Jatorrizko Musika onenaren Platino Saria irabazi dituzte, eta bigarrenerako, abesti onenaren eta jatorrizko musika onenaren kategorietan izendatuak izan dira.