Montehermoso kulturuneak eta EHUren Arte Ederren Fakultateak lau proiektu aukeratu dituzte ikasleentzako deialdiaren azken edizioan. Gasteizko Udalak eta Arte Ederren Fakultateak sorkuntzaren alorreko azken joerei zabalkundea emateko sinatu zuten hitzarmenaren barruan kokatzen da deialdia.
Hautatutako proiektuak erakusketa programan txertatuz, Montehermoso kulturuneak profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileen lanak ikustarazten laguntzen du, eta lanerako plataforma eskaintzen die haiei mundu profesionalera hurbiltzeko, eta bide batez sortzaileek eta gizarteak lotura zuzena egiten dute elkarren artean.
Antton Goikoetxea Ayastuy artista bizkaitarraren proiektuak digitalaren eta fisikoaren artean ibiltzen dira, 3D modeloen bidez materialaren eta ez-materialaren arteko loturak ezarriz, mundu errealeko elementuak gehituz.
Artista Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Irakasleen Prestakuntzako Masterra egin zuen. 2021era arte hezitzaile aritu zen Artiumen, eta denbora horretan hezkuntza eta musika uztartu zituen, hainbat proiektutan lan eginez. Gainera, tailerrak eman ditu hainbat arte-esparrutan, eta 3D diseinatzaile gisa egin du lan. Gaur egun, Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterra egiten ari da, eta Arte eta Teknologia irakaslea da EHUko Arte Ederren Fakultatean.
Aldi berean, 2023az geroztik, eskultura digitalaren eta tradizionalaren arteko erlazioan oinarritutako proiektu artistiko bat ari da garatzen, Tabakalera eta Bilbaoarte zentroetan egonaldiak eginez, eta hainbat erakusketa kolektibo eta indibidualetan ere parte hartzen ari da.