"Monstrorum historia", Joan Fontcubertaren erakusketa

Donostia / San Sebastián 2025(e)ko martxoaren 21(e)tik 2025(e)ko ekainaren 29(e)ra
  • "Monstrorum historia", Joan Fontcubertaren erakusketa

Munstrotasuna izan du ardatz Joan Fontcubertak (Bartzelona, 1955), egitura artistiko poliedriko eta zabalaren osaeran. Eta egitura horretan landu ditu naturaren, teknologiaren, argazkigintzaren eta egiaren arteko gatazkak. Sonia Berger izan da erakusketaren komisarioa, eta Ulisse Aldrovandi (1522-1605) italiar naturalistaren opus magna ospetsutik (1642an argitaratua) hartu du Monstrorum historia izenburua. 

Sonia Bergerrek Joan Fontcubertaren lau argazki-sail hautatu ditu bere proposamenean mundu naturalaren inguruko narrazioak azaltzeko (botanika, zoologia, paleontologia). Guztiak dira aitzakiak «fontcubertiar» egitasmoaren oinarria adierazteko: argazkilaritzaren naturara (izatera) eramaten gaituen naturaren argazkia.

  • Fauna saila (1985-89) aurkikuntza ikusgarri baten emaitza da: Peter Ameisenhauhen naturalistaren artxibo harrigarria, Joan Fontcuberta eta Pere Formiguerak Eskozian egindako oporraldi batzuetan ezustean aurkitua. Bildutako materialak, beheko solairuan sakabanatuta, «bitxikerien kabinete bat» (Wunderkammer) gogorarazten digu: argazkiak, landa-marrazkiak, mapak, eskuz idatzitako oharrak, hotsen erregistroak eta disekatutako animaliak. 
  • What Darwin Missed (2023-24) sailean Espezieen jatorria lanaren egileari egiten zaio erreferentzia. Beagle ontziaren espedizio ospetsuan, Darwin hiru astez egon zen Galapago uharteetan (1835), eta han hasi zen koralen laginak jasotzen; laguntza handikoak izan zituen haiek bere teoriak osatzeko. Handik bi mendera, Joan Fontcuberta Galapago uharteetara joan zen, Darwinek aipatu ez zituen koralei argazkiak egitera, esate baterako Cryptocnidariari, orain dela gutxi aurkitua. 
  • Herbarium (1982-85): forma bitxiko espezie begetalen atlas baten modura aurkeztua. Gerra arteko abangoardia historikoaren aldian Alemaniar Objektibitate Berriaren ordezkari izan zen Karl Blossfeldten lanari egiten zaio omenaldia. Horren aurrez aurre, eHerbarium (2023-24) sailean Herbariumeko irudi klasikoak ikuskatze sortzaileko sistema algoritmikoen bitartez berregin dira, halako eran non iruditeria naturala espekulazio teknologikoaren bitartez inplementatua ageri den. 
  • HeghDI' vem ghaH, tu'lu' Dinosaur (2021-23) proiektuan, Fontcubertak Star Trek sagari lotutako zientzia-fikziozko istorio bat erakusten du, zehaztasun handiz: dinosauroak, hasieran, klingon arrazaren konpainiako animaliak ziren. Arraza hark gizakien kontra jardun zuen borrokan, galaxiak mendean hartzeko helburuarekin. 


Joan Fontcubertak (Bartzelona, 1955) askotariko jarduera egin du sortzaile gisa argazkilaritzaren esparruan, baina baita irakasle, kritikari, erakusketen komisario eta historiagile gisa ere. Hainbat liburu eta saiakera argitaratu ditu, besteak beste: 
El beso de Judas. Fotografía y verdad, 1997, La cámara de Pandora, 2010, La furia de las imágenes, 2016 eta Desbordar el espejo, 2024. 

Fortcubertaren sorkuntza-lana naturaren, teknologiaren, argazkigintzaren eta egiaren arteko gatazkez arduratzen da, eta hainbat argitalpen monografiko eta erakusketa pertsonal egin ditu mundu osoko erakundetan. 

Besteak beste, 1998an Argazkilaritzako Sari Nazionala jaso zuen, 2013an Hasselblad saria eta 2022an Paris VIII Unibertsitateko Honoris Causa doktorearen titulua. 

Gida liburua


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2025(e)ko martxoaren 21(e)tik 2025(e)ko ekainaren 29(e)ra
  • Ordutegia12:00-14:00 eta 16:00-20:00
  • LekuaKutxa Fundazioa Artegunea
    Mandasko Dukearen pasealekua, 52 (Tabakalera)
    Donostia / San Sebastián
    Web
  • ZenbatekoaDoan
  • Ikusi agenda Kutxa Fundazioa Artegunea, Donostia / San Sebastián

Non